Abian da hainbat homosexual hiltzea egotzia dioten gizonaren aurkako lehen epaiketa

9 eta 18 urte arteko zigor eskaerak egin dituzte akusatuarentzat, hilketa ahalegin batengatik. Biktima «zorabiatzen» saiatu zela onartu du, baina ez zuela «hil nahi»

Hainbat gizon homosexual hiltzea egotzia dioten gizonaren aurkako lehen epaiketaren lehen saioa, atzo, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. MIGUEL TOÑA / EFE.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hainbat gizon homosexual eta bisexual hiltzea egotzita, gizon bat atxilotu zuten iazko maiatzean eta, atzo, haren aurkako lehen epaiketa hasi zuten Bizkaiko Probintzia Auzitegian. Hain zuzen, gizon bat hiltzen saiatzeagatik ari dira epaitzen; gainontzeko heriotzen epaiketek ez dute datarik. Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat; Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak, berriz, ia hamazortzi urtekoa. Gaur jarraituko dute epaiketa, eta, ezustekorik izan ezean, bihar arte luzatuko da.

2021eko abenduan jazotako gertaera batengatik ari dira epaitzen akusatua. Hark bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun zien atzo. Adierazi zuenez, gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioaren bidez ezagutu zuen beste gizona. Akusatua gizonaren etxera joan zen, eta, lapurtzeko asmoz, eraso egin zion. Momentu horretan, biktima garrasika hasi zen, laguntza eske, akusatua bera hiltzen saiatu zela oihukatuz. Erasotzaileak alde egin nahi izan zuen, baina, etxetik atera zenean, oinutsik eta sakelakorik gabe zihoala ikusi, eta bueltatu behar izan zen. Biktima garrasika ari zen, eta akusatuak kolpe bat eman zion etxean zegoen figura batekin. Etxetik alde egin zuenean, pasaportea ahaztu zuela ikusita, salaketa jarri zuen Bilboko komisaria batean.

Atzoko akusazioan, epaituak onartu zuen beste gizona «durduzatzen» saiatu zela, lapurtzeko xedez, baina ez zuela «hil nahi». Aurretik, abokatuak gogoratu zuen akusatuak aurrekariak dituela «iruzurragatik». Akusatuaren arabera, noizbait azaldu diote «besarkada bakar batekin nola zorabiatu pertsona bat». Biktimarekin zegoenean, «bulkada bat» izan zuen, eta hura zorabiatzen saiatu zen. «Zer egiten ari nintzen ikusi nuenean, gelditu eta ihes egin nahi izan nuen», zehaztu zuen. Momentu horretan, alde egin zuen, pasaportea bertan utzita.

Bost hilabete geroago, akusatuak bere izen-abizenak eta argazkia ikusi zituen sareetan: hainbat gizonen heriotza leporatua zioten. Hori dela eta, maiatzaren 5ean, Irungo komisarian aurkeztu zuen bere burua. «Ez nion inori ezer zor, zergatik ezkutatuko nintzen?». Atzoko epaiketan, hala ere, ez zituzten epaitu beste kasu horiek.

Biktimak ere deklaratu zuen, ateak itxita. Era berean, haren bi bizilagunek deklaratu zuten, eta lau ertzainek. Bizilagun batek azaldu zuenez, «laguntza eske» ari zen norbaiten oihuak entzun zituen, eta bizilaguna odoletan ikusi zuen. Beste bizilagunak, berriz, osasun zentrora lagundu zuen biktima, eta hortik ospitalera. Ertzainei dagokienez, batek onartu zuen biktimak zauria zuela buruan, eta hainbat marka lepoan.

Sexu diskriminazioa

Gehituk herri akusazio gisa aurkeztea erabaki du aurtengo uztailean. Atzoko saioa amaitu ostean, Saul Castro abokatuak berretsi zuen epaiketa aurretik esan izan dutena: «Proba nahikoak daude gertakari horiengatik epai bat ezartzeko». Zehazki, 17 urte, 11 hilabete eta 29 eguneko kartzela zigorra eskatu dute, hilketa saiakera ez ezik, lesio delituak ere egotzita. Are, erasoa sexu diskriminazioagatik larrigarritzat hartzeko eskatu dute: «Biktima bat aukeratzen zuenean, motibazio diskriminatzailea zegoen».

Hilketa saiakera egotzita epaitzen ari badira ere, akusatua antzeko beste kasu batzuekin ere lotzen dute: 2021eko irailetik urrira bitartean, hainbat gizon hilda aurkitu zituzten Bilboko Zazpikaleetan. Hasieran, guztiak modu naturalean hil zirela pentsatu zuten. Gainera, guztiek erabili zuten gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioa, eta, hil ondorengo egunetan, dirua desagertu zen gizon horien kontu korronteetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.