Herritarrek bizitzan beharrezkoak dituzten arlo nagusietan «burujabetzara» jauzi egitea da Hernaniko Udalak, herriko gizarte taldeek eta bertako sektore ekonomiko batzuek bultzatu duten proiektua: Hernani Burujabe. Burujabetzak jardunaldietan plazaratu du Hernaniko zinegotzi Itsaso Lekuona proiektu horrek «pandemiaren gordinetik» gaur arte egin duen ibilbidea. Gaur hasi eta larunbatera bitarte, udalgintzarekin, herrigintzarekin eta bizitza erdian jarrita eraiki nahi diren gobernantza eredu berriei buruz ariko dira hainbat eragile Hernanin (Gipuzkoa).
Udalbiltzako eta Hernaniko Udaleko kideez gain, besteak beste, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Mireia Vehi CUPeko kidea ariko dira gaur. Urriaren 20a, berriz, gai sektorialak jorratzeko eguna izango dute. Hirugarren eta azken eguna, berriz, festa giroan pasatuko dute, Burujabetzaren Eguna ospatuz. Kalejira bat egingo dute, «ekinaldi honetan biltzen diren burujabetza sektoreak ezagutzeko geldialdiak eginez», eta herriko kulturgileen emanaldiekin osatuta.
Lekuonak azaldu du pandemiaren gordinean inoiz baino argiago azaleratu zela «bizitzarako ezinbestekoak diren sektoreen burujabetasunaren beharra», eta Hernaniko Udalak bultzaturik hausnarketa horretan hasi zela talde txiki bat. Gaur egun emaitza zehatzak eman dituen herri proiektua da, bilatzen duena tokikotik abiatuta burujabetzara salto egitea zenbait sektoretan, «azpitik gora». Horretarako, hiru subjektu behar direla azpimarratu du: tokiko administrazioa, herriko talde sozialak eta ehun ekonomikoaren sektore estrategiko batzuk.
«Bertakotasunean oinarrituta, tokiko eragileen saretzean oinarrituta, berezko erabakiak eta gobernantza ezartzea» ahalbidetuko luke proiektu horrek. Udalen «desboteretzeaz» aritu da Lekuonak, «eskumenen transferentziak» egiteko herritarrei. Betiere helburu batekin: pertsonen ongizatea. Hernaniko herritarren bizi baldintza duinak bermatzea du helburu proiektuak, «bizitza erdigunean jarrita». Horretarako, «ezinbestekotzat» jo du energian, elikaduran edota zaintzan subiranotasun maila handia lortzea. «Korrontearen aurka goaz, ez da erraza, baina aurrera goaz», esan du zinegotziak.
Proiektu horren ondorio praktikoak badira jadanik, adibidez, elikadura kooperatiba bat, eta han sortzen diren produktuak saltzeko denda-azoka bat. Lekuonak nabarmendu herritarrek erakundeak «gero eta urrunago» sentitzen dituzten garai hauetan, beste norabide batean joatea proposatzen ari dela Hernani Burujabe, «herritarrekin batera». Izan ere, «kapitalismoak bizitza bidegurutze batera» eraman duela uste du Lekuona zinegotziak, eta «zirt edo zart» egin behar dela. Arreta bizitzan jarrita antolatzeko gobernantza baten aldekoa da, finean, Hernanin garatu duten proiektua eta Euskal Herrian abian diren beste burujabetza proiektu zenbait.
Udalbiltzaren erronkak
Hernanin garatutako proiektua «eredugarria» dela esan du Udalbiltzako lehendakari eta Getariako alkate Haritz Alberdik: «Inbidia sanoa ematen du». Uste du Hernani edota Usurbil «erreferentzia» direla beste gobernantza ereduak martxan jartzeko Euskal Herri osoan, eta azaldu du Getarian, esaterako, badela martxan energiarekin lotutako proiektu bat aspaldian, ildo berean garatua.
Alberdik aste gutxi egin ditu Udalbiltzako lehendakaritzan, «lur hartu berria» dela argitu du, eta Udalbiltzak dituen erronkak azaltzeari ekin dio, Euskal Herriko udalak eta hautetsiak batzen dituen erakunde publikoaren iragana azaldu ondoren. Euskal Herri osoa hartzen duen lehen erakunde publiko nazionala da Udalbiltza. 1999ko irailaren 18an sortu zen, Euskalduna jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta. Bost printzipiorekin abiatu zen: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean adieraztea Euskal Herria nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela.
Ordutik 24 urte joan dira, eta bidean denetarik izan da, baita «ezerezean geratu zen» prozesu judizial bat ere, «espetxeratzeak» eragin zituena. Batera edo bestera, Udalbiltza orainari eta batez ere geroari begira jarrita dago. Batzorde eragile berria dauka, eta lehendakariak azaldu du zazpi kidez osatua dagoela. Kide horiek alor jakinekin dute lotura: elikadurarekin, energiarekin, zaintzarekin.... «Udaletatik nazio mailara» jauzi egin nahi duen gobernantza berrietan aurrera egitea da helburu nagusietako bat.
Alberdik esplikatu du Udalbiltzak gogoeta fase batean sartuko dela, «aro berri bati ekiteko». Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren eginkizunak, «gaur egungo beharrei egokitu nahian», eta heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak.