13/13 auzia

Abokatuek uste dute 13/13 auziko epaiak torturak balioztatzen dituela

Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.

Aiert Larrarte eta Jone Goirizelaia abokatuak. ANDONI CANELLADA / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 6a
11:26
Entzun

13/13 auziko akusatuen abokatuek epaia baloratu dute, eta adierazi dute horrek «CNIren parte hartze iluna, torturak, miaketa irregularrak eta Non bis in idem printzipioaren urratzea» balioztatu egiten dituela. Iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean.

Aiert Larrarte, Jone Goirizelaia eta Alfontso Zenon abokatuek esan dutenez, epaiketan Guardia Zibilak eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek «interpretazio behartu bat» egin dutela, «haien irizpideen arabera eta frogetan oinarritzen ez dena», aldez aurretik ezarrita zeuden ondorioetara iritsi ahal izateko, eta epaiak interpretazio hori ontzat eman duela besterik gabe: «Horrek defentsa egiteko aukerarik gabe utzi gaitu». Bereziki, «CNIren jarduera iluna» ontzat eman izana kritikatu dute: «CNIkoei ez diete deklaratzera deitu, dokumentuak ez dira desklasifikatu eta jarduera hori ezkutuan gorde dute».

Nabarmendu dute auziaren jatorria «legez kanpoko polizia operazio bat» izan dela, miaketak «irregularrak» izan zirela eta telefono entzuketak ere ez zirela legearen arabera egin: «Epaiak ontzat ematen ditu eskubideen urraketa horiek guztiak», azaldu dute.

Epaiak ukatu egiten du atxilotuetako batzuek torturak pairatu zituztela, baina, abokatuen arabera, tortura horiek aski frogatuta daude: «Naia Zurriarainek epaiketan emandako testigantza argia, sendoa eta beldurgarria izan zen», esan du Jone Goirizelaia abokatuak. Nabarmendu du tortura salaketak hasiera-hasieratik egin zirela, auzitegi medikuek jaso egin zituztela euren txostenetan, Istanbulgo Protokoloak ere frogatutzat eman zituela torturak, eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako txostenak, Eusko Legebiltzarrak eta EHUk ontzat eman dutenak, tortura horien berri ematen duela: «Torturak akreditaturik eta frogaturik daude».

Non bis in idem printzipioa ere urratu egin dela uste dute abokatuek. Printzipio horren arabera, inor ezin da birritan epaitu delitu beragatik. Urratze hori justifikatzeko, epaian «oso interpretazio bitxia» egiten da talde armatuko kide izatearen delituaren inguruan, eta adierazten da akusatuetako batzuk ETAko kideak zirela kartzelara sartu aurretik, kide izateari utzi ziotela kartzelara sartu zirenean eta berriro izan zirela ETAko kide kartzelatik ateratakoan. «Interpretazio hori jurisprudentzia guztiaren kontrakoa da; Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia ez ezik, nazioartekoa ere ezeztatzen du».

Gainera, abokatuek uste dute epaian erabiltzen diren argudioak «gaur egungo errealitate sozialetik at» daudela, eta gogorarazi dute epaiak beti eman behar direla testuingurua aintzat hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.