Abisu horiak eta laranjak ezarri dituzte gaurko eta biharko, haizea, olatuak, elurra eta ekaitzak direla eta

Itsaso zakarra izango da, eta litekeena da olatuak pasealekuetara eta malekoietara iristea. Elurra egingo du 800 metrotik gora.

Ekaitza - Itsasoa
Itsasoa, harrotuta, Donostian. JON URBE / FOKU
Erredakzioa
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Iritsi da Louis ekaitza, iritsi da negu giroa. Eta hasia da haizeteak, euria eta olatu handiak sortzen, eta tximistak eta elurra ere ekarriko ditu. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta Meteo France Frantziako meteorologia zerbitzuak abisu laranjak eta horiak ezarri dituzte gaurko eta biharko. Nafarroan ez da abisurik.

Euskalmetek abisu laranja ezarri du gaur itsasaldean, nabigaziorako, lehenengo bi milietan, eguerdiko hamabietatik gaueko hamabietara. Haize indartsua izango da, bost metrotik gorako olatuak espero dituzte, eta itsaso zakarra hainbat lekutan. Gainerakoan, kostaldean abisu horia izango da: litekeena da olatuen ura pasealekuetara eta malekoietara iristea, arratsaldean batez ere.

Elurra botako du gaur, eta hotz egingo du. Euskalmetek abisu horia ezarri du Arabako Erdialdean, Ebroren inguruan eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, elurragatik, eguerdiko hamabietatik gaueko hamabietara. 800 metroan egongo da elur maila. Mila metroan bost zentimetro elur egitea espero dute.  Eskualde horietatik kanpo, euria egingo du, arratsaldean batez ere. Baliteke leku batzuetan kazkabarra ere egitea.

Meteo Francek abisu horia ezarri du gaurko Ipar Euskal Herrian, haizeteengatik, olatuengatik eta tximistengatik, baina ez du baztertu laranjara igotzea. Euri zaparradak izango direla ohartarazi du: litekeena da leku batzuetan 30-40 litro egitea metro koadroko, eta zenbait gunetan metro koadroko 50-60 litrora ere iritsiko dira. 

Bihar, antzera

Antzeko giroa izango da bihar. Euskalmetek gaurko abisuei eutsi die biharko, eta abisu laranja ezarri du kostaldean, olatuek izan dezaketen eraginagatik, itsasgoren garaian: bai goizaldean —03:00etatik 07:00etara—, bai arratsaldean —15:00etatik 19:00etara—. Bost metroko olatuak espero dituzte.

Elurra egingo du. Euskalmetek abisu horia ezarri du 15:00k arte. Elur maila 700 metro inguruan egongo da; arratsaldean mila metrora igoko da. 2-15 zentimetro elur espero dituzte mila metroan, eta, isurialde atlantikoan, tarteka trumoi ekaitzen bat eta kazkabarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.