Sarah Plet Planning Familial elkarteko kidea da. Baionako adarrean egiten du lan, eta itxialdia ezarri zutenetik telefono bidezko harrera egiten segitzen dute kideek (0983-86 73 06). Sexualitatearekin eta emakumeen eskubideekin lotuak diren gaietan laguntzen dute, eta abortatzeko prozesua egiten ere bai. Baina konfinamenduak abortuaren inguruan kezkak piztu ditu, eta ohiko epeak luzatzeko eskatu dute eragile batek baino gehiagok.
Zein da abortatzeko prozedura Ipar Euskal Herrian?
Abortatzeko bi manera daude, legearen arabera. Lehena, medikamentu bidezkoa da. Bi pilula hartu behar dira, eta etxean, haurdunaldiko bosgarren aste arte hartzen ahal dira biak. Osasun zentro batera joanez gero, bi astez luzatzen da medikamentu bidezko abortu epea: haurdunaldiko zazpigarren aste arte. Bi pilula hartzen dira halakoetan; lehena hormonak blokeatzeko, eta bigarrena umekia kanporatzeko.
Bada beste bide bat, ebakuntzarena. Haurdunaldiko hamabigarren astera arte egin daiteke. Azpimarratu behar da emakumeak aukeratzen duela zer bide nahiago duen. Bestalde, adingabekoentzat anonimoa izan daiteke, eta doakoa.
Prozesu horretan nola laguntzen duzue?
Gure lanaren parte handiena guregana datozenak entzutea eta bideratzea da. Sexualitateari buruzko galderak dira gehienak, eta abortuaren ingurukoak. Nahi dutelarik, hitzorduak finkatzen ditugu, eta profesionalengana bideratzen ditugu. Baionako ospitalean adibidez, planifikazio zentroa daukate [0559-44 40 94] eta bertan ginekologoak, emaginak eta psikologoak badaude. Han egiten ahal da abortua. Gure lana prozesu horretan laguntzea da, beharren arabera. Adingabeak ezin dira bakarrik joan ebakuntzara edo hitzorduetara; orduan, guk laguntzen ditugu.
Bestalde, behaketa lana egiten dugu, emakumeen eskubideak errespetatuak direla segurtatzeko, eta, hala ez delarik, alarma pizten dugu.
Nola eragiten du konfinamenduak abortatzeko eskubidean?
Anitz dira ondorioak, baina nagusiki beldurra eta isolamendua direla esango nuke. Neskak beldur dira osasun zentroak gainezkatzeaz; beraz, ez dute gugana jotzen. Baina abortua larrialdizko osasun ekintza da, eta, nahiz eta krisi sanitarioan garen, eskubide osoa daukagu abortatzeko.
Horrez gain, epeak laburregi gelditzen dira, egoera honetan bereziki. Horregatik mediku, ginekologo eta elkarte feministek alarma jo dute eta eskatu dute abortu epeak luzatzeko. Frantziako Gobernuak erantzun txiki bat eman digu. Etxean egiten ahal den medikamentu bidezko abortuaren epea luzatu dute, bost astetik zazpi astera. Baina ez da benetako epe luzapen bat, epe hori berez osasun zentroetakoa delako. Guk nahi genuen ebakuntza bidezko epea ere luzatzea, 14 astera, Espainiako Estatuan bezala.
Mugaren itxierak badu ondoriorik?
Kontua da legezko epea pasatu delarik beste bide batzuk aktibatu behar direla. Atzerrira joatea da bide horietako bat. Orain mugak hetsiak dira; beraz, zailagoa da. Bide alternatiboak bilatu behar dira. Gainera, kontuan izan behar da atzerrian egiten den abortu batek kostu ekonomiko eta psikologiko handia duela. Horregatik, guk hautu hori egiten dutenak laguntzen ditugu, baina, noski, ez dugu guk erabakitzen.
Zein da orain duzuen aldarri nagusia?
Guk argiki eskatu genuen epea luzatzeko. Politikariengana jo dugu, eta prentsan ere oihartzuna izan dugu. Horregatik luzatu dute etxean egiten ahal den abortuaren epea. Ez da nahikoa, baina terreno pixka bat irabazi dugu. Gainera, konfinamendua luzatu dute, eta badakigu egoera zailak kudeatu beharko ditugula. Gure lana aterabideak atzematea da, eta atzemanen ditugu. Maila horretan, erabakiak politikoa izan beharko luke, larrialdi egoera bati erantzuteko eskatzen diegulako.
Koronabirusa. Sarah Plet. Planning Familialeko kidea
«Abortua larrialdizko osasun ekintza da, krisi sanitarioan izanik ere»
Hezkuntza mugimendu feminista eta herrikoia da Planning Familial. Abortatzeko prozesuan laguntzen du, besteak beste. Konfinamenduak oinarrizko eskubidean eraginak izan ditu Sarah Plet kidearen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu