Abian da Eusko Legebiltzarraren hamahirugarren legealdia. Hilabete ere ez da apirilaren 21eko bozak egin zirela, baina Eusko Legebiltzarra eratu da jada. Aurpegi berriz osatutako legebiltzarra izango da, emakumeak eta abertzaleak gehiengo direla. Aurreko hiru legealdietan bezala, Bakartxo Tejeria izango da legebiltzarreko lehendakari, eta beste lau urtez jarraituko du, EAJren eta PSE-EEren babesa eskuratu ondoren. Legebiltzarreko presidentearen hitzetan, martxan jarri den legealdia akordio zabalak izango ditu helburu, eta, «ezinbestez», autogobernu berria.
Nolanahi ere, legealdia ika-mika politikoarekin hasi da. EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritza osatzeko berretsi nahi duten ituna baliatu baitute Mahaiaren gehiengoari eusteko. Oposizioari ez zaio gustatu, eta gaitzetsi dute beren eskariak aintzat hartu ez izana. Izan ere, Susana Corcuera sozialista izango da legebiltzarreko lehen presidenteordea. EH Bilduk eskatua zuen kargu hori, EAJrekin batera ordezkari gehien dituen alderdia delako (27). Baina bigarren presidenteordearen ardura izango du Eba Blancok, eta Eraitz Saez de Egilaz izango da bigarren idazkaria. Jon Aiartza jeltzaleak osatuko du.
Bilkura amaituta, Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarreko eledunak salatu du Mahaiak ez diola erantzuten gizartearen «errealitate politiko eta sozial berriari», eta EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa gaitzetsi du, karguak banatzeagatik. «Izaten ari diren elkarrizketa baztertzaile eta sekretuen lehen emaitza aulkien banaketa hau da». Koalizio subiranistaren eledunak azpimarratu du, dena den, EH Bilduk «iparrorratza oso argi» duela; esan du elkarlana eta elkarrizketa sustatuko dituela «erronka garrantzitsuei» erantzun ahal izateko.
Laura Garrido PPko ordezkaria ere Mahaiaren eraketaren aurka agertu da. Salatu du ez duela euskal gizartearen aniztasuna ordezkatzen, ez eta legebiltzarraren banaketa ere. Eta gogorarazi du aurreko legealdian Elkarrekin Podemosek ordezkari bat izan zuela Mahaian, egun PPk dituen legebiltzarkideak baino gutxiago izan arren —sei zituen EPk, eta zazpi ditu PPk orain—: «Ez da legealdia hasteko modurik onena», esan du. Tejeriaren mintzaldia ere gaitzetsi du Garridok, legebiltzarra eratzeko ekitaldian autogobernua berritzeari buruzko aipamena egiteagatik.
EAJ, aldiz, pozik azaldu da bilkurak emandakoarekin eta Mahaiaren eraketarekin. Joseba Diez Antxustegik Tejeriaren hitzaldia goraipatu du. Bereziki, akordioetan azpimarra egin izana nabarmendu du jeltzaleen legebiltzarreko eledun izendatu berriak. Ildo horretan, adierazi du EAJk talde guztiekin hitz egin duela legebiltzarreko Mahaiaren eraketaz, baita EH Bildurekin ere, nahiz eta koalizio subiranistak kontrakoa esan. Diez Antxustegik erantzun du alderdiko eta legebiltzarreko taldeko ordezkariekin hitz egin dutela.
Jon Hernandez Sumarreko ordezkari bakarrak abstentziora jo du bozketa guztietan; ez du hautagai bakar baten alde egin. Inork ez baitio aldeko botoa eskatu, eta EAJk eta PSE-EEk gehiengoa baliatu dute Mahaia nahierara eratzeko, Hernandezek argitu duenez. Hala ere, Sumarrentzat, garrantzitsuena legealdia abiatu izana da, proposamenak egiten hasteko beta emango baitie. Ildo horretan, Hernandezek nabarmendu du Sumarrek «politika aurrerakoiak» sustatuko dituela.
PSE-EEk ez du baloraziorik egin nahi izan. Eneko Andueza izan zen azkeneko legealdian sozialisten bozeramailea legebiltzarrean, baina ez du prentsaren aurrean hitz egin. Hala ere, alderdiak haren izena erregistratu du legebiltzarreko taldeko bozeramaile gisara. Ikusteko dago osatzear den Eusko Jaurlaritzan sartuko den edo ez, eta, hala eginez gero, bozeramaile nor izendatuko duten. Gaur-gaurkoz, Maria Jesus San Jose da eledunaren albokoa legebiltzarrean.
Autogobernua
Bakartxo Tejeriak, bere lehen hitzaldian, «aurkari politikoarekiko errespetua» eskatu die legebiltzarkideei, eta Joseba Leizaolak 1980an Eusko Legebiltzarreko lehendakari izendatu zutenean helarazitako hitzak ekarri ditu gogora, «Euskadi gure nazioa» eraikitzen jarraitu behar dela azpimarratzeko.
Azken hiru legealdietan ganberako presidente izan denak eta laugarren aldiz erakunde hori gidatuko duen parlamentariak «akordio zabalak» eskatu ditu egungo erronka handiek «erantzunak» izan ditzaten: «Zenbat eta zabalagoak, orduan eta hobeto». Trantsizio ekologikoa, digitala eta «zerbitzu publikoak indartu» beharra aipatu ditu erronka batzuk zerrendatzean.
Horrez gain, argi utzi du legealdi honetan legebiltzarrak «estatus berriari dagokion eztabaida» egingo duela. Esplikatu du «ezinbestekoa» dela «akordio bat» erdiestea Gasteizen, Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko ondoren. Gernikako Estatutua «berritu» behar dela nabarmendu du, eta erantsi Espainiako Estatuaren «plurinazionalitatea» gauzatu behar dela.
Legebiltzarra eratuta, ostegunerako deitu du hurrengo bilkurara. Bateraezintasunen Batzordea hautatuko dute orduan, eta haren ostean jakinaraziko du noiz izango den Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatzeko inbestidura ekitaldia. Argitzeko dago, dena den, zenbat lehendakarigai izango diren. EH Bilduk ez baitu erabaki Imanol Pradales EAJren hautagaiarekin lehiatzeko Pello Otxandianoren hautagaitza aurkeztuko duen ala ez.
Agurreko giroa
Aurreko legealdiko Mahaiko kideek gidatu dute saioaren hasiera, eta, ondorioz, azkenekoz hartu dute parte bilkuran Iñigo Iturrate jeltzaleak, Txarli Prieto sozialistak eta Gustavo Angulo Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, ez baitute legebiltzarrean jarraituko. Gonbidatuen tribunatik entzun dute saioa, Adineko Mahaia eratu denean. Izan ere, parlamentari zaharrenek eta gazteenek gidatu dute bozketa: Miren Gallastegik, Susana Corcuerak, Irune Zuluagak, Eraitz Saez de Egilazek eta Edurne Benito del Vallek.
Iñigo Urkullu buru, azkenekoz izan dira Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako jarduneko sailburuak ere. Gobernuari dagokion lehen ilarako eserlekuetatik ikusi dute agurreko giro nabarmena izan duen bilkura. Saioan keinu ugari izan baitira. Iñigo Urkullu lehendakariarena eta ziurrenik haren lekua hartuko duen Imanol Pradalesena izan da horietako bat: luzaz aritu dira biak hizketan.
Ikusmin handia izan du saioak, eta hedabideentzako gordetako eserlekuak ez ezik, gonbidatuentzako aulkiak ere bete dira. Besteak beste, han izan dira foru aldundietako, Batzar Nagusietako eta alderdi politikoetako ordezkariak.
Zein funtzio nagusi ditu mahaiak?
Legebiltzarreko lanak antolatzeko beharrezko diren erabakiak eta neurriak hartzea.
Legebiltzarraren aurrekontu proiektua prestatzea.
Legebiltzarraren gastuak agintzea.
Legebiltzarreko dokumentuak kalifikatzea, bai eta testu horien onargarritasuna edo onartezintasuna
erabakitzea ere.
- Legebiltzarraren jardunaren ildo nagusiak programatzea, Osoko Bilkuraren eta batzordeen jarduera egutegia zehaztea bilkura aldi bakoitzerako eta legebiltzar organoen lanak koordinatzea.
- Bozeramaileen Batzordearekin adostuta, legebiltzarreko batzordeak osatuko dituzten kideen kopurua ezartzea.
- Erabakiak hartzea edo osoko bilkurari proposatzea, Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu ondoren, presazko arrazoiak edo eduki instituzionala dela-eta ohiko moduan tramitatzekoak ez diren idatzien gainean.