Abortua, trabaz bete askatasuna

Frantziak abortua konstituzioan sartu zuen martxoaren 4an. Horiek horrela, emazte askok traba franko dituzte oraino eskubidea betearazteko normaltasunez. BERRIAk haurdunaldia eten duten bi emazteren lekukotasunak bildu ditu.

'Ene gorputza, ene? erabakia'. BERRIA
'Ene gorputza, ene? erabakia'. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko martxoaren 23a
05:00
Entzun

Martxoaren 4an, Frantziako Parlamentuak bozkatu zuen HBE haurdunaldiaren borondatezko etena konstituzioan sartzea «askatasun bermatu» bezala. Arazoa da, Veil legeak 50 urte bete dituelarik, oraino zailtasun franko dituztela trumilka emaztek eskubidea betetzeko momentuan. Ardura, poxeluz bete bidea da zerbitzua normaltasunez ukaitea.

Duela lau urte, Frantziako Asanblea Nazionalarentzat informazio txosten bat egin zuten HBEra heltzeko zailtasunez, Veil legeak 45 urte zituelarik. Txostengileek hastetik azpimarratu zuten: «Errealitatean, kario eta nekez erdietsi eskubide hori hauskorra da oraino». Behar diren epeetan medikuarenean ordu bat lortzeko edo HBEa praktikatzeko guneak aurkitzeko zailtasun handiak aipatzen zituen txostenak.

Frantziako parlamentuak askatasun gisa konstituzioan sartzea bozkaturik ere, lau urtez egoera ez da hobetu. Diotenez, azken hamabost urteetan, Frantziako lurraldean HBEa egiteko 130 zentro hetsi dira. Zailtasun horien esplikatzeko, «baliorik ematen ez zaion medikuntza ekintza horrentzat zen interes eskasa» aipu zuten txostenean. Abortuaren praktika, aitzineko belaunaldiko mediku «militante» batzuen esku zela gehitzen zuen. Etxe mediku eta ginekologoen %2,9k, eta emaginen %3,5ek praktikatzen zuten.

Alta, Frantzian, hiru emaztetarik bat HBE baten egitera ekarria da bere bizian. Beste zenbaki bat ematen zuten txostenean: urtero abortatzeko epea gainditurik, 3.000 eta 5.000 emazte artean joaten dira beste herrialde batera abortatzera. Nagusiki, Espainiako eta Herbehereetako estatuetara. Horrez, desoreka geografikoez gain —kanpaina alde batzuetan ez da aurkitzen HBE egilerik—, desoreka sozialak pairatzen dituzte askatasun horri begira emazteek. HBE gastuak aitzinatu behar dituzte emazte anitzek. Eta zerbitzua urrun izateak emazterik prekarioenak jotzen ditu erdiz erdi: «Emazterik hauskorrenek dituzte zailtasunik handienak pairatzen (sari apaletakoak, adingabeak, etxegabeak, emazte migratzaileak, elbarrituak, bortizkeria matxisten biktimak...)».

Azken hamar urte hauetan HBEa egin duten bi emakume lapurtarren lekukotasuna bildu du BERRIAk. Anonimo egon nahiak erakusten du legean finkatu askatasun horren betetzeko emazteek bizi duten errealitatea nolakoa den.

«Umiliagarria izan zitzaidan»

Julia lapurtarra da. Gaur egun 26 urte ditu, eta HBE bat egin zuenean, 19 urte zituen. Baxoa ukan berri zuen, eta ikasketen lehen urtean abiatua zen Parisen. Orduan, bazuen bikotekide artekoa izan gabeko harreman bat, eta, egun batez, sintomak agertu zitzaizkion. «Ez dut suerterik izan, testa bi aldiz negatiboa atera baitzen», hasi du kontakizuna Juliak. Baina sintomek jarraitzen zuten, eta, azkenean, medikuak erabaki zuen odol azterketa egitea. Hor ziren ohartu haurdun zela.

Lapurdin zuen usaiako ginekologoa ez zen libre, eta «urgentzian» beste ginekologo batekin hartu zuen ordua. «Ene usaiako ginekologoa gizon bat zen, eta, hor, ezagutzen ez nuen emazte ginekologo batekin hartu nuen; egin nuen, emazte bat zenez, aise sinpleago izanen zela». Azterketak egin gabeak zituen orduan oraino, baina bazuen susmoa endometrosiak joa izan zitekeela. Badaezpada, ginekologo hari erran zion. «Zer ez nuen erran! Hortik goiti hasi zitzaidan: ‘A, baina kasu, beharbada ez duzu gehiago haurrik ukaiten ahalko!».

