Abertzaleen Batasuna. Amaiera

ABk desegitea erabaki du

Bere burua desegitea erabaki du Abertzaleen Batasuna alderdiak, eta indar guziak EH Bain emanen ditu. Ipar Euskal Herriko abertzaleen bilgune izateko sortu zen. Azken hamarkadetako joko politikoa markatu du.

2. 2001eko urriaren 6an Uztaritzen egin zuten biltzar nagusia. Orduan zatitu zen Abertzaleen Batasuna. EUSKALDUNON EGUNKARIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Jakes Bortairuk jakinarazi zuen EH Bairen udako unibertsitateen karietara egin zuten biltzar nagusian: bere ibilbidea bukatutzat eman du Abertzaleen Batasunak. Azken urteetan isilik egon bada ere, egiturak bere horretan zirauen, eta idazkaritzak bilkurak egiten zituen tarteka; Bortairu bera, ABko ordezkari gisa zegoen EH Baiko zuzendaritzan. EAren, ABren eta Batasunaren arteko koalizio gisa abiatu zen ezkerreko abertzaleen mugimendua 2007an, eta bakoitzak ordezkaritza bat izan du orain arte. Azaroaren 26an eginen duen lehen kongresuaren harira, barne instantzien berregituraketa bat onartu beharra du EH Baik, eta, horretan, orain arte alderdiek zuten ordezkaritza desagertuko da. Momentu hori hautatu du Abertzaleen Batasunak bere burua desegiteko. «Aitzineko fasean ziren zatiketa lerroak desagertu dira; gaur egun ABk ez du funtzio espezifikorik betetzen», esplikatu dio Bortairuk BERRIAri. Horrela dio ABk EH Baiko kideei helarazi dien mezuak ere: «Gaur egun, Ipar Euskal Herrian, EH Bai da ezkerreko abertzaleentzat tresna egokia. Inolako damurik gabe erabaki dugu desegitea».

2001eko urriaren 6an Uztaritzen egin zuten biltzar nagusia. Orduan zatitu zen Abertzaleen Batasuna. BERRIA

1988an sortu zen Abertzaleen Batasuna, Frantziako Asanblearako hauteskundeetarako koalizio gisara. Orduan Ipar Euskal Herrian ziren ezkerreko abertzaleen ildo gehienak batu zituen bere barruan: EB Euskal Batasuna, EA Eusko Alkartasuna eta EMA Euskal Mugimendu Abertzalea. Hiru hautesbarrutietan aurkeztu zituzten hautagaiak: Jakes Aurnague laugarrenean, Piarres Xarriton bosgarrenean eta Richard Irazusta seigarrenean. Bakar batek ere ez zuen lehen itzuliko langa gainditzea lortu, baina denen artean 7.023 boz batu zituzten.

Ondoko urteetan, hauteskunde gehienetara aurkeztu zen AB, baina EAk ez zuen aldi oro koalizioan parte hartu. EMA, EB eta HA Herriaren Alde mugimenduko kideen, eta militante independenteen inguruan egituratu zen pixkanaka, baina alderdi bakoitzak bere izaera atxiki zuen. Ordurako, Herri Batasunarekin elkarlanean ari ziren.

Euskal departamenduaren aldeko kanpaina izan zen 1990eko hamarkada bukaeran ABk egin zuen kanpaina esanguratsuenetako bat. 1999ko urtarrilean 6.000 pertsona bildu ziren Baionan. Urte bateko lanketaren ondotik, 12.000 pertsona elkartu ziren aldarrikapen beraren inguruan, Ipar Euskal Herriko eremu politiko anitzetako ehun pertsona ezagunek deituta. Xabi Larralde aritu zen, besteak beste, bultzatzaile lanetan: «Ez zen aldarrikapen abertzalea berez; askoz ere jende gehiago biltzen zuen. Maila taktikoan, jendartean biziki modu zabalean partekatua zen aldarrikapen bati mobilizazio dinamika baten bidez indarra eman nahi izan genion». Mobilizazio horien ondotik sortu zen Batera plataforma 2002. urtean, lau aldarrikapen nagusiren inguruan: euskal departamendua, euskararen ofizialtasuna, Ipar Euskal Herriko berezko unibertsitatea eta laborantza ganbera.

Lizarra - Garazi

Abertzaleen arteko batasunean mugarri izan zen 1990eko hamarkada bukaera. 1998ko irailaren 12an izenpetu zuten Lizarrako akordioa Euskal Herriko 23 alderdi politikok, sindikatuk eta herri mugimenduk. Horien artean zen Abertzaleen Batasuna, Ipar Euskal Herriko ordezkari bakarra. «Lizarrara joan ginenean bagenekien zerbait inportantea zela. Politikoki eta pertsonalki nire bizitzako egunik ederrenetakoa izan zen», gogoratu du Mertxe Colinak. Gerora, Ipar Euskal Herriko eragile batzuk ere integratu zituzten akordioan, hala nola ELB, baina baita Ipar Euskal Herriko Berdeak eta CFDT ere —behatzaile gisa—. Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkan zuen erantzukizuna azpimarratu zuen ABk garaian. «Frantziako Estatuak borondatea agertu behar du bake prozesuak aitzina egin dezan. Ipar Euskal Herriak bizi duen blokeo politikoa eten behar du».

Lizarrako akordioa aurkezteko Abertzaleen Batasunak egindako prentsaurrekoa 2001eko irailean. BERRIA

Colinaren hitzetan, «amets bat» zen Lizarra-Garazi. «Udalbiltzaren proposamena etorri zenean, independentziaren haziak ereiten ari ginela uste nuen». Markel Olano, Rafa Larreina eta Mikel Kortarekin Venezuelara abiatzekotan zirela jakin zuten ETAk su etena bukatutzat emateko asmoa zuela. Guardia Zibil batek jakinarazi zien, Sondikako aireportuan, Gara egunkaria aipatuta. «Esperantza» bazuten oraindik, eta hori helarazi zuten akordioa esplikatzeko Caracasen egin zituzten bilkuretan. Baina urtarrilean lehen atentatua iritsi zen; eta, otsailean, Fernando Buesa Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko eleduna eta Jorge Diez Elorza bizkartzaina hil zituen ETAk. «Nahiz eta biltzen segitu, pixkanaka beste forma bat hartu zuen eta etsi zen». Colinaren iritziz, «aukera galdu bat» izan zen.

2000. urteko urrian, bortizkeriaren erabilpenari buruz zuen jarrera argitzeko ezohiko biltzar nagusia egin zuen ABk. Lau mozio aurkeztu ziren: batek borroka armatua osoki babestea proposatzen zuen, eta beste batek, haatik, gaitzestea. Gainerako biek erdibideko proposamena egiten zuten, babeste eta gaitzespenetan sartu gabe borroka armatua gainditzeko irtenbide politikoak atzemateko beharra azpimarratuta. Horren alde egin zuen gehiengoak. «Euskal Herrian ez dago bortizkeria bakar bat, bi estatuek gure herriaren oinarrizko eskubideak ukatu eta ukatzeko erabiltzen duten bortizkeria etengabea baita», adierazi zuten berantago, bozka azaltzeko prentsaurrekoan. ABko kideen aniztasuna nabarmendu, eta batasuna atxikitzea beharrezkoa zela ere adierazi zuten.

2001eko zatiketa

Baina ez zuen luze iraun batasunak. XXI. mendeko hastapenetan arrakalak sakontzen hasi ziren ABko korronteen artean, eta eztabaida prozesu bat abiatu zuten. Eztabaida hori«hainbat kontradikzio agertzen diren garaian» piztu zen, orduan zabaldu zuten txostenaren arabera. Beste indar abertzaleekin ukan beharreko harremanak, instituzio eskakizunak, borroka armatuari buruzko jarrerak, ezkerrean edo eskuinean kokatzeak eta hauteskundeetako aliantzek «kezkak eta kexak sortu» zituzten ABren barruan.

Euskal Herriko alderdi politiko abertzale eta sozialista sortzeko eratu zen Batasuna prozesuak ekarri zuen haustura azkenean. ABko kide batzuek osoki bat egin zuten desmartxarekin, beste batzuk erabat uzkur zeuden. 2001eko urriaren 6ko biltzar nagusian bi mozioren artean hautatu behar izan zuten militanteek. Alde batetik, Batasuna-ren aldekoek proposatu zuten «korronte edo mugimendu ezberdinen elkargunea izaten jarraitzea» ABk. AB indartu eta Lizarra-Garazi prozesua berretsi mozioak, ordea, AB «alderdi politiko» bihurtua zela zioen, eta biltzar nagusiari hori onar zezala eta horren arabera estatutuak berrikus zitzala proposatu zion. Mozio horrek 176 boz lortu zituen; Batasunak aurkeztutakoak, berriz, 78.

Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina bat baino gehiago egin izan ditu Abertzaleen Batasunak. BERRIA

Mozio irabazleak ezker abertzalearen antolaketari buruz «koordinazio bat xutik ezartzea» proposatzen zuen, AB, Batasuna, Aralar, Zutik, Batzarre eta EAE-ANVren artean. Horrekin, «indar abertzale guztien batasunaren perspektiban sartzen diren iniziatiba nazional batzuk bultzatu» nahi zituzten. Oro har , «ETAren su eten mugagabe baten itzulera» nahi zuten, «populakuntzari autodeterminazio eskubidearen defentsa bere eskutan hartzeko ahala emateko». Mozio horren izenpetzaileek zeritzoten ETAk, su etena haustean, «huts politiko argi eta garbia» egin zuela.

Ondoko egunetan bi aldeetatik elkarlanerako mezuak zabaldu baziren ere, ABren hausturak arrakala sortu zuen mugimendu abertzalean, pertsonen arteko harremanak moztu eta elkarren arteko ezinikusiak eragiteraino. Biltzar nagusi hura «negarrez» bukatu zuela gogoan du Colinak. «Lagun taldeak eta familiak zatitu zituen. Jende asko etxera joan zen», oroitu du Bortairuk. «Momentu gogorrak», gogoan ditu Larraldek ere. «Biziki oroitzapen txarrak ditut garai hartaz», kontatu du Menane Oxandabaratzek. ABko langilea izan zen 2000. hasieratik. «Bide handi berean ginen, baina helburura heltzeko ez genituen bidexka berak hartu nahi. Lagunak galtzea, etiketa gatazka, ez gehiago elkar agurtzea, bakoitzak bere logoa izatea kopeta gainean... Politika biziki arlo gogorra da gatazkak edo desadostasunak daudenean».

2002ko martxoan, bake ekimen bateratua hitzartu zuten EA, AB, Aralar, Zutik eta Batzarrek, besteak beste, ETAk su etena ezartzeko beharra azpimarratuta. Urte hartan, banaturik antolatu zuten Aberri Eguna Ipar Euskal Herriko indar abertzaleek: Batasunak Donibane Lohizunera (Lapurdi) deitu zuen, eta ekitaldi nazionala egin zuen bertan. ABk Donibane Garazin antolatu zuen, eta Lizarratik Garazirako bidearen azken zatia irudikatu zuten giza kate baten bidez. Egun horretan eman zien erantzuna ETAk EA, AB, Aralar, Zutik eta Batzarreri. «Bakea ETAren su etenean oinarritzen dutenek begi bakar ikusten dute, eta, gainera, begi oker». Colina: «ETAri, EAJri eta estatuei egin genien eskaera, Lizarratik Garazirako bidea egiteko berriz».

EH Bairen sorrera

Ezkerreko abertzaleen arteko tentsioak markatutako urteak izan ziren gerora etorri zirenak. AB eta Batasunaren arteko lehia antzeman zitekeen Ipar Euskal Herriko euskal mugimenduko egitura gehienetan. Hauteskundeetan ere islatu zen hori: 2004ko departamenduko hauteskundeetan, ABko eta Batasunako hautagaiak parez pare aurkeztu ziren kantonamendu gehienetan; urte bereko Europako hauteskundeetan Batasunako kideak Herritarren Zerrendan aurkeztu ziren, eta ABkoek Gerard Onestaren hautagaitza babestu zuten Europa Ekologia koalizioan.

Baina ondoko urteetan, abertzaleen arteko elkarrizketei ekin zieten berriz, eta 2007ko Frantziako Asanblearako bozetarako koalizio berri bat aurkeztu zuten ABk, Batasunak eta EAk: Euskal Herria Bai. 10.781 boz bildu zituzten Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan. Behin baino gehiagotan errepikatu zen koalizioa, baina ez hauteskunde guzietan, ABko militantziak Frantziako ezkerrarekin batzearen alde egin baitzuen, hala nola 2009ko Europako hauteskundeetan.

Abertzaleen Batasunak 2x2 errepidearen kontra egindako ekintza, Izpuran (Nafarroa Beherea), 2005eko irailean.

Andde Sainte-Marie izan zen Frantziako ezkerrarekin indar korrelazioak atzematearen alde egin zutenetako bat. «Bilatzen genuen hauteskunde estrategian efikazia zerbait. Norabide politikoak ezberdinak izanik ere, ezkerreko balioak amankomunak izaten ahal zirelako, eta direlako gaur egun ere». Hauteskundeak aitzin behin eta berriz errepikatu zen eztabaida izan zen ABren barruan. 2013ko udazkenean egin zuten bi eguneko biltzar nagusian erabaki zuten, behin betiko norabide estrategikoa: %60k EH Bairen formula babestu zuten; %40k, Frantziako ezkerrarekin adostasunetara heltzea. Ondoko astean, ABren zuzendaritza uztea erabaki zuen Sainte-Mariek. Gaur egun, Akitania Berria eskualdeko hautetsia da Alain Rousset PSko presidentearen zerrendan. «Hainbat arlotan hurbil sentitzen naiz EH Baitik, eta maiz bozkatu izan dut», erran du. «EH Bai da ABren segida logikoa. Bada hari gorri bat». Garai batean AB izan zen bezala, EH Bai da, gaur egun, ezkerreko abertzaleen bilgune.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.