Euskal presoak. '13/13 auzia'

Abokatuek konponbide prozesuan eginiko lana balioetsi dute akusatuek

ETAko edota Halbokako kide izatea ukatu dute auzipetuek, eta gaineratu «erabakigarria» izan zela presoen arteko eztabaida bideratzea. Jasandako torturak azaldu dituzte Zuriarrainek eta Agirrek

Auzipetuak eta abokatuak, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzara sartzen. MARTA JARA / FOKU.
jon olano
Madril
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean bigarren epaiketa eguna izan zuten atzo goizean 13/13 sumarioan; aurretiazko gaiak eztabaidatuta, akusatuek hitza hartzeko saioa izan zen atzokoa, eta, besteak beste, akusatuek nabarmendu zuten abokatuek lan garrantzitsua egin dutela Euskal Preso Politikoen Kolektiboak espetxe legeria baliatzeari buruzko eztabaida ahalbidetzeko eta, funtsean, gatazkaren konponbide prozesuan pausoak eman ahal izateko.



Atal horretan, atzoko saioan protagonismoa hartu zuten bi testigantzak: Arantza Zuluetarenak eta Jon Enparantzarenak. Batetik, horiek eman ziotelako balioa abokatuek konponbide prozesuari eginiko ekarpenari; bestetik, biak izan zirelako 11/13 auzian, akordioa eginda, 47 auzipetuetatik kartzelara joan ziren bakarrak, beste 45ek espetxea saihestearen truke. Eta, azkenik, atzoko saioan berriro agerian geratu zelako Zulueta eta Enparantza direla fiskaltzak jomugan dituenak.

Izan ere, Halbokako, Koordinazio Taldeko (KT) eta, finean, ETAko kide izatea leporatzen diete biei. Zuluetak ukatu egin zuen: «Ez naiz Halbokako kide izan, ezta ETAko ezein aparatutakoa ere. Ez dut iraultza zerga kudeatu, eta ez dut komunikazio jarraiturik izan ETArekin». 2019ko irailaren 15ean, ordea, hiru urte eta zortzi hilabeteko zigorra jaso zuen Zuluetak, onartuta erakunde armatuko kidea zela, zuzendaritzakoa. Hori argitu zuen Zuluetak: «Asumitu nuen abokatuen kolektiboko kidetza, 1989tik hartu baitut parte horretan. Perspektiba horretatik onartu nuen KT-rekiko kidetza, presoak momentu horretan egiten ari ziren eztabaida koordinatzearen perspektibatik».

Irakurri gehiago: Naia Zuriarrain: «Ukitzen hasi ziren, iruzkin sexualak egiten, umiliatzen, iraintzen»

Zuluetak erantsi zuen kidetza hori onartu zuela harekin auzipetuta zeudenetatik 45ek kartzela saihesteko, eta «pauso on bat» zelako «demokraziarako, bakerako eta elkarbizitzarako egiten ari den bidean». Testuinguru horretan saiatu dira 13/13 auzian ere akordio bat lortzen, Zuluetaren esanetan: «Uste dugulako onena dela oraintxe, elkarbizitza sendotzeko».

Antzera mintzatu zen Enparantza: ukatu egin zuen ETAkoa edo Halbokakoa zela, eta erantsi ez duela sekula ETArentzako mezularitza lanik egin edo iraultza zerga kudeatu. Baina analisi politiko bat eginez amaitu zuen hitzaldia: «Presoen kolektiboaren eztabaidaren kudeaketan, momentu garrantzitsuak daude: ezker abertzalearen estrategia aldaketa, ETAren jarduera-ren amaiera, eta kolektiboaren espetxe politikaren eztabaida». Emaitza «gatazka politikoa konpontzeko erabakigarria» izan zela uste du Enparantzak: «Egia da oraindik ixteke dauden gaiak ditugula, presoen askatze prozesua eta bi aldeko biktimen aitortza kasurako, baina abokatuok jokatu genuen rola oso garrantzitsua izan zen».

