Abortatzeko askatasuna ez da abortatzeko eskubidea

50 urte bete dira egun abortua despenalizatu zutenetik Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Urteetan zehar legea eraldatu eta hobetu bada, oraino zailtasun franko dituzte anitz emaztek eskubidea bermatzeko orduan.

Duela 50 urte, 1975eko urtarrilaren 17an, haurdunaldiaren borondatezko etena despenalizatu zuen Veil legea onartu zuten Frantzian. BERRIA
Duela 50 urte, 1975eko urtarrilaren 17an, haurdunaldiaren borondatezko etena despenalizatu zuen 'Veil legea' onartu zuten Frantzian. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

1971n, Marie-Claire Chevalier gaztea bortxatu zuen gizon batek, eta bortxaketaren egileak berak salatu zuen gero Chevalierrek abortatu izana, legez kanpo. Emakume gazteari Michele amak lagundu zion ibilbide judizialean. Chevalier alaba auzipetua izan zen, baita haren ama ere, beste hiru «konplizerekin» batera. Orduan, Chevalier amak Gisele Halimi Parisko abokatuarengana jo zuen, eta ohartarazi zion Halimik: «Zaila izanen da. Kuraia eta deliberamendua beharko dituzue». Hala, abiatu ziren aitzina, eta, bezeroen oniritziarekin, Halimik auzi hura abortua legeztatzearen aldeko auzi politiko bilakatu zuen. 

Hain justu, duela 50 urte, 1975eko urtarrilaren 17an, haurdunaldiaren borondatezko etena despenalizatu zuen legea —Veil legea ere deitua— onartu zuten Frantzian. Orduan, Ipar Euskal Herriko emazte orori ere askatasun berria heldu zitzaien: horraino gordeka eta lanjer anitzekin egitera behartuak zirena legez baimendua zitzaien azkenean. 2025eko urtarrilaren 17an legearen 50. urteurrena izanen da, baina, oraino zailtasun franko dituzte anitz emaztek abortatzeko eskubidea bermatzeko orduan. Borrokak beti egiten du aitzina; garai hartan ere ez zen legearen onarpena egunetik biharamunera egin: hainbat mobilizazio eta gertakariren emaitza izan zen.

Bobigny auzia

Chevalier alaba-amen auziarekin, emeki-emeki, aldarriek geroz eta boz azkarragoa hartu zuten Bobigny (Frantzia) [auzia egin zen hiria] eta Parisko karriketan ez ezik, Frantzia osoan eta baita Ipar Euskal Herrian ere. 

Halimi abokatuaren lagun Simone de Beauvoir idazle, filosofo eta feministarekin, lau eskutara idatzi zuten 343 manifestua: abortua gaztigatzen zuen 1920ko legearen aitzinean ere 343 emaztek izenpetu zuten idatzia, publikoki adieraziz jadanik abortatu zutela. Orduan, Jacqueline Idiart (Amenduze, Nafarroa Beherea, 1941) militante feminista zen jadanik; 30 urte zituen, «gazte-gaztea, mukizu bat», baina biziki ontsa oroitzen du oraino ere garai hura: «Kuraia bazuten, halere, zeren kolektiboki egiten duzularik, arrisku gutxiago hartzen duzu; baina orduan, auziaz eta presondegiaz mehatxatua zinen holako zerbait erratean». Horien arteko bat izan zen Maite Idirin kantaria, «ez zuen abortatu, baina izenpetu zuen halere», kontatu du Idiartek.

Epaiketa denboran, militante feministak auzitegi aitzinean bildu ziren trumilka: «Ingalaterra aberatsendako, presondegia pobreendako!», oihukatzen zuten; pribilegiatu bakar batzuei besterik ez baitzitzaien egingarria abortua baimendua zuten herrietara joatea. Azkenean, auzia bukatu zen, 1972ko azaroaren 8an: Chevalier gaztea hobengabetu zuten, kontsideraturik egoerari «ezin izan [ziola] aurre egin».

Veil legea’

«Hori zen giroa: anitz emaztek bizia galtzen zuten [gordeka abortatzeko momentuan], abortu egileek arriskuak hartzen zituzten». Lanjerosa zen biziki. Orduan, Baionan, legea pasatu aitzin, bazen MLAC abortuaren eta kontrazepzioaren askatasunerako mugimenduaren adar bat. «Eta bazen hor mediku bikote bat egiten zituztenak abortuak; ez zen arrunt plaza publikoan, baina jakina zen egiten zituztela», gogoratu du Idiartek. Hego Euskal Herritik emazte anitz jiten zen jadanik horien ikustera, eta legea pasatu ondoan, oraino gehiago —Espainian abortua 2010ean besterik ez zuten despenalizatu—.

