Abortatzeko eskubidea

Abortuak sare publikoan egiteko neurriak hartzeko eskatu die Monterok erkidegoei

Espainiako Berdintasun Ministerioak gutun bidez gogoratu die kontzientzia eragozleak ez diren profesionalak izan behar dituztela, eta premiazkoa bada, jende gehiago kontratatu.

Mugimendu feministaren bilkura bat Gasteizen, talde ultrakatolikoen jazarpena salatzeko. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko maiatzaren 24a
11:59
Entzun

Abortuaren lege erreformarekin otsailean onartutako neurriak «premiaz» gauzatzeko eskatu die Espainiako Berdintasun Ministerioak autonomia erkidegoei. Haurdunaldia osasun sare publikoan eteteko aukera bermatu behar dela dio arauak, eta emakumeen etxetik ahalik eta hurbilen. Osasun langileen kontzientzia eragozpena erabili izan da argudio gisa halakorik ez bideratzeko; beraz, Irene Montero ministroak erkidegoei gogorarazi die kontzientzia eragozleak ez diren profesionalak izan behar dituztela, eta premiazkoa bada, kontratazio gehiago egin behar dituztela, abortatzea erabakitzen duten andreek euren eskubidea gauzatu ahal izan dezaten.

Sexu eta Ugalketa Eskubideen eta Haurdunaldia Borondatez Eteteko Lege Organikoa 2010ean onartu zen; ordutik, hamalaugarren astera arte libreki aborta dezakete emakumeek Hego Euskal Herrian. Otsailean Espainiako Gorteek onartutako erreformaren ondoren, gainera, hiru eguneko «gogoetarik» ez dute egin behar andreek, eta 16 eta 17 urteko neskek gurasoen baimenik gabe aborta dezakete.

2010eko legeak jada osasun sistema publikoak finantzatutako prestazioetan sartu zuen abortua, baina praktikan, klinika pribatuek egiten dituzte, finantzaketa publikoa izan arren. Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 2021. urtean 4.591 abortu egin zituzten Hego Euskal Herrian; %90, zentro pribatuetan: 4.123. Horrek beste arazo bat ekarri du, gainera: talde ultrakatolikoak kliniken aurrean bildu izan dira, otoitz egiteko eta bertara zihoazen emakumeei jazartzeko. Halakoak debekatu egin zituen lege erreformak.

Ministroak nabarmendu duenez, legea «argia» da sare publikoan abortatzeari dagokionez, eta kontzientzia eragozleen erregistroak sortzea planteatzen du, nahiz eta erkidego guztiek ez duten halakorik egin. Zehazki, arauak dio «erabaki indibiduala» dela abortuak egiteari uko egitea kontzientzia arrazoiengatik, eta «aurrez eta idatziz» adierazi behar dela, ezin baitio kalte egin emakumeen askatasunari: era berean, kontzientzia eragozleek ezingo dute batzorde klinikoetan parte hartu. Legeak dio, gainera, haurdunaldiak eten ahal izateko profesional nahikoak badaudela bermatzeko moduan antolatu behar direla zerbitzu publikoak. Hori guztia aztertzeko eta kudeatzeko, protokolo bat eratzea ere ezarri zuen otsaileko erreformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.