Abian da homosexualen hilketak egotzitako gizonaren aurkako lehen epaiketa

9 eta 18 urte arteko zigor eskaerak egin dituzte akusatuarentzat, gizon bat hiltzen saiatzeagatik. Gizona «zorabiatzen» saiatu zela onartu du, baina ez zuela «hil nahi»

Epaiketaren lehen saioa egin dute gaur. MIGUEL TOñA / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 23a
19:19
Entzun

Hainbat gizon homosexual eta bisexual hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten iazko maiatzean eta haren aurkako lehen epaiketa hasi dute gaur Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Hain zuzen, gizon bat hiltzen saiatzeagatik ari dira epaitzen; gainontzeko heriotzen epaiketek ez dute datarik. Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat; Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak, berriz, ia hamazortzi urtekoa. Bihar jarraituko dute epaiketa eta, ezustekorik ezean, etzi arte luzatuko da.

2021eko abenduan jazotako gertaera batengatik ari dira epaitzen akusatua. Hark bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die gaurko saioan. Adierazi duenez, gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioaren bidez ezagutu zuen beste gizona. Akusatua gizonaren etxera joan zen, eta lapurtzeko asmoz, eraso egin zion. Momentu horretan, biktima garrasika hasi zen laguntza eske, akusatuak bera hiltzen saiatu zela oihukatuz. Erasotzaileak alde egin nahi izan zuen, baina, etxetik atera zenean, oinutsik eta sakelakorik gabe zihoala ikusi, eta bueltatu behar izan zen. Biktima garrasika ari zen, eta akusatuak kolpe bat eman zion etxean zegoen figura batekin. Etxetik alde egin zuenean, pasaportea ahaztu zuela ikusita, salaketa jarri zuen Bilboko komisaria batean.

Epaituak onartu du beste gizona «durduzatzen» saiatu zela, lapurtzeko xedez, baina ez zuela «hil nahi». Aurretik, abokatuak gogoratu du akusatuak aurrekariak dituela «iruzurragatik». Akusatuaren arabera, noizbait azaldu diote «besoarekin lepotik helduta nola zorabiatu pertsona bat». Biktimarekin zegoenean, «bulkada bat» izan zuen, eta hura zorabiatzen saiatu zen. «Zer egiten ari nintzen ikusi nuenean, gelditu eta ihes egin nahi izan nuen», zehaztu du. Momentu horretan, alde egin zuen, pasaportea bertan utzita. Bost hilabete geroago, akusatuak bere izen-abizenak eta argazkia ikusi zituen sareetan: hainbat gizonen heriotza leporatu zizkioten. Hori dela eta, maiatzaren 5ean, Irungo komisarian aurkeztu zuen bere burua. «Ez nion inori ezer zor, zergatik ezkutatuko nintzen?» Gaurko saioan, hala ere, ez dituzte epaitu beste kasu horiek.

Biktimak ere deklaratu du, ateak itxita. Era berean, haren bi bizilagunak deklaratu dute, eta lau ertzainak. Bizilagun batek azaldu duenez, «laguntza eske» ari zen norbaiten oihuak entzun zituen, eta bizilaguna odoletan ikusi zuen. Beste bizilagunak, berriz, osasun zentrora lagundu zuen biktima, eta hortik ospitalera. Ertzainei dagokienez, batek onartu du biktimak zauria zuela buruan, eta hainbat marka lepoan.

Sexu diskriminazioa

Gehituk herri akusazio gisa aurkeztea erabaki du aurtengo uztailean. Gaur goizeko saioa amaitu ostean, Saul Castro abokatuak berretsi du epaiketa aurretik esan izan dutena: «Proba nahikoak daude gertakari horiengatik epai bat ezartzeko». Zehazki, 17 urte, 11 hilabete eta 29 eguneko kartzela zigorra eskatu dute, hilketa saiakera ez ezik, lesio delituak ere egotzita. Are, eskatu dute larrigarritzat hartzea sexu diskriminazioa: «Biktima bat aukeratzen zuenean, motibazio diskriminatzailea zegoen».

Hilketa saiakera egotzita epaitzen ari badira ere, akusatua antzeko beste kasu batzuekin ere lotzen dute: 2021eko irailetik urrira bitartean, hainbat gizon hilda aurkitu zituzten Bilboko Alde Zaharrean. Hasieran, guztiak «era naturalean» hil zirela pentsatu zuten. Gainera, guztiek erabili zuten gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioa eta, hil ondorengo egunetan, dirua desagertu zen gizon horien kontu korronteetatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.