Juliak argi zuen haurrik ez zuela nahi. Ikasketak hasi berri, erabakia segurua zeukan. «Ginekologoarengana joan nintzen izu-ikarak harturik. Ez nekien zer egin. Halakoetan, hain duzu zeure burua galdua ikusten. Ez dakizu nora joan». Baina ginekologoa ez zen kantitzen. «Tematu zen saio osoan. ‘Uste dut ez duzula ongi gogoetatu’, erraten zidan. Diskurtso oso moralaren egilea zuen; kasik heriotza bat eragingo nuela iradoki zidan». Delako ginekologoa urrunago joan zen, Juliaren begien aitzinera liburuxka bat atera baitzuen, enbrioiaren bilakaera irudikatzen zuena. «Iruditan erakusteko umeki bat zer bilakatzen zen, hilabetez hilabete. Horrek ninduen gehien txokatu, eta negarrez urtu nintzen kabinetean berean».

«Ginekologora joan nintzen izu-ikarak harturik. Ez nekien zer egin. Halakoetan, hain duzu zeure burua galdua ikusten. Ez dakizu nora joan».

JULIAHBEa egin izan duen emakumea

Geroztik, lagun anitzekin aipaturik gaia, frankok kontatu dizkiote egoera eta gertakari berdintsuak. Azkenean, delako ginekologoak erran zion ez zuela hark segituko. Utzi zuen, bere aldetik ikus zezan Juliak, usaiako ginekologoarekin. Izu-ikara ez zion handitu baizik.

Biziki bakarrik sentitu zela kontatu du Juliak. Etxekoei ez zien aipatu nahi, «ahalketurik». Zuen adinean harritua zen, eta bere burua «jada aski hobendun» sentitzen zuen. Konfiantzazkoa zuen ttanttarekin joan zen, azkenean, Baionako ospitalera. Hor zen ohartu ginekologo hark dena traba jarri zuela arrunt sinplea izaten ahal zelarik bidea. «Aski nuelarik Ospitalera joan, erremedioa hartu, eta kito!».

Gaurko gibeltasunarekin, ez zaio onargarri izan zuen tratua. Hark hautua argi zuen, eta bururaino joan zen, baina anitzek kontatu dizkiote antzeko esperientzia txarrak. Emazte helduarentzat ezinbizia da, «adingabeentzat infernua izan behar da», pentsatu du Juliak.

Epemugaren arriskua hor da buru gainean. Epe horrekin aski asaldatua denaren lasaitzeko harrera bat behar litzatekeela uste du: «Urgentzia ginekologikoen zerbitzu berezi bat behar litzateke». «Ebakuntza bera ez da batere gozoa. Min egiten du, bakarrik sentitzen zara». Eta badu inpresioa ez zela berdin izanen gizonen bizi beharreko egoera izan balitz. «Emazteen afera denez, ‘normala’ balitz bezala egina da dena... mina normalizatua da... sufrikario psikologikoa normalizatua da. Horretan da arazoa».

Iruditzen zaio informazio eskasa bazuela, eta, horrez gain, «suerte eskasa izan zuela ginekologo ezgai bat gertatu zitzaiolako, diskurtso bortitz batekin». Badaki, beharbada ez zuela nahitara egin, baina Julia arras gaizki utzi zuen: «Psikologikoki umiliagarria izan zitzaidan. Ziurgabetasun eta ahalke sentimendu ilun batean sartu ninduen, eta ez luke hala behar».

Ebakuntzaren hotza

Garai bertsuan, 2016an, haurdunaldia eten behar izan zuen Argitxuk, 22 urte zituela. Hau ere lapurtarra. Kazetaria zen orduan, eta haurdun zela ohartu baino hilabete bat lehenago artikulua idatzi zuen Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaz. «Txoke bat» izan zen.

Antzugailu bat erabiltzen zuen, garai hartan. Ohartu zeneko, aski aitzinatua zen, eta «nahiko presa» handia zuen. Juliak bezala, abortuaren hautua argi zuen. «Garai horretan harreman oso toxikoa nuen mutil batekin, eta ez nuen duda izpirik izan».