Giro horretan ziren, hain zuzen, bazterrak harrotzen hasi, emazte taldeak sortu, leloak zabaldu... «Baionan nintzen urte horietan, izan zirenak emazteen askapenaren lehen urratsak. Abortuaren eskatzea puntu berezi bat zen, baina borroka zabalagoa zen: ‘Gure gorputza gurea da’ edo ‘Independentzia ekonomikoa, politikoa eta erotikoa’ ziren gure leloak».

Eta, azkenean, lege proposamena iritsi zen, 1974ko azaroaren 26an: Simone Veilek, 1974tik 1978ra bitartean Frantziako Osasun eta Gizarte Segurantza ministroa izan zen abokatu eta politikariak, abortua despenalizatzeko lege proiektua aurkeztu zuen Frantziako Asanblea Nazionalean. Bi hilabete berantago, 1975eko urtarrilaren 17an, lege proposamena onartu zuten bost urteko epearekin, eta honako baldintza hauekin: haurdunaldiaren hamargarren astera arte abortatu zitekeen, medikuei eta ospitale pribatuei aukera uzten zieten abortu eskaera bati uko egiteko, eta Gizarte Segurantzak ez zituen gastuak ordaintzen.

«Hori zen giroa: anitz emaztek bizia galtzen zuten [gordeka abortatzeko momentuan], abortu egileek arriskuak hartzen zituzten»

JACQUELINE IDIARTMilitante feminista historikoa

Ez zen aski, beraz, eta borrokak segitu zuen. Urteak aitzina, legea baratxe-baratxe eraldatu da, zenbait hobekuntzarekin aldi oro. Bost urteetako epea iragan ondoan, 1979ko abenduaren 31ko legeak egonkortu zuen 1975ekoa. 2001ean, haurdunaldiko hamar asteen epea hamabitara pasatu zen eta, 2013tik geroz, Gizarte Segurantzak abortu guztiak bere gain hartzen ditu osoki. Gaur egun, haurdunaldiaren hamalaugarren astea arte abortatu dezakete emazteek Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Gainera, 2022tik geroz, esperimentazioan dago emaginek ere abortuen kirurgia egintza egitea; profesional gehiagori irekitzen bazaie lan horren egiteko aukera, orduan eskuragarriagoa zaie emazteei, hitzordu gehiagoren aukera baitute ospitale eta osasun zentroetan.

Ez-patologikoa

Bi manera dira haurdunaldia borondatez eteteko: botikekin edo kirurgia egintzarekin. Bien kasuan, ekografia bat egitekoa da haurdunaldiaren hatsarrea zehazteko. Gero, epearen arabera hautatzen da abortatzeko metodoa: zortzi asteko amenorrea iragan bada, orduan kirurgia egintza egiten dute ezinbestean; gutxiago baldin bada, botikak eta kirurgia, biak izan daitezke, emaztearen hautuaren arabera.

Kirurgia egintza, bistan dena, ospitalean egiten dute; baina botikak hartzeari dagokionez, aldiz, emazteak hautua du. Bi botika hartzekoak dira 48 oreneko tartean eta bigarrenak, bereziki, mina eta uzkurdurak eragin ditzake, odol galtzeak, odoluriak... Gune eroso batean eta akonpainaturik izatea komeni da; horregatik, ospitalea aukera ona izan daiteke gurasoei haurdunaldia aitortu ez dion adingabearendako, adibidez, betiere heldu batek akonpainatua bada.

Bestela ere, beharrean sentitzen den edozein emazte heldurendako aukera da ospitalea. Sarah Piet Baionako Planning Familialeko militante feminista da aspaldian, eta, haren ustez, Ipar Euskal Herriaren kasuan, «segurtasun ingurune bat eskaintzen du artatzeen kalitateak». Kontseilariak badira, eta aukeran, hitzordu bat ere eskuratu daiteke psikologo batekin. Baina Pietek, Planning Familialeko diskurtsoari jarraikiz, azaldu du ez dutela sistematikoki bultzatzen psikologo baten ikustera joatea: «Guk, Planningean, ez dugu abortua patologia bilakarazten. Norbaitek behar badu, ez da arazorik, baina abortatzen duten emazte anitz ongi dira: haien historia osatzen duen elementu bat da, baina ez baitezpada traumatikoa».

Duela ez aspaldi arte, herstura egoeraz baldintzatua zen abortatu ahal izatea, baina 2014an aldatu zen hori: eskuragarria zaio haurdunaldiarekin jarraitu nahi ez duen emazte orori, heldua zein adingabea izan.

Konstituzioa

Frantziako zenbait eskualdetan, oraino zaila izan daiteke abortuaren zerbitzura heltzea, osasun zentroen errealitatearen eta osasun arloko profesional kopuruen arabera. Ipar Euskal Herriari dagokionez, sinple da: abortuaren kirurgia egintza Baionako ospitalean besterik ez da egiten. Horrek, bistan dena, zenbait arazo dakartza, eta Pietek ezagutzen ditu traba horiek, zeren bere eguneroko militantzian ikusten baititu kasuak: «Adingabea baldin bazara eta Alduden bizi [Nafarroa Beherea], konplikatua da; Atharratzen [Zuberoa] bizi zarelarik, berdin».

Zeren nola helduko dira gazte horiek Baionako ospitaleraino gurasoak jakinaren gainean ezarri gabe? Eta adingabea izan gabe, zenbait helduren kasuan ere gordeka abortatzen da. Baina, botikekin izanik ere, erraterako, baldintzetarik bat da urgentziak dituen ospitale batetik oren batera izatea gehienez, konplikaziorik gertatuko balitz. Hots, zerbitzuaren hurbiltasunak zenbait hobekuntza egitekoak ditu oraino Ipar Euskal herrian.

«Guk, Planningean, ez dugu abortua patologia bilakarazten. Abortatzen duten emazte anitz ongi dira: kasik beti haien historia osatzen duen elementu bat baino ez da, baina ez baitezpada traumatikoa»

SARAH PIETBaionako Planning Familialeko militantea

Beste traba bat prekaritatearena da. Abortuari dagozkion zerbitzuak ez dira bakarrik haurdunaldiaren etetean oinarritzen: abortuari buruzko informazioa eta datuak eskura ukaitea ere eskubide bat da. Gehienetan, ginekologoaren joaten dira emazteak, baina denek ez dute horretarako baliabide ekonomikorik. Beste informazio iturri bat ospitale publikoetako osasun sexualaren zerbitzuak dira, baina Pietek kontatu du aurten Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ez duela berritu zerbitzu horren finantzamendua. Ikusi beharko da, beraz, nola funtzionatuko duten eta zer heinetaraino informatze lan hori segitzen ahal duten egiten.

Funtsean, hori da askatasunaren eta eskubidearen arteko ezberdintasuna, eta hori da, beraz, legea konstituzioan sarturik ere dudak bizirik atxiki dituen ñabardura: askatasunak ez du eskubidea ezinbestean bermatzen. Pietek ongi azaldu du desberdintasuna: «Eskuin muturreko gobernu batek konstituzioari jarraiki nahi badio, adibidez, deliberatzen ahal du abortatzeko zentro bakarra ezartzea Frantzia osoan: emazteek zentro horretara joateko askatasuna dukete, baina horien eskubidea ez da segurtatua. Eskubide gisa definitu balitz, baldintzatuko luke zerbitzuaren eskuragarritasuna». 50. urteurrena beteko bada egun, dena ez da irabazia, eta dudarik ez da militante feministen borrokak aitzina eginen duela zerbitzuaren eskuragarritasuna eta eskubide izatea aldarrikatzeko.

Kronologia

  • 1971ko apirilaren 5a. 343 emaztek sinatutako manifestu bat argitaratu zuten, abortatu zutela adieraziz eta abortu eskubidea aldarrikatuz. 
  • 1973. Abortuaren eta Kontrazepzioaren Askatasunaren aldeko Mugimenduaren (MLAC) sorrera, Planning Familialeko, Emaztearen Askapenerako Mugimenduko (MLF) eta Osasun Informazio Taldeko (GIS) militanteak biltzen dituena.
  • 1975eko urtarrilaren 17a. Abortua baimentzen duen legea bost urterako onartu zuten.
  • 1979ko abenduaren 31. 1975eko legea betikotu zuten.
  • 2001eko uztailaren 1a. Abortua egiteko epea haurdunaldiko 10. astetik 12. astera luzatu zuten.
  • 2012ko abenduaren 17a. Abortu guztiak Gizarte Segurantzak ordaintzea erabaki zuten.
  • 2014ko agorrilaren 4a. Abortatzeko herstura egoeran izatearen baldintza ezeztatu zuten.
  • 2016ko urtarrilaren 26a. Emaginei baimena eman zieten botikekin abortatzeko lanak egiteko.
  • 2022ko martxoaren 2a. Abortua egiteko epea haurdunaldiko 12. astetik 14. astera pasatzea luzatu zuten eta emaginei baimena eman zieten kirurgia egintzak ere egiteko (esperimentazio prozesuan).
  • 2024ko martxoaren 8a. Abortua baliatzeko askatasuna Frantziako Konstituzioan sartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.