Urratsa egin du Madrilek. Abortuaren Legearen aurreproiektua onartu dute Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluan. Lehen pausoa da emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko bidean. Baita hori baino gehiago ere, Irene Montero Berdintasun ministroaren esanetan. «Beste eskubide asko eskuratzeko bidea dira sexu eta ugalketa eskubideak, ezinbestekoak baitira emakumeek beren bizi proiektuak aske egin ditzaten». Hortaz, arauaren helburu nagusia izanen da «abortatzeko eskubidea bermatzeko bidean gaur egun dauden trabak kentzea», baina askoz harago joanen da. Ministroak atzoko agerraldian azaldu zuenez, «ugaltzearekin, sexualitatearekin eta menstruazioarekin lotutako eskubide gehiago» bermatu nahi dituzte lege horren bitartez.
2/2010 Legearen moldaketa da Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuena, eta presaz tramitatuko dute Espainiako Kongresuan. Monteroren esanetan, «oinarri oso sendoa» eskaini zuen lege hark, eta horren gainean eratu dute arau berria. Horregatik, «eskerrik beroenak» eman zizkien lege hori sustatu zuten Bibiana Aido Berdintasun ministro ohiari eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente izandakoari, «aitzindari izateagatik».
Ikusi gehiago:Rosana Triviño, bioetikan aditua: «Ez du laguntzen abortuak sare pribatuan egiteak, ia ezkutuan»
Mugimendu feministari ere gorazarre egin zion Monterok, testuaren aurkezpenean: «Feministen borrokari esker lortu dira emakumeen eskubideen esparruan izandako aurrerapauso guztiak; haiei zor diegu gaur egun gisa honetako lege aitzindari bat onartzea».
Legeko neurri guztiek 104 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute. Arauak badu, baina, hutsune nabarmen bat: gobernuak ez du murriztuko hilekorako higiene produktuen BEZa —%10etik %4ra jaisteko asmoa zuten—, Ogasun Ministerioak atzera bota baitu proposamena. Hauek dira legeak Hego Euskal Herrian eraginen dituen aldaketa nagusiak.
HAURDUNALDIA ETETEA
Nork bere gorputzaren gainean erabakitzea xede
Legea onartzen denetik, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar izanen haurdunaldia eteteko. «Orain arte bezala, emakumeek ez dute erabaki hori bakarrik hartuko, eta beren senideekin, lagunekin eta gertukoekin kontsultatuko dute ziurrenik, baina garrantzitsuena zera da: azken erabakia norberarena izanen dela, eta estatuak hori errespetatuko duela beti», esan zuen ministroak atzoko agerraldian. Arauak kendu eginen du orain arte indarrean egon den beste baldintza bat: abortatu ahal izateko hiru egunez «gogoeta» egiteko beharra. Iparraldean, martxoan aldatu zuten abortuaren legea. Horren arabera, adingabeek ez dute gurasoen baimenik behar, baina konfiantzazko helduren batekin joan behar dute.
Beste neurri bat ere jasoko du Espainiako legeak: haurdunaldia eteten dutenei gaixo agiria emanen zaie, eta arta eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak ere eskainiko zaizkie. Abortuak osasun sare publikoan eginen dituzte: «Hori izanen da erreferentziazko sarea, eta emakumeek aukera izanen dute haurdunaldia eteteko beren bizilekutik gertuen dagoen zentroan», azaldu zuen Monterok.
Aborturik egin nahi ez duten medikuen kontzientzia eragozpena bermatu eta, era berean, abortatzeko eskubidearen bidean traba izan ez dadin, kontzientzia eragozleen zerrenda bat onduko dute. Nafarroan, bide bera hartu zuen Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren gobernuak 2015eko Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko foru dekretuan.
HAURDUNALDIARI LAGUNTZA
Lehentasun izanen da haurdunen borondatea
Haurdunaldia bururaino eraman nahi dutenen kasuan ere, legeak «lehenetsi» eginen du emakumeen borondatea eta ongizatea. Horretarako, «praktika onak sustatzeko neurriak» ezarriko dituzte, haurdunaldiaren fase guztietan. Indarrean jarri nahi dituzten neurrietako bat da erditze aurreko gaixo agiria, haurdunaldiko 39. astetik aurrera. Edonola ere, baimen berri horrek ez dio egunik kenduko erditu osteko amatasun baimenari.
KONTRAZEPZIOA
Antisorgailuak, herritar denen eskura
Abortatzeko eskubideaz gain, kontrazepzio metodoak orokortzeko zenbait neurri ere jaso dituzte lege berrian. Batetik, hurrengo eguneko pilula doan banatuko dute osasun etxeetan eta sexu eta ugalketa osasuneko zentroetan. Gaur egun, farmazietan eros daiteke hurrengo eguneko pilula, errezetarik gabe eta 20 euroan. Bestalde, pilula antisorgailurik berrienak sartuko dituzte gizarte segurantzan, eta gizonentzako kontrazepzio metodoak sustatuko dituzte, «erantzukizuna ez dadin emakumeena soilik izan».
OSASUN MENSTRUALA
Neurri aitzindariak, hilekoa tabu izan ez dadin
Abortuaren Legeak atal berezia eskainiko dio emakumeen osasun menstrualari, «bizitzaren fase guztietan». Neurririk ezagunena aurreko egunetan iragarri dena da: hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea aitortuko diete. Horrez gain, ordea, beste zenbait neurri ere jasoko ditu arauak: higiene menstrualerako produktuak —tanpoiak, konpresak eta kopa menstrualak, besteak beste— doan banatuko dituzte institutuetan, espetxeetan, gizarte etxeetan eta bestelako guneetan, «pobrezia menstruala bukatzeko xedez».
SEXU HEZIKETA
Hezkuntzan eragin, Skolaek urratutako bidetik
Arau berrian, berebiziko pisua izanen du sexu heziketaren auziak. Monterok esplizituki aipatu ez bazuen ere, igartzen da Skolaeren gisako programek zabaldutako bideari eutsi nahi diola Berdintasun Ministerioak. Zehazki, «derrigorrezko sexu heziketa integrala» ezarri nahi dute hezkuntzako fase guztietan, «adostasunean eta tratu onetan oinarritutako sexu harremanak» sustatze aldera: «Erabaki behar dugu gure seme-alabek nola deskubrituko duten sexua; pornografia biolentoaren bidez, edo errespetua ardatz izanen duen heziketa baten bidez». Sexu heziketari buruzko kanpaina bereziak ere sustatuko dituzte ikastetxeetan, eta, horien barruan, antisorgailuak banatuko dituzte. Horrez gain, sexu osasunerako zentro espezializatuak sortu nahi ditu Berdintasun Ministerioak, eta telefono bidezko arta ere indartuko dute. Azkenik, sexu heziketari eta osasun menstrualari buruzko prestakuntza berezia eskainiko diete irakasleei, langile publikoei eta espetxeetako funtzionarioei.
INDARKERIA MOTAK
Haurdunaldi subrogatua jomugan, baina zigorrik gabe
Haurdunaldi subrogatua «emakumeen aurkako indarkeria erreproduktibo» gisa sailkatuko dute Abortuaren Legean. Gaur egun ere praktika horiek debekatuta daude Espainian, baina lege berriak ez du joko horien bila atzerrira doazen bikoteen aurka, hasieran aukera hori planteatu bazen ere. Bestelako indarkeria mota batzuk ere jasoko ditu legeak; besteak beste, desgaitasunen bat duten emakumeak esterilizatzea eta haurdun gelditzera edo abortatzera behartzea.
Ikusi gehiago:Eragileek ontzat eman dute legearen edukia, urrats gehiago eskatu duten arren