13/13 auziko akusatuen abokatuek epaia baloratu dute, eta adierazi dute horrek «CNIren parte hartze iluna, torturak, miaketa irregularrak eta non bis in idem printzipioaren urratzea» balioztatzen dituela. Iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean.
Aiert Larrarte, Jone Goirizelaia eta Alfonso Zenon abokatuek atzo Bilbon egindako agerraldi batean esan zutenez, Guardia Zibilak eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek «interpretazio behartu bat» egin zuten epaiketan, «haien irizpideen arabera eta frogetan oinarritu» gabe, aldez aurretik ezarrita zeuden ondorioetara iristeko; eta epaiak interpretazio hori ontzat eman du, besterik gabe: «Horrek defentsa egiteko aukerarik gabe utzi gaitu». Bereziki, «CNIren jarduera iluna» ontzat eman izana kritikatu dute: «CNIkoei ez diete deklaratzera deitu; dokumentuak ez dira desklasifikatu, eta jarduera hori ezkutuan gorde dute».
Nabarmendu dute auziaren jatorria «legez kanpoko polizia operazio bat» izan zela, miaketak «irregularrak» izan zirela, eta telefono entzuketak ere ez zirela legearen arabera egin: «Epaiak ontzat ematen ditu eskubideen urraketa horiek guztiak».
Sententziak ukatu egiten du atxilotuetako batzuek torturak pairatu zituztela, baina, abokatuen arabera, tortura horiek aski frogatuta daude: «Naia Zurriarainek epaiketan emandako testigantza argia, sendoa eta beldurgarria izan zen», esan zuen atzo Goirizelaiak. Nabarmendu zuen tortura salaketak hasiera-hasieratik egin zirela, auzitegi medikuek jaso egin zituztela euren txostenetan, Istanbulgo Protokoloak ere frogatutzat eman zituela, eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz egindako txostenak —Eusko Legebiltzarrak eta EHUk ontzat eman dutenak— horien berri ematen duela: «Torturak egiaztaturik eta frogaturik daude».
Non bis in idem printzipioa ere urratu egin dela uste dute abokatuek. Printzipio horren arabera, inor ezin da birritan epaitu delitu beragatik. Urratze hori justifikatzeko, epaian «oso interpretazio bitxia» egiten da talde armatuko kide izatearen delituaren inguruan, eta adierazten da akusatuetako batzuk ETAko kideak zirela kartzelara sartu aurretik, kide izateari utzi ziotela kartzelara sartu zirenean, eta berriro izan zirela ETAko kide kartzelatik ateratakoan. «Interpretazio hori jurisprudentzia guztiaren kontrakoa da; Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia ez ezik, nazioartekoa ere ezeztatzen du».
Gainera, abokatuek uste dute epaiko argudioak «gaur egungo errealitate sozialetik at» daudela, eta gogorarazi dute epaiak beti eman behar direla testuingurua aintzat hartuta.
Abokatuek uste dute 13/13 auziko epaiak torturak balioztatzen dituela
Salatu dute sententziak ontzat eman duela «CNIren jarduera iluna», eta auziaren jatorria «legez kanpoko polizia operazio bat» izan zela. Helegitea aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Gorenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu