«Nafarroa Oinez aipatzen dugunean, sentimendu zurrunbilo bat sentitzen dugu. Ez da euskara bultzatzeko ekimen bat soilik, ez da gure hezkuntza proiektuaren aldeko bultzada bat soilik; Nafarroa Oinez milaka familiaren lana da, boluntarioa eta parte hartzailea». Hitz horiek nabarmenduta aurkeztu dute gaur 2025eko Nafarroa Oinez, Iruñean egindako agerraldi batean. Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak izango du jaia antolatzeko eginkizuna. Aintzane Apezetxea ikastolako gurasoa eta komunikazio batzordeko kidea eta Iñaki Erroz zuzendaria solastatu dira aurkezpenean, eta jaiaren leloa eta logoa aurkeztu dituzte.
Leloa hiru hitzek osatzen dute: Buruz, bihotzez, oinez. Logoa kolore bizikoa da, eta gorputzeko hainbat atal ageri dira, buru deseraiki batean: sudurra, ahoa eta bihotza. Marra batek lotzen ditu, eta Oinez hitza ere ageri da, nabarmenduta. Lelorako hautatuko hitzen bidez, jarduteko era bat irudikatu nahi dute Paz de Ziganda ikastolako arduradunek. Buruz: «Buruarekin, arrazoiari erantzunez, helburu argi batekin, baina bere nortasunaren ezaugarriak ahaztu gabe». Bihotzez: «Sentimenduz eta emozioz». Oinez: «Mugimenduan, aurrera eginez».
Jaiaren aurkezpen «ofiziala» larunbatean egingo dute, Itaroa merkataritza gunean. Oinez denda, berriz, hilaren 15ean irekiko dute, Atarrabiako Kale Nagusian. Urrats horietako bakoitza eta atzetik helduko diren guztiak «komunitatea eginez» bideratu nahi dituzte antolatzaileek. Ikastolen proiektuak «buru pentsalariak» dituela gogoratu dute, eta horien garrantzia nabarmendu egin behar dela, baina, ororen gainetik, «bihotzak» azpimarratu dituzte, horri esker lortzen dutelakoan «pausoz pauso» aurrera egitea.
«Auzolana» martxan dago jada, eta lan batzordeak martxa bizian ari dira, helburu hauek lortzeko asmoz: hezkuntza eredu propioa lantzea, gizarte ekimeneko proiektu gisara hazten jarraitzea, euskararen inguruan ardaztutako egitasmo bat egitea, irakaskuntza prozesua erdian egotea, inguruko proiektuetan ere murgiltzea, eta jasangarriak izatea, inguruko baliabide guztiei ere erreparatuta.
Hirugarren aldiz
1970ean sortu zuten Paz de Ziganda ikastola. Haren aurrekoa Nuestra Señora de Uxue izenekoa izan zen, eta 1965ean egin zituen lehen urratsak. Paz de Zigandak bi aldiz antolatu du jada Nafarroa Oinez, eta hirugarren aldia du hau. 780 familia batzen ditu gaur egun: 1.206 ikasle ditu, eta 141 langile. Hainbat kokaleku izan ditu, eta egungo eraikina 1995ean egin zuten, Atarrabiako eta Burlatako mugan.
1991. urtean antolatu zuten lehen Nafarroa Oinez: Euskaraz bizi izan zen leloa orduan. Bigarrena, 2010ean; Munduz mundu hitzekin jaso nahi izan zuten orduan jaiaren espiritua.
pozik dira zangozako ikastolan
Urriaren 20an izan zen aurtengo Nafarroa Oinez, Zangozako Ikastolak antolatuta. Gaur, heldu den urteko jaia aurkeztu denez gero, festaren balorazioa egin dute ikastolako arduradunek, pozik. «Arduraz eta maitasunez bete dugu gure lana, eta harro gaude gure komunitateaz», azaldu du ikastetxeko zuzendari pedagogiko Nagore Oria Telletxeak. Jaiaren antolatzeko egindako «auzolana» nabarmendu du, eta horrek ikastolako komunitatea «kohesionatzeko» izan duen garrantzia. Ikastolako lehendakari Carlos Arzelusek adierazi du lanean jarraituko dutela jaiaren bidez lehen lerrora ekarri nahi izan dituzten helburuak lortzeko: «Euskararen, dibertsitatearen, auzolanaren eta etorkizun handiko proiektu kooperatibo eta bizi baten alde lan egiten jarraituko dugu».