Abertzaletasunari «harresia» jarri nahi dio Navarra Sumak

Hautagaiak aurkeztu ditu: Sergio Sayas (UPN) izango da Espainiako Kongresurako zerrendaburua, eta Ruth Goñi (C's) Senaturakoa. «Apustu ausart, tinko eta sendoa da»

Navarra Suma koalizioko zerrendaburuak, atzo, Iruñean egindako aurkezpenean. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako Navarra Suma koalizioak bere hautagaiak aurkeztu ditu Espainiako Kongresurako eta Senaturako. Eta hautagaiekin batera, helburuak ere finkatu ditu: «Abertzaletasunaren aurrerakadaren aurrean harresi» izatea, eta «bere nortasuna errespetarazi nahi duen Nafarroaren ahotsa» Espainiako instituzioetara eramatea.

Sergio Sayas UPNren foru parlamentaria izango da Kongresurako zerrendaburua. Horren gibelean, koalizioa sustatzen duten hiru alderdien ordezkariak azalduko dira: Carlos Garcia Adanero (UPN), Cristina Sanz (PP), Sonia Perez (C's) eta Alberto Picon (PP).

Senaturako zerrendan, berriz, Ciudadanos alderdiko kide bati dagokio lehenengo postuan joatea, eta alderdiaren Nafarroako antolakuntza idazkari Ruth Goñi izango da zerrendaburua. Ondoren, Alberto Catalan (UPN) eta Amelia Salanueva(PP) joango dira.

Hautagaiak ez ezik, koalizioak erabiliko duen logotipoa ere aurkeztu dute ekitaldian: laukizuzen moduko bat, gorria, UPNren ikurrean agertzen denaren oso antzekoa, eta barruan NA+ idatzirik duena.

Sayasen ustez, Navarra Suma «ilusioa eta ziurtasuna» sortzen duen egitasmoa da «Nafarroarentzat zein Espainiarentzat», eta«itxaropena» eskaini nahi die «Uxue Barkosen gobernua gehiago jasaten ez duten herritarrei».

Halaber, «askatasuna berreskuratu» nahi du Navarra Sumak, Sayasen hitzetan. «Pentsatzeko modu bat inposatu nahi izan digute, eta pentsatzeko modu horren arabera bizi behar izatea ere bai», esan du. Abertzaletasuna «sektario, endogamiko eta itxitzat» jo du.

Berriro ere, Espainiako konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kentzeko asmoa agertu du, hura «nafarrentzako tranpa» eta «abertzaleei egindako kontzesioa» delakoan.

Senaturako zerrendaburuak ere hitz egin du. Ruth Goñik eskerrak eman dizkie Ciudadanos osatzen duten kide guztiei, eta esan du koalizioa eratzeko hautua «apustu ausart, tinko eta sendoa» dela. «Batzen gaituena balioetsi eta desberdintasunak albo batera utzi ditugu, helburu bakar batekin: boto konstituzionalista guztiak bildu, Nafarroan agindu eta abertzaletasuna gobernutik kanpo uztea», azaldu du.

Goñiren ustez, Nafarroak ezin ditu beste lau urtez «identitatean oinarritutako politikak, bazterketa eta inposizioa» jasan. Horregatik, «oso desberdinak diren alderdiek» erabaki dute «indarrak batzea».

Ciudadanoseko ordezkariaren ustez, beharrezkoa da «espainiarrak batzearen alde lan egingo duen proiektu politiko bat», eta, aldi berean, «batasuna, berdintasuna eta askatasuna» defendatuko dituena «inolako konplexurik gabe».

Goñiren arabera, Nafarroa lehen «liderra» zen «Espainiaren aurrerabide sozial eta ekonomikoan», eta hara itzuli nahi dute, «lehen geundeneko tokira, inoiz utzi behar ez genuena».

Hautagaiekin batera, koalizioa osatzen duten hiru alderdien buruak ere egon dira aurkezpenean: Javier Esparza (UPN), Ana Beltran (PP) eta Carlos Perez Nievas (C's). Esparzak esan duenez, koalizioa osatu izanak «ilusio handia» piztu du; haren ustez, «pozik eta harro» egoteko arrazoiak badituzte hori lortzeko lanean ibili direnek.Haien helburua da «Nafarroak foru erkidego bereizia, espainiarra eta europarra izaten jarrai dezala» nahi duten nafar guztiak biltzea.

PPren zerrendak, «aurki»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PPk oraindik ez ditu Espainiako Gorteetarako zerrendak itxi, eta, askoren ustez, alderdian hautagaiak aukeratzeko prozesuaz dauden desadostasunen erakusgarri litzateke hori. Espainiako PPren komunikazio arduradun Marta Gonzalezek, aldiz, esan du zerrendak «aurki» egongo direla, eta ez du uste alderdiko kideen artean «ezinegonik» dagoenik horren inguruan. «Prozesu hauek beti dira zailak, pertsona batzuk aukeratu behar direlako, eta beste batzuk, berriz, kanpoan utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.