2021ean 4.591 abortu egin zituzten Hego Euskal Herrian, Espainiako Osasun Ministerioaren arabera; horietatik 4.123, zentro pribatuetan (%90). Osasun etxe publikoek klinika kontzertatuekin akordioak dituzte, eta hara bideratzen dituzte haurdunaldia eten nahi duten emakumeak. Pribatuetan egin arren, administrazio publikoek ordaintzen dituzte. 2021ean, esaterako, Osakidetzak abortuen %95 finantzatu zituen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera. Emakumeek, nahi izatekotan, euren kabuz jo dezakete klinikara, eta eurek ordaindu etenaldia. 550 eta 800 euro arteko kostua du.
Ikusi gehiago:Ana Ramirez de Okariz Sorolla, sexologoa: «Eskuragarri egon behar dira preserbatiboak, eta doan»
Hala ere, Osakidetzak beste prezio batzuk ordaintzen ditu: «Hori baino gutxiago ordaintzen dute», Naroa Iturri Askabide klinikako langileak adierazi duenez. Abortuaren lege erreformari eta prozedurei buruzko azalpenak eman ditu, eta lehenik eta behin hauxe esan du: «Emakume batek eskubidea du abortatzeko, nahi duen tokian, eta nahi duen moduan; eta ez du ezer ordaindu behar». 2010ean onartu zuen Espainiako Kongresuak Abortuaren Legea. Ordutik, Hego Euskal Herrian abortua askea da haurdunaldiaren 14. astera arte. Hamabi urte geroago, Iturrik azpimarratu nahi du emakumeek eskubidea dutela erabakitzeko non abortatu nahi duten, ezer ordaindu gabe. Klinika kontzertatua da Askabide, eta Osakidetzarekin akordio bat du, haurdunaldiaren borondatezko etendurak egiteko.
Iturri Hernanikoa da (Gipuzkoa), baina Bilbon abortatu nahiko balu, eskubidea izango luke. «Administrazio batzuek zuzenean klinika jakin batera bideratzen zaituzte, baina legeak dio hori ezin dela egin». Abortuaren Legearen hirugarren erreformak jaso dituen berrikuntzen artean dago emakumeek gertuen daukaten ospitale publikoan abortatu ahal izatea, hori izatea erreferentziazko. Erreformak jaso du, halaber, 16 urtetik gora dutenek gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izatea. Kongresuak onartuta, Senatuaren oniritzia baino ez da falta.
Arrazoia, kontzientzia
Arrazoi bakarra eman diete klinika pribatuei deribazioa egiteko. «Hasieratik esan ziguten haurdunaldi bat bideragarria baldin bazen eurek ez zutela eteten, kontzientzia eragozpena zela eta». Egun, ez dago kontzientzia eragozpena eskatzen duten medikuen zerrendarik. «Egungo prozedurak ez du erregistrorik eskatzen, kontzientzia eragozpenaren eskubidea izateko», azaldu du Nafarroako Osasun Zuzendaritza Nagusiak.
«Ni klinika kontzertatu batekoa naiz, eta abortuak egiten lan egiten dugu, baina, emakume naizen aldetik, uste dut emakume guztiok izan beharko genukeela eskubidea zerbitzu publikoan abortatzeko», adierazi du Iturrik. Nafarroako Osasun Zuzendaritzaren arabera, «pixkanaka» areagotuz doaz zentro publikoetan egiten diren abortuak. Hala ere, Hego Euskal Herriko datuek ez dute ia igoerarik hauteman. 2020tik 2021era, %90,42tik %89,8ra jaitsi zen. «Abortu batzuk pribatura bideratzen dira, eta Osasun Departamentuarekin lanean, emakumeei kalitatea, segurtasuna, pribatutasuna eta arreta egokia eskaintzen zaie», ziurtatu du Osasun Zuzendaritzak.
Emakumeak berak eskatuta egindako abortu gehienak zentro pribatuetan egin zituzten 2021ean; hots, abortuen %94,5. Haurdun dagoen pertsonarentzat arriskua baldin bazegoen ere, pribatuetan egiten zen. Aldiz, umekiak anomalia larriak izateko arriskua bazuen, publikoetan egiten zituzten ia denak (%98). «Guk ez ditugu abortu arriskutsuak egiten; haurdunaldi bideragarriak ez direnez, publikoetan egiten dira». Are gehiago, bizitzarekin bateraezinak diren anomaliak edo umekiak eritasun sendaezinak zituzten haurdunaldi guztiak zentro publikoetan eten zituzten. Eta hamalaugarren astetik aurrerakoak ere bai.
Prozedura
«Emakume batek emaginarekin zita eskatu behar du haurdunaldia eteteko», azaldu du Iturrik. «Normalean, egun batetik bestera ematen diete hitzordua, gaiak presa duelako». Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, ezinbestekoa da Osakidetzako txartela izatea. Txartela ez duten emakumeak ere artatzen dituzte Askabiden. «Klinikatik ez da inor haurdun ateratzen. Argi dugu hemen ez dugula abortuarekin negozio bat egiten: konpromiso bat dugu emakumeekiko».
Emaginak gutun azal bat ematen die emakumeei. Han, hainbat agiri daude. Hala nola Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak seme-alabak dituzten familientzako dituzten laguntzen berri emanez.
Emakumeak hiru egun itxaron behar ditu emaginarekin zita izan duenetik etenaldia egin arte. «Hiru egun horiek dira ustez emakumeak haurdunaldiaren inguruan hausnartu dezan». Legearen azken erreformak hiru egun horiek ezabatu egingo ditu. Egun horietan, hala ere, emakumeek klinikara deitu dezakete. «Guk etortzeko esaten diegu, dena aurreratzeko, ekografia egiten diegu, informazioa eman eta, batez ere, jendea lasaitu, argitasun pixka bat ikus dezaten».
Emakume batek hiru aukera ditu abortatzeko. Hamalau aste eta sei egun arte legezkoa da abortatzea. Abortu farmakologikoa zazpigarren astera arte egin daiteke. 11. astera arte aspirazioa, anestesia lokalarekin. Eta hamabigarren astetik hamalaugarren astera arte, berriz, lokartuta egin behar da aspirazioa. «Edozein modu aukeratu daiteke; orokorrean, emakumeek farmakologikoa edo sedazioa aukeratzen dute».
Kasu guztietan, etenaldia egin eta bi astera, beste ekografia bat egiten diete, umetokia hutsik dagoela egiaztatzeko, eta infekziorik ez dagoela berresteko. Odol arrastoak ikustekotan, beste zita bat ematen diete emakumeei, dena garbi ikusi arte. «Ondorio fisikorik ez da geratzen, eta psikologikoak, emakumearen arabera». Askabidek ez du psikologorik klinikan, baina emakumeak nahi izatekotan, «konfiantzazko» psikologo batera bideratzen dituzte.
Abortuen %90 sare pribatuan
Emakumeek eskubidea dute nahi duten klinikan abortatzeko, eta doan. Zerbitzu publikoek klinika pribatuetara bideratzen dituzte abortuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu