Aburto: «Etxe turistikoak mugatzeko garaia iritsi da»

Bilboko alkateak esan du ez dela erraza gaur egun legez dauden etxe turistikoak merkatutik ateratzea, baina prest dagoela baimen eskaera berrien baldintzak zorrozteko.

Bilboko etxebizitza turistikoak. VT plaka alde zaharrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko etxebizitza turistikoak. VT plaka alde zaharrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 13a
09:25
Entzun

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen ustez, Bizkaiko hiriburuan nahikoa etxe turistiko dago jada, eta eskaera berrien baldintzak «zorrozteko» prest dago. Sinetsita dago etxe turistikoak «mugatzeko» garaia iritsi dela, baina argitu du ez dela «erraza» dagoeneko baimena jasoa dutenak merkatutik ateratzea. Era berean, zehaztu du mugak ezartzearen aurkako jarrerak sumatzen ari dela, eta presio horiek eragina izan dutela. Hala ere, garbi utzi nahi izan du berarentzat turismoa ez dela arazo, baizik «garapen ekonomikorako bide».

Bilboko alkatea luze eta zabal mintzatu da etxebizitzaz Euskadi Irratiari emaniko elkarrizketa batean. Etxe turistikoei buruzko iritzia emateaz gain, salerosketa merkatuaren ingurukoa ere plazaratu du, eta esan du etxebizitza politikarik onena «gazteei soldata duinak eskaintzea dela». Zehaztu du ez zela enpresariei bakarrik bidalitako mezua, baita erakunde publikoei ere, haiek ahalmena baitute kontratu publikoak idaztean langileentzako baldintza hobeak eskatzeko. Bere udalaren kontratu publikoen inguruan galdetuta, erantzun du beti izan dutela baldintza onak eskatzearen aldeko politika.

«Hurrengo asteetan jasoko dugu Bilbo tentsio gune handi izendatzeko txostena. Oraindik ezin dut zehaztu hiri osoa izendatuko dugun edo auzo jakin batzuk bakarrik»

JUAN MARI ABURTOBilboko alkatea

Aburtok gehitu du Bilbon ahalik eta zoru libre gehien ari direla bideratzen eraikuntzarako, eta nabarmendu du hiriaren orube huts-eraikuntza ratioa ona dela, eta etxebizitza berri gabeziaren arazoa Bizkaiko beste gune batzuetan dagoela. Hala ere, argitu du ezin dela miraririk egin: «Etxebizitzaren arazoa ezin da urte batetik bestera konpondu».

Bilbo etxebizitza tentsio gune bilakatzeko prozesua abian du udalak, baina azaldu du oraindik ez duela jaso eskaera hori ahalbidetuko duen txostena. «Hurrengo asteetarako» espero du, eta hura jaso arte ezin du aurreratu Bilbo osoa edo auzo jakin batzuk bakarrik izendatuko dituen tentsio handiko gune. Alde horretatik, gehitu du alokairuei muga jartzea mesedegarria izan daitekeela.

Terrazen auzia, mahai gainean

Solasaldian, Bilbon azken asteetan albiste izan diren beste hainbat jai jorratu ditu. Esaterako, nabarmendu du taberna eta jatetxeen terrazen inguruko udal ordenantza oraindik aurreproiektu bat dela, eta ostalariekin hitz egiten ari direla. «Ordu erdi lehenago ixteko eskatu diegu, ez da hainbesterako. Ez gaude akordiotik hain urrun», esan du, baikor. Halaber, argitu du herritar askoren kexak jaso dituztelako proposatu dutela aldaketa hori.

Juan Mari Aburto
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, BAT dorrean eginiko agerraldi batean. BERRIA

Autoentzako isuri gutxiko eremuaz ere mintzatu da, eta esan du gaur-gaurkoz bere pentsamenduetan ez dagoela eremua beste auzo batzuetara irekitzea. Gaur egun hiriaren erdi aldean bakarrik aplikatzen da, eta, haren ustez, ez die buruhauste handirik sortu herritarrei. Dena den, ez du argitu zenbat isun jarri diren hura urratzeagatik. 

Adingabeen garraio publikoa dohainik izatearen eskubidearen inguruan ere hitz egin du, eta aipatu du udalaren asmoa dela uztailetik abendura arte 14 urteraino igotzea. Azkenik, eta garraio publikoarekin jarraituz, zehaztu du Artxandako funikularreko lanek gutxienez beste bi hilabete beharko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.