Abisu gorria jarri dute Nafarroako Pirinioetan, elurteengatik

Tren zerbitzua etenda dago Hendaia, Baiona eta Donibane Garazi artean, haizete bortitza dela eta. Iruñeko Udalak larrialdiko aterpetxea zabaldu du, 80 pertsonentzako tokiarekin.

Elurra kentzeko makina bat, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Elurra kentzeko makina bat, Nafarroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko abenduaren 7a
16:30
Entzun

Negu giroa gero eta nabariagoa da Euskal Herrian, eta meteorologia agentzia hasiak dira eguraldi zakarraz ohartarazten. Aemetek, esate baterako, abisu gorria jarri du Nafarroako Pirinioen aldean, elur handia espero baitute asteburuan: 40 zentimetroko elur metatua, datozen 24 orduetan.

Agentzia horrek jakinarazi duenez, Pirinioetan abisu laranja ezarriko dute 15:00etatik 18:00etara. Arratsaldeko lehen ordu horietan, 1.200 metrotik gora espero dute elurtza, ekialdeko eskualdeetan, batez ere. 800 eta 1.200 metro artean, berriz, bazterrak zuritu bai, baina ez dute espero elurrak aparteko arazorik eraginen duenik. 18:00etatik aurrera, ordea, jaitsi eginen da elur maila, eta elurtea bortitzagoa izanen da: abisu gorria jarri dute ordu horretatik aurrera, eta baita igande osorako ere. Elurteak baretzera joko du astelehenean, eta ordurako, abisu horia aktibatuko dute Pirinioetan. Egun horretan, bost zentimetroko elurra espero du Aemetek.

Aurreikuspen horiek direla eta, Nafarroako Gobernuak Elurragatiko Larrialdi Plana aktibatu du Pirinioetan: itxi egin ditu Belaguako mendatea (Juan Pito bentatik aurrera) eta Larrainekoa (Abodiko eski estazioko sarbidearen parean), elurtearen eta haizetearen ondorioz ibilgailuak harrapatuta gera ez daitezen. Gobernuak adierazi du, hala ere, herrietan ez dutela denboralearen eragina sufrituko, elur metaketarik handiena 1.200 metrotik gora espero baita.

Pirinioetan ez ezik, Nafarroako erdialdean eta Arabako eta Gipuzkoako mendietan ere espero dute elurra. Nafarroan, abisu horia jarriko dute larunbat eta igande arteko gauerdian, eta asteartera arte eutsiko diote alertari. Euskalmeten arabera, berriz, haizeak zakartzera joko du orduek aurrera egin ahala, eta horrek tenperaturaren jaitsiera eraginen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Prezipitazioak ia ez du etenik izanen egun osoan, eta elur kota jaitsiz joanen da, 800-1.000 metro ingururaino.

Ibaiek gainezka egiteko arriskua

Datozen orduetako denboralearen ondorioz, euria ere gogotik eginen du Euskal Herri ia osoan. Isurialde atlantikoa eta mediterraneoa banatzen diren eremuan, esate baterako, 150 litro espero dituzte metro koadroko, eta horrek ibaien ur maila igoko du. Zenbait ibaik eta errekak gainezka egin dezaketela ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta ibaiertzera ez hurbiltzeko aholkatu dute administraziook.

Ibaien ur emariari adi egoteko beharraz hitz egin du Ebroko Ur Konfederazioak ere. Ohar batean adierazi du urak hazi eginen direla datozen orduetan Ebro eta Arga ibaietan. Arga ibaian, gainera, emariaren hazkundea ezohikoa izan daitekeela nabarmendu du konfederazioak, eta uholde arriskuaz ohartarazi.

Kostaldean, haize ufada gogorrak erregistratu dituzte azken orduetan: orduko 121 kilometro abiadura zeraman haizeak Matxitxakon, 110 Oizen, 106 Garbean eta 101 Santa Claran. Jaurlaritzak nabigazioko alerta laranja ezarria du kostaldean gauerdira arte. Halaber, kostaldeko malekoi eta pasealekuetan ibiltzearen arriskuaz ohartarazi dute.

Tren zerbitzua etenda

Meteo France agentziak, berriz, abisu horia jarri du Ipar Euskal Herrian. Haize bortitzak espero dituzte Darragh ekaitzaren ondorioz. SNCF enpresak tren zerbitzua eten du bihar arte. Ez da trenik izanen Baiona eta Donibane Garazi artean, ezta Baiona eta Hendaia artean ere.

LARRIALDIKO BALIABIDEA ETXEGABEENTZAT

Iragarpen meteorologikoen argitara, Iruñeko Udalak larrialdietarako aterpetxea zabaldu du, kalean bizi diren 80 pertsonari ostatu eman ahal izateko. Jesusen eta Mariaren aterpetxea Alde Zaharrean dago, Compañia kalean. Urte osoan, Donejakue bidea egiten duten erromesentzako baliabidea da, baina hotzaldi garaian, etxegabeentzako ostatu bihurtzen da. Larrialdietarako protokoloa aktibatzen da gehienezko tenperaturak 5º artekoak eta gutxienekoak gradu batetik beherakoak direnean, edo euri jasak iragarrita daudenean. Jesusen eta Mariaren aterpetxeaz gain, Iruñeko Udalak baditu beste zenbait baliabide, etxegabeei arta emateko: Trinitarioetako aterpetxea, Etxerik Gabeko Pertsonen Arretarako Udal Zerbitzuaren kaleko lantaldea eta zenbait hotel eta ostatu, familiei harrera egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.