Torturaren testigantzak

Zuluetaren eta Enparantzaren deklarazioez harago, ordea, beste bi testigantzaren gordintasunak bereganatu zuten arreta; atxiloaldian jasandako torturak eta indarkeria sexuala azaldu zituzten Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek. Epaimahaiaren ezinegona piztu zuten biek; Agirreren kasuan, Carmen Gonzalez Pastor epaileak keinu ugari egin zituelako, Ibon Altuna abokatuak ez zezan Agirreren deklarazioa bideratu; eta Zuriarrainenean, Angela Murillo epaimahaiburuak Jone Goirizelaia abokatua eten zuelako Estrasburgoko auzitegiaren ebazpenak eta Jaurlaritzak torturaz eginiko txostena aipatzean. Biek azaldu zuten tortura horien pean deklaratu zutela: Guardia Zibilak idatzi zituela deklarazioak, eta biei edukiak ikasarazi zizkietela.

Bestalde, abokatu gisa eginiko lana azaldu zuen Iker Sarriegik ere. «Urtean ehun bat bezero genituen; garai hartan, atxilotu asko zeuden. Gure indargunea zen Auzitegi Nazionalean egiten genuela lan, eta auzitegian aurkeztu nahi zutenek guregana jotzen zuten». Aiert Larrarte abokatuak galdetu zion ea inoiz inor lagundu al zuen ihes egiten edo ETAn sartzen, eta ezetz erantzun zuen Sarriegik. Gainera, auzitan jarri zuen bere bulegoa miatzean agertutako USB baten jatorria eta horren edukia; izan ere, azaldu zuenez, L formako mahai bat zuen bulegoan, eta guardia zibil bat mahaia bitan banatzen saiatzen ari zen, makurtuta. Lurrean ordu laurden pasa igaro ondoren aurkitu omen zuen USBa, Sarriegik berak ezagutzen ez zuena. Besteak beste, 2005ean Frederic Haranburu Xistor-ek bidalitako gutun bat zegoen bertan, baina Sarriegik argitu zuen 2005ean ez zegoela ez kolegiatua, ez bulegorako lanean.

Irakurri gehiago: Saioa Agirre: «Galdetu zidaten ama izan nahi al nuen; prestatzeko, ez nintzela izango»

Julen Zelarain prest agertu zen fiskalaren galderei erantzuteko, eta hark behin baino gehiagotan galdetu zion Zuluetarekiko eta Enparantzarekiko harremanaz. Poliziak Ilazki ezizenarekin lotzen du Zelarain, baina hark eta Larrarte abokatuak azaleratu nahi izan zuten ezinezkoa dela Zelarain Ilazki izatea. Adibide gisa jarri zuten Poliziak 2005eko urtarrilaren 11ko bilera batean kokatzen duela Ilazki, baina garai horretan Zelarain Soto del Realen zegoela preso.

Zelarainek azaldu zuen ez duela ulertzen zergatik dagoen auzipetuta 13/13 sumarioan, iruditzen baitzaio aurrez betetako zigorraren akusazio berarengatik epaitzen ari direla. Izan ere, espetxean zegoela, 2014an jakinarazi zioten auzipetze auto bat jasoko zuela, ETAko kide izatea egotzita: «Egunero miatzen zidaten ziega, eta ez zuten dokumenturik aurkitu. Ez zidaten etxea miatu, ez galdekatu. Sinesgaitza egiten zait ni auzi honetan egotea».

Murillo epaileak Txomin Aizpurua deklaratzera deitu ondoren —defentsako abokatuek gogorarazi zioten Aizpurua jada ez dagoela auzipetuta, onartu ziotelako aurrez epaitua izan zela delitu berarengatik—, Nerea Redondo izan zen hitza hartzen azkena. Prest agertu zen fiskalak eta herri akusazioek egindako galderei erantzuteko, eta jakin nahi zuten Redondok Juan Mari Jauregiri emandako 44.500 eurok zerikusirik ote zuen iraultza zergarekin edo ETA diruz laguntzearekin. Redondok azaldu zuen bere lan profesionalean aurreztutako dirua zela, eta gogorarazi zuen 2010eko apirilaren 29an, atxiloketen ondoren, bere borondatez aurkeztu zuela diruaren jatorria justifikatzeko dokumentazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.