Bizkaiko Auzitegiak Futuro Vegetal talde ekologistako bi kide absolbitu ditu, eta azkenean ez dute ez isunik ez kalte ordainik ordaindu beharko. Otsailean, Bilboko Guggenheim museoko atarian garbitu daitekeen pintura gorria bota zuten, Urdaibain (Bizkaia) egiteko asmoa duten museoaren proiektua salatzeko; proiektu horrek kritika asko eragin ditu, bioaniztasun handiko ingurua baita Urdaibai.
Lehen auzialdian, 90 euroko isuna ezarri zieten bi ekintzaileei, baita Guggenheim museoari 400 euroko kalte ordaina ordaintzeko agindu ere. Bada, Futuro Vegetal taldeak helegitea jarri zion erabaki horri, eta, azkenean, Bizkaiko Auzitegiak ontzat eman du taldearen errekurtsoa, eta bi kideak absolbitu. Sententzian zehaztu dute jabetza pribatu bati garbitu daitekeen pintura botatzea ez dela kalte delitu bat.
Futuro Vegetalek tankera horretako ekintzak egiten ditu Hego Euskal Herrian eta Espainian, orokorrean klima aldaketa salatzeko, eta auzi asko dauzka irekita halako kontuengatik. Antolakundearen beraren aurkakoa da gogorrena, Espainiako Poliziak talde kriminaltzat jo baitzuen, eta prozesu bat abiatu zuten taldeko buruen aurka, donostiar bat tartean zela. Bi polizia operaziotan taldeko 50 kide baino gehiago atxilotu zituzten, eta 65 gertakari egotzi, delitutzat jo daitezkeelakoan. Poliziak dio Futuro Vegetalek 500.000 euro baino gehiagoren kalteak eragin dituela, eta, sarekaden ostean, taldea desegintzat jo zuen. Hala ere, orduz geroztik ere egin dituzte ekintza batzuk.