Otsailaren 11n iragarri zuten epaiketa bat egingo zela Jose ManzanedaCubainformación hedabideko kazetariaren kontra: irainak eta gorroto delituak leporatu zizkioten erreportaje batengatik. Sei urteko espetxe zigorra eta 70.000 euroko isuna ezar ziezazkioketen, epaileak erruduntzat joz gero. Dena den, absolbitu egin dute Manzaneda kazetaria, baita Euskadi Cuba elkartea ere —Cubainformación hedabidearen web domeinuaren jabea da, eta Manzanedak hartan argitaratu zuen salatutako artikulua—.
2020an, Manzanedak erreportaje bat idatzi zuen Ameriketako Estatu Batuek Kubaren aurka ezarritako blokeo ekonomikoaren inguruan, eta Javier Larrondok, hau da, Espainiako Prisoners Defenders elkarte anticastristaren presidenteak honakoak egotzi zizkion kazetariari: kalumniak, irainak eta gorroto delituak.
Madrilgo Zigor Epaitegiko epaileak zehaztu du artikuluan Larrondori «gerrako kriminal» deitzean Manzanedak ez duela esapide hori «adiera literalean» erabiltzen, eta uler daitekeela zentzu metaforikoan eta adierazpen askatasunaren barruan. Are, epaian, Javier Larrondo salatzailea kostuen parte bat ordaintzera kondenatzen du, «ausarkeriatzat» baitauka pertsona juridiko bati delitu batzuk leporatzea.
Epaiketa izango zela jakin zenean jada, Manzaneda ziur zen salaketa ezerezean geratuko zela, baina adierazi zuen Madrilen epaitua izateak dirutza gastatzea dakarrela, egoki defendatu ahal izateko baliabideak behar izan baitzituen. Haren ustez, zigor bat izan zen hori ere. Cubainformación hedabidearen koordinatzaileak aitortu zuen diru dezente bildu behar izan zutela epaiketari aurre egiteko.
Cubainformación hedabidea Euskadi-Cuba gobernuz kanpoko erakundeak sortu zuen, 2007an, eta, ordutik, Kubaren aurkako blokeoaren inguruan informatzea izan du helburu; Kubako iraultzarekiko elkartasuna erakutsi ohi dute.