Abiaburu sendoagoa behar du mediku euskaldunen trebakuntzak

Mediku euskaldunik ez dagoela esaten da usu. Ikasketa faseak badu eragina: euskarazko eskaintza urriagoa da, eta EHUn bakarrik ikas daiteke euskaraz. Arduratuta daude han: notarik onenak dituzten ikasleek gaztelaniaz ikastearen alde egiten dute sarri.

Ikasle batzuk euskarazko eskolak jasotzen, asteon, EHUren Medikuntza Fakultatean, Leioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ikasle batzuk euskarazko eskolak jasotzen, asteon, EHUren Medikuntza Fakultatean, Leioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko martxoaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Medikuak ez dira osasun sistema on baten oinarri bakarra, profesional sare oso bat behar baita arta ona ziurtatzeko. Alabaina, medikuek eta haiek eskubideek aparteko tokia hartzen dute usu, eta osasun zerbitzuak euskalduntzeko zailtasunak hizpide hartzen direnean ere, instituzioek askotan nabarmentzen dute mediku euskaldun gutxi daudela. Horiek horrela, zentzuzkoa da propio profesional horien trebakuntza zer-nolakoa den aztertzea. Eta egun Euskal Herriko unibertsitateetako Medikuntza Fakultateek eskaintzen dituzten ikaspostuei erreparatuta, argia da ondorioa: euskaraz eskaintzen direnak gutxiengoa dira, zehazki laurdenak baino gutxiago. EHU Euskal Herriko Unibertsitatea da Medikuntza gradua euskara hutsean eskaintzen duen bakarra, eta, gainera, ikas-prozesuaren barruan, arazoak daude hizkuntza hautua beti bermatzeko. Ez du euskarazko eskaintza bakarrik: gaztelaniaz ere ikas daiteke Medikuntza.

Ikasturte honetan berrehun medikugai berri ditu EHUk gaztelaniazko graduan, eta 171 euskarazkoan. EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa da Joseba Pineda, eta uste du nabarmendu egin behar direla bai euskaraz trebatzen diren ikasleen kopurua bai hor egiten duten ahalegina. Medikuntzan, propio, graduaren sei mailetan, 2.044 ikasle dituzte, eta %41 ari dira euskaraz: 840 ikasle. Lehen mailan handitu egin dute euskarazko lekuen eskaintza, gainera: 2017tik hona %50 ugaritu dituztela nabarmendu du. Erdarazko lekuetan, igoera apalagoa izan da: %15 ugaritu dira. «Alegia, askoz ere gehiago ugaritu ditugu euskarazko ikaspostuak».

«Gaztelaniazko karrerak ez dauka zentzurik EHUn: Deustuko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak, Bordelekoak eta Espainiako Estatuko unibertsitateek erdaraz ematen dute»

KARLOS IBARGUREN Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakaria

Handitu daiteke gehiago euskarazko eskaintza? «Gure asmoa da datorren ikasturterako pixka bat handitzea: gutxi gorabehera hamasei leku gehiago eskainiko ditugu euskaraz», aurreratu du Pinedak. Hortik aurrerako bidea zail ikusten du, ordea. Askotarikoak dira trabak, dekanoaren esanetan, baina nabarmenenak lotuta daude osasun sisteman euskarak gaur egun oraindik dituen gabeziekin. Esaterako, medikuntza ikasleek «praktika klinikoak» egin ahal izateko tokien eskasia dago Osakidetzan, bereziki euskaraz. Era berean, «espezialitate eta erietxe batzuetan» ez dago langile euskaldun «nahikorik» eskolak euskaraz emateko. Egun badira kexuak ikasleen artean, euskarazko eskaintza ez delako beti bermatzen, eta Pinedak onartu du aintzakotzat hartu behar direla: «Arrazoi dute».

Osasungintza euskalduntzeko Aintzat mugimenduko kideek, EHErekin batera, hainbat eskaera jarri dituzte berriki mahaiaren gainean. Eusko Jaurlaritzak osasun sistemaren gainean itun bat ehuntzeko prozesua abiarazia du, eta horren inguruan josi dituzte eskabideak. Horien artean dago trebakuntzarekin lotutakoa, oro har, osasun profesional guztiei begirakoa: «Ikasketa prozesu oro euskaraz egiteko aukera bermatu eta lehenetsi» behar dela adierazi dute. Mugimendu horretako kidea da Ane Muniozguren Puertas sendagilea, eta Donostia ospitalean ari da, intentsibista. Dioenez, «kosta» egiten zaio EHUren argudioa, hau da, eskolak euskaraz emateko profesionalak falta direla sinestea: «Mediku euskaldunak bagaude».

