Ziurgabetasunez beteta, baina aurrez aurrekoari lehentasuna eman asmoz hasiko dute ikasturtea euskaltegiek ere. Irail bukaerarako jarri dute batzuek ikasturte hasiera, urri hasierarako bertze batzuek, baina guztiek dituzte martxan jada matrikulazio kanpainak. IKAko euskaltegiek eta udal euskaltegiek ere atzo abiatu zuten izena emateko kanpaina, eta AEK-k, berriz, gaur. Hilabeteko epea izanen dute ikasleek Euskal Herriko euskaltegietan izena emateko.
Bilboko Santutxu auzoko AEK-ko euskaltegian aurkeztu du matrikulazio kanpaina AEK-k, gaur goizean. Irakasle batek bik beste balio du lelopean, irakasleen balioan jarriko dute aurten arreta, Alizia Iribarren koordinatzaileak azaldu duenez. Izan ere, irakasleen «esperientzia eta eskarmentua» batetik, eta haien «pasioa eta gogoa» bertzetik, «txanpon beraren bi aldeak» dira, Iribarrenen arabera: «Irakasleak gai direlako ikasleak ikas prozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala».
Iribarrenek azaldu duenez, «ohiko ikastaroekin» jarraituko dute aurten ere, baina «betiere unean uneko osasun neurrietara egokituta eta prebentzio neurri guztiak hartuta». Hala, Iribarrenek nabarmendu du «larrialdiren bat» egonen balitz «prest» egonen direla, hasieratik, klaseak modu digitalean ere jarraitu ahal izateko. Bortz irakaskuntza modalitate eskainiko dituzte: aurrez aurreko taldeak, autoikaskuntza euskaltegietan, eredu konbinatua —aurrez aurrekoa eta digitala uztartuta—, online ikastaroak eta Foruko barnetegia (Bizkaia), urte osoan zabalik izanen dutena.
IKAko euskaltegiek eta udaletakoek ere aurrez aurrekoa eta digitala uztartzeko aukera emanen dute, momentuan dagoen osasun egoerara egokituta, beharrezkoa bada.