Burasoengana joan zen, eta «kristoren sostengua» eman zioten. Prozesua hasi zuen orduan, eta «pisua» izan zela gogoan du: odol azterketa, ekografia, beste odol azterketa bat, ordua anestesistarenean, planifikazio zentroan, psikologoarekin. Baina, aldi berean lanean segitzen zuen. «Hori dena kudeatu behar duzu lanarekin, eta kristoren estresa sortu zidan». Egunetik biharamun heldu zenez, oporrak nekez har zitzakeen; saririk gabeko oporren hartzea ere ezin, «ekonomikoki oso zaila» izanen zitzaiolako. Enpresan ulerkorrak izan ziren, eta eskertzekoa zaio Argitxuri, ezen medikuak ez baitzion lan geldialdirik eman nahi ukan.

Egin beharreko urratsetan, bizi izandako bakartasuna azpimarratu du, Juliaren gisan. «Nahiagoko nuen familiako bat edo lagun batekin joan»; baina, orduak astegunez ziren, eta jendea laneko zen. «Hori guzia oso zaila egin zitzaidan». Behar dutenentzat, halakoetan, lan geldialdia egitea beharrezkoa iruditzen zaio.

Bere burua «zaintzeko» denbora eskasa sentitu zuen. Ebakuntza baino lehen, eta ondotik. Gizartearen irudikoa zaio: «Gure gizartean gauza anitz posible da baina denborarik gabe». Haurdun izateko, ez izateko bezala. «Ama ez izateko aukera ere bada, baina zer baldintzetan? Denborarik gabe. Korrika ibili behar duzu». Lan geldialdi batekin, beste gisan iraganen zuen. Ez zen ausartu eskatzera, orduan. Psikologoarekiko ordua ere ezeztatu zuen, eta damu du. Eta ebakuntzaren ondotik ere ez zioten lan geldialdirik eman. «Alta, gogoz franko apal nintzen. Denbora behar nuen».

Azkenean, amak lagundu zuen Argitxu ospitalera ebakuntza egiteko egunean. Azpimarratu du hastetik sentitu duela artoski beren gain hartu dutela hango langileek, dituzten baldintzak izanik ere.

Bizkitartean, Argitxuk uste du araberako zerbitzu bat antolatu beharko litzatekeela HBEarentzat. Gaur egun, «amategian egiten da, obstetrizia zerbitzuan». Zaila egin zitzaion. Gainera, egon beharreko gelara sartzerako, bere herriko beste neska bat topatu zuen. Anonimotasuna beste gisan antolatzeko molderik balitzateke bilatzeko, haren ustez.

Martxoak 8 Baionan
2016ko Martxoaren 8ko talde feministen Baionako mobilizazioa. Marc Aillet Baionako apezpikuak katedralean abortu eskubidearen kontra zabaldu bideo bati erantzun zioten. BOB EDME

Gauzak hobetzeko bidean, beste bi bizipen ilun aipatu ditu Argitxuk. Aipatu ez zioten erremedio bat ekarri zioten umetoki lepoa irekitzeko. Bestalde, efektua nolakoa zen ez ziotela erran: «Ez ninduten abisatu sekulako mina egiten duela». Minarekin goiti botaka hasi zen, eta erremedioa bota zuen. Izualdura emendatu zion ebakuntzari begira. Gainera, ez zen uste zuen medikua etorri egitera. Azkenean, ongi joan zen. Erizainen profesionaltasuna ere aipatu du berriro du Argitxuk.

Zerbaitek trabatu zuen, halere, ibilbide guzian. «Beti azpimarratzen zidaten antisorgailu bat banuela, eta zinez ez nuela suerterik izan». Antisorgailurik erabili ez duen emazte bati gutiago barkatuko balitzaio bezala HBEa egitea. «Zinez nardatu nau horrek, besteei begira. Eskubide hori ez da pribilegio bat».

Kontzientzia klausula

Talde feminista franko bozkariatu dira HBEa konstituzioan sartzearekin Frantzian. Bizkitartean, hastapeneko lege asmotik aldatua izan da testua. Aldaketa nagusia da «eskubide» gisa ezagutua zena «askatasun bermatu» bilakatu izana. Gibel egite horrek eztabaida anitz piztu ditu talde feministen artean, baita Planning Familial elkartean ere.

