Abiatu dituzte Oiartzunen Burujabetzak jardunaldiak, «esperientzia eraldatzaileetan» sakontzea helburu hartuta

Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak elkarlanean antolatu dute topaketa. Gaur hasi eta larunbatera bitarte, martxan diren proiektuak ezagutaraziko dituzte.

Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea, jardunaldien hasiera ekitaldian. FOKU
Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea, jardunaldien hasiera ekitaldian. FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 17a
14:00
Entzun

Burujabetzaren bidean urratsak egin eta martxan diren proiektuak ezagutarazteko asmoz antolatu zuten iaz Hernanin (Gipuzkoa) Burujabetzak jardunaldiak. Udalbiltzarekin elkarlanean egin zuten topaketa hura, eta aurten, Oiartzunen egingo dute (Gipuzkoa), Oiartzun Burujabe taldeak gidatuta. Gaur abiatu dira, hain justu ere, eta larunbata bitarte udalgintzarekin eta herrigintzarekin eraiki nahi diren gobernantza eredu berriei buruz ariko dira hainbat eragile, «esperientzia eraldatzaileetan» sakontzea helburu hartuta.

Herriko gizarte taldeek eta bertako sektore ekonomiko batzuek bultzatu duten proiektua da Oiartzun Burujabe. Burujabetzak jardunaldian plazaratu dute elkarteak gaur arte egin duen ibilbidea. Hori baita, hein batean, topaketaren helburua: martxan diren proiektuak gizarteratzea eta balioa ematea, baita beste herri batzuetan abian direnak ezagutzea eta horietatik ikastea ere, Olaia Lasa Oiartzungo Udaleko zinegotziaren arabera.

Tokian-tokian egiten ari diren esperientzietan arreta ipintzea eta ahal dela horiek garatzen laguntzea da Udalbiltzaren helburua ere, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariaren hitzetan: «Ikusten dugu herrietan, eskualdetan, proiektu berritzaile eta eraldatzaileak sortzen ari direla eta baliabideak jarri nahi ditugu horiek sustatzeko».

Hala, «herrigintza eta udalgintza eraldatzailearen ikuspegitik jaiotako proiektuak» aurkeztuko dituzte jardunaldietan. Lehen bi egunetan, herri mailako proiektuak plazaratuko dituzte, burujabetza eta trantsizio ekosoziala ardatz hartuta. Gobernantzaz eta parte hartzeaz ere jardungo dute, baita udalgintzatik estatugintzarako jauziaz ere.

Hirugarren eta azken eguna, berriz, festa giroan pasatuko dute, Burujabetzen Eguna ospatuz. Mahai sektorialetan egindakoak azaldu eta aurrera begirako erronkak zehaztuko dituzte, herri itun bat adosteko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.