Abian da Frantziako Senaturako lehia Ipar Euskal Herrian

Zortzi zerrenda aurkeztuko dira Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautesbarrutian. Espagnac, Brisson eta Saint Pe senatariek beren eserlekua atxiki nahi dute

Ekainean aurkeztu zuen Max Brissonek —erdian— Frantziako Senaturako hauteskundeetako zerrenda. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Heldu den irailaren 24an iraganen dira Frantziako Senaturako hauteskundeak Ipar Euskal Herrian. Pirinio Atlantikoetako departamendua da hautesbarrutia, eta hiru senatari izendatuko dituzte. 2017tik, Frederique Espagnac alderdi sozialistako kidea, Max Brisson errepublikanoetakoa eta Denise Saint-Pe Modemekoa dira hiru ordezkariak. Gatazkaren konponbide prozesuan egin diren urratsak babestu izan dituzte hirurek azken urteetan, eta Brissonek eta Espagnacek lan berezia egin zuten Molac legearen aldeko babesak lortzeko senatarien artean. Hirurak saiatuko dira beren eserlekua atxikitzen. Joan den astean aurkeztu behar ziren hautagaitza ofizialak Pirinio Atlantikoetako prefeturan, Pauen (Okzitania). Zortzi zerrendak parte hartuko dute lehian.

348 senatari daude Frantziako Senatuan, eta hiru urtean behin ganberaren erdia aldatzen da; sei urteko agintaldia izaten du senatari bakoitzak. Hauteskunde bereziak dira Senatukoak, ez baitute herritarrek bozkatzen. Hautesbarrutiari lotuak diren erakundeetako hautetsiak dira hautesleak, hau da, diputatu eta senatariak, eskualdeko eta departamenduko kontseiluetako hautetsiak eta herriko etxeetan ordezkari gisa izendatutako hautetsiak —herriaren tamainaren arabera aldatzen da Senatuan bozkatzeko aukera duten ordezkarien kopurua—; horiek guziak hautesle handi izendatuak dira. Pirinio Atlantikoetako departamenduko hautesbarrutian 1.881 hautesle handi dira.

Joan den udaberrian hasi ziren hautagaitzei buruzko informazioak zehazten, eta gorabehera bat baino gehiago izan dira. Eskuinean, Max Brisson aurkeztuko da errepublikanoetako hautagai gisa, bere postua atxikitzeko lehian. Besteak beste, Beñat Cachenault Iholdiko (Nafarroa Beherean) auzapez eta errepublikanoetako kidea izanen du bere zerrendan. Gure Herrien Indarra izena eman dio zerrendari, eta «lurraldeen berezitasunak» kontuan hartzea eta «deszentralizatzearen» beharra aipatu ditu, besteak beste, tokiko hautetsiak «entzun« behar direla azpimarratuta.

Zentro eskuinean, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria aurkeztuko ote zen zurrumurruak indarra hartu du azken hilabeteetan. Ekainean, berak ere hauspotu zuen bazitekeela aurkeztea, baina azkenean ez aurkeztea erabaki zuela jakinarazi zuen. Hauteskundeei interes berezia emanen zien, senatari hautatua izanez gero alkatetza eta lehendakari postua utzi beharko baitzituen, eta horrek Ipar Euskal Herrian aldaketa nabarmenak eraginen baitzituen. Azkenean ez da hala izanen. Denise Saint Pe izanen da zentro eskuineko hautagaia beste behin, Gure Herrien Etorkizunaren Alde Jardun izeneko zerrendarekin. Olivier Alleman Baionako hautetsi eta Etxegarairen hurbilekoa izanen du zerrendan.

Horrez gain, azken astean Michel Lamarque TVPI tokiko telebistaren sortzaile eta Bidarteko (Lapurdi) hautetsiak ere iragarri du zerrenda aurkeztuko zuela. Eskuinean ere bi zerrenda izanen dira: Eric Zemmour polemistaren Reconquete alderdikoa bata, eta Batasun Nazionalekoa bestea.

Ezkerrean adostasunik ez

Indarrak barreiatuta aurkeztuko dira Frantziako ezkerreko alderdiak. 2022an Frantziako Asanblearako NUPES koalizioa osatzeko ados eman ondoren, gorabehera bat baino gehiago izan ditu PS, PC, EELV eta Frantzia Intsumisoaren arteko elkarlanak. Frantziako Estatuko zenbait eremutan bateratze batzuk izan badira ere, ez da hala izanen, eta bakoitzak bere zerrenda aurkeztuko du.

Frederique Espagnac sozialistak bere zerrenda izanen du, baina gaur-gaurkoz ez du hari buruzko informaziorik zabaldu. Udaberrian, EH Baiko auzapez bat zerrendan sartzeko proposamena egin zien Espagnacek ezkerreko abertzaleei, eta aukera hori aztertzearen alde egin zuten ekainaren 3ko biltzar nagusian. Baina hortik aste batzuetara gibel egin zuen senatari sozialistak. Ikusgai dago Ipar Euskal Herriko zein ordezkari izanen diren bere zerrendan. EH Baik, berriz, hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki du. Asteburu honetan antolatu dituen udako eskoletan erabakiko du mugimenduak zer jarrera hartuko duen irailaren 24an.

Frantzia Intsumisoaren izenean, Sandra Pereira Angeluko (Lapurdi) hautetsia aurkeztuko da, eta NUPES koalizioaren programa eramanen duela iragarri du. Alderdi komunistaren zerrenda Anne Saouter Oloroe-Donamariako (Biarno) hautetsiak eramanen du, eta Dominique Lavigne Bokaleko (Lapurdi) hautetsia izanen du zerrendakide. EELVko hautagaia Julien Brunel izanen da, eta Alice Leizagezahar izanen da zerrendako bigarren.

EAJk, galdetegia

Urte politikoa abiatzeko agerraldia egin zuen joan den astean Peio Etxeleku EAJko Ipar Buru Batzarreko presidenteak, eta baieztatu zuen jeltzaleek ez dutela zerrendarik aurkeztuko Frantziako Senaturako hauteskundeetan. Orain arte, elkarrizketa informalak izan dituzte lehiarako aurkeztu diren hautagaiekin, eta berriki galdetegi bat bidali diote zerrenda bakoitzari —eskuin muturrekoei izan ezik—, hainbat gairi buruz posizioak har ditzaten. Hala nola etxebizitza, laborantza lurren kontrola, euskararen eta okzitanieraren estatusa, Euskal Hirigune Elkargoaren funtzionamendua, eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren harremanak dira hizpide galdetegian. Etxelekuren arabera, ez dute baztertzen erantzunen arabera zerrenda bati edo besteari sostengu publikoa adieraztea, baina «seguruenik» ez dute inor babestuko. Hogei bat hautetsi ditu EAJk Ipar Euskal Herrian; erdiek bozka dezakete, alderdiak emandako datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.