Abortuaren aurkako kartelak kentzeko eskatu dio Gasteizko Udalak enpresa arduradunari

Elkarte katoliko batek hiriko markesinetan jarritako kanpainaren egokitasunaz kontsulta egin zion udalak Emakunderi; hark ebatzi du publizitateak «emakumeen sexu eta ugalketa osasuna babesteko eskubidea urratzen»  duela.

Abortuaren aurkako kartel bat Gasteizko autobus geltoki batean. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2022ko urtarrilaren 24a
14:59
Entzun

Elkarte katoliko batek Gasteizko autobus geltokietako hainbat markesinetan abortuaren aurka egindako kanpaina kentzeko eskatu dio Gasteizko Udalak enpresa arduradunari. Hala jakinarazi berri du Gasteizko Udalak. Emakundek egindako txostena aintzat hartuta hartu du erabakia udal gobernuak. Kanpainaren egokitasunaz kontsulta egin zien udalak berdintasun zerbitzuei, eta gaur jaso du ebazpena. Txosten horretan adierazten denez, kanpaina horrek urratu egiten ditu «emakumeek sexu eta ugalketa babesteko eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako oinarrizko eskubidea, eta emakumeen osotasun fisiko eta moralerako eskubidea».

ACdP Propagandisten Elkarte Katolikoa elkarteak sinatuta dago abortuaren aurkako kanpaina, eta gutxienez hiriko bost markesinetan agertu dira kartelak. Kliniketara abortatzera joaten diren emakumeak jazartzera animatzen du kanpainak, Espainiako Gobernuak horrelako jarduerak legez debekatzeko dituen asmoei kritika eginez. «Abortatzeko kliniken aurrean otoitz egitea primeran dago», horixe diote ACdP Propagandisten Elkarte Katolikoa elkarteak sinatutako kartelek.

Polemika handia piztu du kanpainak. Joan den astean, EH Bildu eta Elkarrekin Gasteiz udal taldeek eta Clara Campoamor elkarte feministak publizitatea berehala kentzeko eskatu zioten udalari. Gasteizko alkate Gorka Urtaran ere kanpaina erretiratzearen alde agertu zen, «iraingarria» eta «baztertzailea» dela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.