«Abortuaren auzia ez da inoiz desagertzen», hasi da azaltzen Cristina Fallaras kazetari feminista espainiarra. Latinoamerikatik jasotako irakaspenak aipatu ditu jarraian: «Emakumeen eskubideen erdigunean dago abortatzeko eskubidea, baita ultrakontserbadoreen erasoaldien erdigunean ere». Alboan du Luciana Peker ekintzaile argentinarra; Madrilen bizi da azken hilabeteetan, abortatzeko eskubidearen alde egiteagatik jasandako mehatxuetatik ihesi: «Ez gara ari soilik agenda zabal baten barruan dagoen eskubide batez, baizik eta emakumeen eta sexu disidenteen indarra nabarmentzeaz, atzera eginarazi nahi gaituztenen aurrean». Euskal Herrian izan dira egun hauetan, Nire ahotsa, nire erabakia kanpaina aurkezten: sinadurak biltzen ari dira, Europako Batasunean abortatzeko eskubidea bermatzeko herri ekinbide bat aurkezteko.
Zehazki, ekainaren 5erako —hurrengo egunean hasiko dira estatu batzuk Europako Parlamentuko hauteskundeetan bozkatzen— milioi bat sinadura aurkeztu nahi dituzte Europako Batzordean. «Espero dugu ezetz, baina litekeena da Europako hurrengo gobernua eskuinak eta eskuin muturrak osatzea, eta, halere, herriari entzun beharko diote, eta erantzun», esplikatu du Fallarasek. Europan herri ekinbide bat martxan jartzeko, gutxienez zazpi estatu kideren partaidetza behar da. Zortzitan abiatu dute kanpaina: Austrian, Eslovenian, Espainian, Finlandian, Frantzian, Irlandan, Kroazian eta Polonian. Beraz, Euskal Herri osoko herritarrek parte har dezakete sinadura bilketan, webgune honetan: www.myvoice-mychoice.org.
Proiektuaren helburua argia da: «Europako Batasunean bizi diren emakume guztiek, edozein administrazio egoeratan daudela, eskubidea izatea haurdunaldia borondatez eteteko, haien segurtasuna arriskuan jarri gabe eta ordaindu gabe». Hala ere, ekinbideak ez du legerik ekarriko, Europako Parlamentuak ez duelako eskumenik osasunaren eremua arautzeko. Hortaz, nazioarteko programa bat ezarri nahi dute, Europako Batasunak finantza ditzan haurdunaldiak eteteko egin beharreko lekualdatzeak. Adibide bat jarri du Fallarasek: «Polonian debekatua dago abortatzea, baina, programa horren bidez, han abortatu nahi duten emakumeak Alemaniara joango lirateke, EBk finantzatuta».
Abortatzeko zailtasunak
Baina, herri ekinbidearen bidez, eztabaida bat ere ireki nahi dute. «Hitz egin dezagun abortatzeko eskubideaz Europako Batasunean, hogei milioi emakumek ez baitute libreki, segurtasunez eta doan abortatzeko eskubiderik. Non jartzen gaitu horrek?», galdetu du Fallarasek. Haurdunaldia borondatez etetea guztiz debekatuta dago, adibidez, Polonian eta Maltan, baina beste estatu batzuetan, legez baimenduta egon arren, ez da librea, edo ez da doakoa, eta abortatzeko aukera emakumeen egoera ekonomikoaren araberakoa da.
«Hitz egin dezagun abortatzeko eskubideaz Europako Batasunean, hogei milioi emakumek ez baitute libreki, segurtasunez eta doan abortatzeko eskubiderik. Non jartzen gaitu horrek?»CRISTINA FALLARASEkintzaile feminista eta kanpainaren sustatzailea
Hego Euskal Herrian eta Espainian, berriz, paperik ez duten emakumeentzat zaila da abortatzea, osasun sistemarako sarbidean oztopoak dituztelako. Horrez gain, kontzientzia eragozpenak dakarren arazoa deitoratu du Fallarasek: «Lurraldearen erdian ez da aborturik egiten osasun sistema publikoan, eta egiten den tokietan zentro pribatuetara bideratzen dira. Eta ez nituzke zentro horiek kritikatu nahi, bizia salbatu digute askotan, baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik salatu osasungintza publikoan ez dela aborturik egiten kontzientzia eragozpenaren ondorioz».
Okerrera egin dezake, kanpainaren bidez ohartarazi nahi dutenez, eskuin muturraren oldarraldiari begira. «Obsesio handia dute emakumeen eskubideekin, feminismoa delako haien aurkako mugimendu global bakarra», azaldu du Pekerrek. Eta mehatxu horren aurrean abortua sinbolikoa dela nabarmendu du Fallarasek: «Eskubidea kendu egin daiteke formalki kendu gabe, hainbat neurri hartuz, ez dadin praktikara eraman».
«Abortatzeko eskubidearen defentsa feministon bandera politiko bat da, eskubide horren aurkako erasoa eskuin muturraren bandera politikoa den bezala»
LUCIANA PEKEREkintzaile feminista eta kanpainaren sustatzailea
Italian dago adibidea: Giorgia Meloniren gobernuak berriki onartu du abortatzeko eskubidearen aurkako taldeak kliniketara sartzea haurdunaldia eten nahi duten andreak «aholkatzeko», eta orain haurdunak fetuaren taupadak entzutera behartu nahi ditu. Europako beste leku batzuetan ere zerbait egosten ari da, Fallarasen hitzetan: «Martxoaren 8ko Esloveniako Institutuak antzeman du abortuaren aurkako mugimenduaren gaineko inbertsioa areagotu egin dela. Ultrakatolikoek eta ultrakontserbadoreek beti erabili dituzte finantzaketa bide pribatuak, baina orain erakunde publikoetatik ere jasotzen dute dirua: Espainian, [Juan Manuel] Moreno Bonillaren Andaluziako Juntak [PP] handitu egin du abortuaren aurkako mugimenduaren diruztatzea».
«Gorroto misoginoa»
Pekerrek ere ondo daki nola jokatzen duen eskuin muturrak. Argentinako presidente Javier Mileik begiz jota ditu emakumeen eskubideak, eta, tartean, abortatzekoa. «Finantzaketa kendu die segurtasunez abortatzeko botikak egiten dituzten zentroei, itxi egin du nerabeen haurdunaldiak saihesteko programa, eta antisorgailu batzuk debekatu ditu. Gainera, Omnibus legearen bidez, neurri aitzindari bat indargabetu nahi du: emakumeak erretiratzen direnean, seme-alaba bakoitzagatik urtebeteko lana aitortzen zaie, zaintza lan gisa aitortua baitago».
Beraz, argi du ekintzaile argentinarrak: «Ez daude ez biziaren, ez familiaren, ez amatasunaren alde, baizik eta emakumeen kontra: eskuin muturraren bihotza gorroto misoginoa da, emakumeen zapalkuntza». Eta erreakzio bat da: «Emakumeak eta sexu disidenteak gure desiraz hitz egiten ari garen garai historiko honetan, eskuin muturrak errura itzuli nahi du. Desira minez ordainarazi nahi du, ama ez izatea erabakitzen duten emakumeak zigortu. Abortuaren aurka daudela diote, baina egiaz emakumeen askatasunaren, eskubideen eta desiraren aurka daude». Horregatik uste du borroka ez dela amaitu: «Abortatzeko eskubidearen defentsa feministon bandera politiko bat da, eskubide horren aurkako erasoa eskuin muturraren bandera politikoa den bezala».