«Unibertsitatetik ateratzen diren profesionalak ez dira nahiko trebe euskaraz arta emateko; euskaraz ikasten dutenek ere zailtasunak dituzte»

KARLOS IBARGUREN Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko ordezkaria

Sakoneko aldaketak gauzatzeko bidean, EHUk euskarazko eskaintza bakarrik izan beharko lukeela uste dute OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kideek. «Ez dugu beste aukerarik ikusten», azaldu du Karlos Ibarguren lehendakariak. Gogora ekarri du EHU dela «mundu guztian» Medikuntza euskaraz irakasten duen unibertsitate bakarra, eta horregatik lehenetsi beharko lukeela hizkuntza hori. «Gaztelaniazko karrerak ez dauka zentzurik EHUn: Deustuko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak, Bordelekoak eta Espainiako Estatuko unibertsitateek erdaraz ematen dute». Muniozguren bat dator harekin: euskarak «munduan» duen eremu bakarra EHUkoa izanda, «ilogikoa» iruditzen zaio gaztelaniazko ikasketak ere ematea.

Artari begira

Ibargurenek uste du galdera ausartak egin behar direla aurrera egite aldera. «Zer jarriko dugu erdian? Fakultatea eta irakasleak,  edo ikasleak eta gaixoak? Galdera hori norbaitek egin behar du, zeren eta gaur egun, gauzak antolatuta dauden eran, argi dago: erdian ez daude ez ikasleak eta ez gaixoak». Sakoneko aldaketak behar direla uste du. Halakoxeak direlako gaur egungo arazoak, eta ez euskaraz trebatzen diren ikasleak gutxiengoa direlako bakarrik. «Unibertsitatetik ateratzen diren profesionalak ez dira nahiko trebe euskaraz arta emateko; euskaraz ikasten dutenek ere zailtasunak dituzte», ohartarazi du. Medikua da bera ere, intentsibista Donostia ospitalean, eta sarri ikusten ditu mediku gazteak motz euskaraz.

«Egoiliar zarenean, askotan galdu egiten dituzu euskarazko terminologia medikoa eta gauza medikoei buruz euskaraz aritzeko gaitasuna»

ANE MUNIOZGUREN PUERTAS Medikua

Ibargurenen iritziz, Osakidetza da horren erantzuleetako bat. Izan ere, ikasleek hor egiten dute gradu ikasketen bigarren zikloa: Osakidetzako erietxeetan. «Lan giro erdalduna topatzen dute, eta normalizatu egiten dute, adibidez, historia klinikoa gaztelaniaz idatzi beharra, probak gaztelaniaz eskatu beharra...». Ikasketetan bertan, ikasgai denak euskaraz egin ahal izateko arazoez gain, beste eragozpen bat ere aipatu du: irakasle batzuen euskara maila. «Ikasleek esaten dute zenbait irakaslek euskara kalitate eskasarekin ematen dutela dagokien gaia».

Mediku egoiliar diren urteetan ere, hau da, oraindik ikasle direla mundu profesionalean egiten duten lehen fasean, euskarazko gaitasuna erruz galtzen dute sarri askotan, Muniozgurenen arabera. «Egoiliar zarenean, askotan galdu egiten dituzu euskarazko terminologia medikoa eta gauza medikoei buruz euskaraz aritzeko gaitasuna; inondik inora ere ez da bermatzen hori euskaraz jasoko duzunik». Euskaraz lanean jarduteko egiten diren ahaleginak ez ditu egituratuta ikusten: «Norberaren, tutorearen eta ingurukoen esku geratzen da. Hori ez dago inondik inora ere zaindua».

«BAME euskarara moldatzea litzateke egokiena, euskaraz ikasi dutenek besteen baldintza berberetan egin ahal izateko»

ANE MUNIOZGUREN PUERTAS Medikua

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek, Osakidetza euskalduntzeko neurriei buruz galdetu izan zaionean, propio nabarmendu izan du fase horretara mediku euskaldunak erakartzearen garrantzia. «Legezko mekanismo bat aurkitu behar dugu hemen ikasi dutenek formakuntza hemen jaso dezaten, eta, nahi badute, hemen gera daitezen».

Gaztelaniazko galbahea

BAME azterketa da euskaraz trebatzeko prozesuan ikasleek izaten dituzten trabetako beste bat. Mediku egoiliar izateko bidea irekitzen die etsamina horrek, hautatu nahi duten espezialitatera heltzeko berebiziko garrantzia izaten du hartan nota ona ateratzeak, baina, ikasketak euskaraz egin eta gero, hizkuntza aldatu behar izaten dute ikasleek hor. «BAME azterketa gaztelaniaz soilik eskaintzen da gaur egun», azaldu du Pinedak. «Bada garaia azterketa hori euskaraz egin ahal izateko».

«BAME euskarara moldatzea litzateke egokiena, euskaraz ikasi dutenek besteen baldintza berberetan egin ahal izateko», nabarmendu du Muniozgurenek ere. Uste du, hala ere, puskatu egin behar direla euskarazko ikasketen inguruko hainbat aurreiritzi, hainbat «mito». Mediku gaztea da, euskaraz egin zituen ikasketak, eta arazorik gabe gainditu zuen BAME azterketa. «Euskaraz ikasteagatik ez duzu azterketa okerrago egingo».

«Orain arte ez dugu erantzunik jaso, baina jarraituko dugu BAME euskaraz egiteko aukera izan dadila eskatzen»

JOSEBA PINEDAMedikuntza Fakultateko dekanoa EHUn

BAME euskaraz egin ahal izateko eskaria aspaldikoa da, eta berriz hauspotzeko ahaleginak ere egin dira; hain justu ere, Pinedak gogora ekarri du 2023ko martxoaren 9an Euskaltzaindiko buru Andres Urrutiarekin batera gutun bat helarazi ziela Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunei,eskatzeko egin zitzatela urratsak azterketa euskaraz egin ahal izateko. «Orain arte ez dugu erantzunik jaso, baina jarraituko dugu BAME euskaraz egiteko aukera izan dadila eskatzen». Espainiako Gobernuaren mendekoa da azterketa hori, baina euskaraz egite aldera, uste du erakunde autonomikoek eta horietan ari diren talde politikoek «presioa» egin behar dela. «Egitasmo politikoa da, eta negoziazio batean konpondu behar da».

Atxikimendua

EHUn ikusten ari dira euskarazko hautuaren aldeko atxikimendua apaltzen ari dela ikasleen artean. 2017an, inkesta bat egin zieten gaztelaniaz ikasten ari ziren ikasle euskaldunei, eta galdetu «zergatik» ari ziren erdaraz. 47 ikaslek erantzun zuten galdetegia, erdarazko taldeko ikasle euskaldunen erdiek edo. Hainbat argudio eman zituzten euskarazko hautuaren kontra. Baga: «%49k etorkizun akademikorako baliagarritasun txikia aipatu zuten». Besteak beste, ikasketak egin eta gero BAME erdaraz egin beharra aipatu zuten, eta horren ondorioak. «%41ek erantzun zuten etorkizun profesionalerako baliagarritasuna oso txikia zela». Gainera, ikerketa hartan argi geratu zen ikasleek beren euskara mailaren inguruan duten pertzepzioa ere traba dela askotan: «%47k esan zuten beren hizkuntza gaitasuna ez zela gradua euskaraz egiteko adinakoa».

«Nota hoberenak dituzten ikasleek joera dute erdarazko ikasketak hautatzeko. Zer esan nahi du horrek? Nota apalak dituztenak euskarazko taldean segregatuta daudela azken urteotan»

JOSEBA PINEDA Medikuntza Fakultateko dekanoa EHUn

Lehen bi puntuetara begira, bereziki, lanketa sakon bat egin behar dela uste du Pinedak. Iraultzen saiatzeko: «Izan ere, laburbilduz, ikasleek esan zuten euskaraz ikasteko aparteko esfortzua ez dagoela aitortuta, edo etorkizunerako zailtasun handiagoak dakartzala». Ikuspegi hori aldatze aldera, iruditzen zaio EHUn bertan eta Osakidetzan eragin behar dela. «Zerbait egin behar dugu ikasle euskaldunen artean euskarazko ikasketak bultzatzeko». Izan ere, aurrematrikula eta matrikula datuetan ere ikusten ari dira joera erdalzalea. Aurrematrikula kopuruak, pandemiatik hona, gora egin du EHUko Medikuntza Fakultatean: %55. «Asko da hori». Baina igoera gaztelaniazko hautuan nabaritu da batez ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleen datuak aztertuta, zera ageri da: «Erdaraz, aurrematrikula kopurua %94 igo da azken urteotan; euskaraz, aldiz, jaitsi egin da». 

Alegia, medikugai askok, euskaraz jakin arren, gaztelaniaz aritzea lehenesten dute. «Nota hoberenak dituzten ikasleek joera dute erdarazko ikasketak hautatzeko. Zer esan nahi du horrek? Nota apalak dituztenak euskarazko taldean segregatuta daudela azken urteotan». Kezkatuta dago dekanoa horren ondorioekin. «Horrek inpaktu oso txarra du euskarazko ikasketetan», abisu eman du, eta zera gehitu: «Euskaraz ikasteko hautua estigmatizatzea eragin dezake horrek». Hor eragitea presazkoa dela uste du; izan ere, joera erdalzalearen ondorioak gero eta nabarmenagoak dira. Euskaraz ikasteko sarbide notan, adibidez, agerikoa da. «Espainiako Ministerioko zerrenda batean agertzen dira notak, eta, oraintxe, euskarazkoa da azkena», ohartarazi du Pinedak. «Ez zait batere gustatzen euskara horren behean egotea».

 

%46

Ikasle euskaldunak zenbat diren. Orokorrean, EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, maila eta gradu guztiak kontuan hartuta, 3.605 ikasle daude, eta horietako %46 ari dira ikasketak euskaraz egiten. Medikuntzaz eta Erizaintzaz gain, Odontologia eta Fisioterapia graduak ere eskaintzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.