Jakes Abeberriren heriotza

Abertzaleen ibilbidean erreferente

Jakes Abeberri hil da, 92 urte zituela. Enbata mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, eta izen bereko aldizkariaren zuzendari. Astelehenean omenduko dute, Miarritzeko elizan

Bi jendarme Abeberri kioskotik ateratzen, 1971ko Aberri Egunean. DANIEL VELEZ.
Jone Arruabarrena Ekhi Erremundegi Beloki Iñaki Etxeleku
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Jakes Abeberri (Miarritze, Lapurdi, 1930) zendu da, 92 urte zituela. Pertsonaia ezaguna izan da, bai politikan eta bai kultura arloan izan duen jardunagatik. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen bultzatzaile eta erreferente nagusietako bat izan da urteetan. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak haren ibilbidea goraipatu du. «Borroka guzietan parte hartu zuen; herri honek anitz zor dio». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere ohoratu du: «Euskalduna, abertzalea, eta betiere konprometitua eta solidarioa». EH Baik «militante politiko handi baten galtzea» aipatu du, eta ELA sindikatuak «Ipar Euskal Herriko abertzaletasunaren erreferente handia» gogoratu du. Egindako ekarpena azpimarratu dute Iñaki Etxaniz, Vincent Bru eta Frederique Espagnac parlamentariek ere. Astelehenean eginen diote azken agurra, 14:30ean, Miarritzeko Santa Eugenia elizan.

Ikusi gehiago:Euskal kulturaren «pizkundearen sortzailetzat» jo dute Abeberri

Abokatu ikasketak egin zituen Abeberrik, baina beste arlo batzuetan egindako lanagatik izan da ezagunagoa. Hego Euskal Herriko errefuxiatuekin harreman handia izan zuen, eta haiekin sortu zitzaion kontzientzia abertzalea. «Telesforo Monzonen gisako pertsona batzuk biziki garrantzitsuak izan ziren harentzat», esplikatu du Ellande Duny-Petre historialari eta Enbata aldizkariko kronikariak. Enbata mugimenduaren eta aldizkariaren sortzaileetarik izan zen Abeberri 1960an, eta, Itsasuko Agiriaren sinatzaileetarik bat izan zen, 1963an.

Enbata aldizkariko erredakzioaren hitzetan, «sekulako galtzea» da Abeberriren heriotza. «Lan izugarria uzten du bere gibelean». Segurtatu dute «azken egunera arte» kasu eman diola aktualitate politikoari. «Haren bozkariorik handienetako bat izan da sortu zuen aldizkaria bidean aitzinera egiten ikustea, abertzaletasunaren mila liliek zabaltzen segitzen dutela ikustea, eta belaunaldi berriak EH Bai alderdiaren agintea hartzen ikustea».

1971ko Aberri Eguna Donibane Lohizunen. Bi jendarmek Jakes Abeberri kioskotik jautsarazten dute / Daniel Velez


Abeberrik Jean Louis Davant idazle eta euskaltzaina izan zuen bidelagun Enbata sortzeko. «Belaunaldi bateko azken haritz gisa» definitu du Davantek Abeberri, Jean Haritxelar, Mixel Labeguerie eta hainbaten pare. Gogoan hartu du Enbataren sorrerako bilkuretan elkarrekin zirenekoa, 1960ko apirilean: «Euskal Herria, Euskadi, euskaldunen aberria. Hori zen gure lema. Itsasuko lehen Aberri Egunak, 1963koak, asko zor dio Abeberriri. Batzuek Abeberri eguna deitu zuten». Borrokalari eta estratega gisa du gogoan: «Gizon sutsua zen, baina beti plazagizona; arrunkeriarik gabea. Boxeolari baten gisan». Ipar Euskal Herriko abertzaleek asko zor diotela uste du.

Hauteskundeetara aurkeztu zen Enbata, eta Abeberri izan zen hautagai 1968an, baina ez zituzten lortu nahi bezalako emaitzak. «Garai hartan, Enbata zen abertzaleen ahotsa Ipar Euskal Herrian, baina, 1970eko hamarkadatik aitzina, beste mugimenduak ere agertzen hasi ziren», esplikatu du Duny-Petrek. «Hauteskundeetan izandako porrotek ahuldu zuten». Horren segidan etorri zen Izan mugimendua, 1980ko hamarkadaren hasieran, gogoetarako eta ekintzarako arragoa; Julen Madariagak, Patxi Nobliak eta beste batzuek parte hartu zuten hartan. «Abertzaletasunak gizarte zibilean inbertitu behar zuela uste zuten», Duny-Petreren hitzetan. Abeberrik Herrikoa sortzen lagundu zuen Noblia, eta baita Sokoa kooperatiba sortzen ere. Urte horietan, euskal departamenduaren aldarrikapena berpiztu zuten.

Miarritzeko axuant

1981eko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetarako, PSrekin negoziatu zuen Abeberrik, eta François Mitterrand hautagaiak bere ehun proposamenen artean sartu zuen euskal departamendua sortzea; nahiz eta ondoren ez zuen hitza bete. 1983an, Miarritzeko Herriko Etxean hautatu zuten hautetsi Abeberri. Garai hartan, Bernard Marie zen auzapeza, «eskuineko kazike antieuskaldun bat», Duny-Petreren hitzetan. Didier Borotra zentristak, sozialistek eta Miarritze Bestelakoa talde abertzaleak aliantza egin zuten, eta boterera heldu ziren. «Lehen aldia zen abertzaleak boterera iristen zirena». Kulturako axuant izan zen Abeberri 1991tik 2001era, eta Hiriko Azpiegitura eta Garapenekoa 2001etik 2008ra. Urte horietan, euskalgintzako egiturei azpiegiturak eman zizkien herriko etxeak, besteak beste haren bultzadaz.

ETAren armagabetzea. Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunen prentsaurrekoa, Baionan. Jakes Abeberri eta Mixel Berhokoirigoin / Isabelle Miquelestorena


1996an, GAL erakundea laguntzen ibili ziren Frantziako polizia batzuen izen-deiturak argitaratu zituzten Enbata eta Ekaitza aldizkariek, eta Abeberri epaitu zuten, Ekaitza-ko zuzendari eta Herriaren Aldeko Jakes Bortairurekin batera, difamazioagatik —polizia horiei «ustel» deitzen zieten afixak kaleratzeagatik—. Enbata aldizkariak 210.000 libera ordaindu zituen, estatuak ez zitzan bahitu Abeberriren ondasunak.

Abertzaleen batasuna

Euskal Batasuneko militantea izan zen Abeberri, eta Abertzaleen Batasunaren bultzatzaileetako bat ere bai. «Ipar Euskal Herriko indar harremana ikusirik, ezinbestekoa zitzaion abertzaleen arteko batasuna», Duny-Petreren aburuz. 2001eko zatiketan, ABren hautua egin zuen. «ETAren sortzaileei biziki lotua izan zen hasieratik, eta Hego Euskal Herriko borroka armatuaren alde zegoen. Gregorio Ordoñezen erailketarekin hartu zituen distantziak. Ez zuen onartu hautetsi baten kontra jotzea».

Urteotan, EH Bairen alde egina zuen Abeberrik. «Erein zituzten haziak fruituak ematen ari zirela iruditzen zitzaion». Haren ibilbidearen «konstantzia» azpimarratu du: «Inoiz ez zituen bere engaiamenduak eztitu karrera politiko bat egin ahal izateko. Engaiatzeko gogoa ematen zuen. Oldarra eta arnasa ematen zituen; hark ere arnasa luzea izan du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.