Zumarragako ikastetxeko (Gipuzkoa) 11 ikasle epaitu zituzten ekainean, ustez beste ikasle bati jazartzeagatik. 14 eta 16 urte bitartean zituzten orduan epaituek, baita biktimak berak ere. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak osotasun moralaren aurkako delitu bat egotzi zieten. Epaiketan bertan, halere, fiskaltzak bertan behera utzi zuen adingabe baten aurkako akusazioa. Eta Donostiako Adingabeen Epaitegiak atzo eman zuen ebazpenaren berri: gazteak absolbitzea erabaki du, haien «errugabetasun presuntziorako eskubidea bertan behera uzteko nahikoa froga» egon ez delako.
Fiskaltzaren akusazioak jasoa zuenez, jazarritako adingabea bere buruaz beste egiten saiatu zen bi aldiz; horietako aldi batean, «bere burua leihotik botaz». Epaiketan, adingabeek hamabi hilabetez gizarte eta hezkuntza zereginak egiteko eskatu zuen, «egindakoaren inguruan hausnartu dezaten eta beren ekintzen gaineko erantzukizuna hartu dezaten». Akusazio partikularrak, berriz, 34 hilabetera areagotu zuen eskaera.
Epaiaren arabera, epaiketan ez zuten «behar bezala frogatu osotasun moralaren aurkako delitu bat» gertatu izana, ezta bi gazteri egotzitako mehatxu delitu arinak gertatu izana ere. Testuaren arabera, «pilatutako zantzuak ez dira nahikoa akusatutako adingabeen aurkako kondena adierazpena egiteko». Are, jazarpena frogatzeko «biktimaren deklarazioa besterik ez zuten jaso, kontraesan batzuekin». Epaia behin-behinekoa da, eta helegitea aurkeztu daiteke.
Ikastetxearen jarduna
2021eko irailean gertatu zen, biktimak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila hasi berri zuenean. 2022ko maiatzean, ikastetxeak bullying-aren aurkako protokoloa jarri zuen martxan, eta horrek zehaztu zuen bazegoela ikasle horren aurkako «jazarpena». Dirudienez, ikasle horrek «ez zituen ohiko harremanak gainerako ikasleekin, bakarrik zegoen, eta une oro saiatzen ziren hari min ematen».
Fiskaltzak salatu zuenez, hurrengo ikasturtearen hasieran ikastetxeak ez zuen adingabea babestu, «jazarpena berriro gerta ez zedin». Hartara, biktimak beste ikasleen irainak, laidoak eta bultzadak jasan zituen. Epaiaren arabera, baina, ikasturte hasiera horretan ikastetxeak babesa eman zion ikasleari, «haren eta gainerako ikasleen arteko harremanak behatuz» eta biktimarekin zuten harremana «ikasleekin landuz».