Baionako Planning-eko kide Sandra Lizarralde Paponek esplikatu du zertan adierazgarria den hitz aldaketa hori, gaur egungo ordezkaritza demokraziari buruz. «Demokrazia liberalek guziz berena duten ikuspegi bati lotua da norbanakoaren askatasunen bermatzea. Eta ez eskubide kolektiboak». Ororen buru, emazte batek abortatzeko eskubidea beterik izan dezan, zerbitzu hori bermatu behar zaio. Horretan, estatua ez da berdin jokatzen «eskubide» bat denean, edo «askatasun indibidual bat». Lizarralde Paponek trabes hori lotzen du osasun zerbitzuen desegiteari. «Ospitale publikoa andeatuz doanez, lekuka HBE bat egin nahi bada, ez da aurkitzen zentrorik legezko epea baino lehen egiteko —14 asteko haurdunaldia edo 16 asteko amenorrea—». Eskubide oso bat balitz, estatua behartua litzateke zerbitzua denei eskaintzera, eta urririk.

Legearen beste hutsune bat azpimarratu du Planningekoak: medikuen kontzientzia klausula. Veil lege-tik, Frantziako medikuek haizu dute HBE bat ukatzea, ez badute egin nahi. «Ez da batere eztabaidatua izan, eskuinak ez duelako nahi». Horregatik, bereziki senatuko Errepublikanoen taldea tematu da «eskubide» ordez, «askatasun» hitza sar dadin. Bi askatasunek buru egiten baitiote bata besteari: medikuen ukoarenak eta emaztearen abortatzearenak.

Errealitatean, Julia eta Argitxuren kontaketak lekuko, urrunago joaten dira artatzaile batzuk. Oharrak eginez, emazteen hautuez iritzi bat emanez. «Traba psikologiko edo sozial horiek, jujamendu horiek, agerian ematen dute medikuak uzten direla iritzi baten ematera; etika profesionalaren kontrakoa delarik, alta». Horrek egiten du, hondarrean, HBEa ez dela edozein medikuntza gisa hartua.

Halere, askatasun bermatu gisa konstituzioan sartzeak badu ekarpen bat, Lizarralde Paponek zehaztu duenez. Gobernu edo gehiengo aldaketak gertaturik ere Frantzian, konstituzioan izateak berme bat ekarriko du: «Emazte bat ez dute sekula zigortzen ahalko HBE bat egiteagatik. Hori, legeak aldatzen badituzte ere». Baina, ez du uste zerbitzuaren eskaintzan zerbait aldatuko duenik. Damurik, trabak oraino hor izanen dira. Izatekotan, «aitzinamendu» gisa ikus daiteke jendeak HBEari buruz duen «buruko ikuspegian».

Frantzian, urtero, 3.000 emazte beste herrialde batera joaten dira abortatzera epea pasaturik. Delako «askatasun» horrek desberdintasunak sortzen ditu emazteen artean. Zerbitzua aski goiz ez ukanik, beste herrialde batera joan den emazteak frogatzen ahal du epe gainditzea zerbitzu eskasiagatik izan dela. Holakoetan, Frantziako osasun asurantza publikoak ordaintzen dio atzerrian egin ebakuntza. «Baina, badakigu nork duen beste herrialde batera joateko ahala». Aberatsenek, hots. «Espainia aldera laguntzen dugularik emazte bat, 1.000 euro kostatzen du HBEak berak, bide eta gainerako gastuak kontatu gabe».

«Traba psikologiko edo sozial horiek, jujamendu horiek, agerian ematen dute medikuak uzten direla iritzi baten ematera; etika profesionalaren kontrakoa delarik, alta».

SANDRA LIZARRALDE PAPONBaionako Planning Familialeko kidea

Azken urteetan, emaginei onartu zaie HBEen egitea. Lizarralde Paponek berri ontzat dauka, epeen barne emazteei askatasun hori bermatzeko aukerak emendatzen dituelako eskualdez eskualde. Gehiago dena, berreskuratze historiko bat balitz bezala dakusa. Emaginei abortua egiteko ahala «ebatsia» izan zitzaien. Halaber, «1975 arte debekatua» zitzaien. Eta, gero, ospitaleko «barne hertsatu eta patriarkalean» sartu zen praktika bera. Emaginen hurbiltasunak, gainera, hauts dezake «jendetasunik gabeko» harrera batekin, «onginahiak» manatu batzarria eginez. Abortatu duten emazte anitzek kontatzen baitute «berotasun falta, laguntza psikologikorik eza», hori egiteko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.