Kantonamenduetako bozak. Elkarrizketa. Jean Telletxea. EAJko zerrendaburua, Baiona ekialdean

«Abertzaleen alde bozkatzen ez duten %90ak ditut begi bistan»

Lehen aldikoz, Baiona ekialdean aurkeztuko da Telletxea; hamar kantonamenduetarik bostetan aurkezteko hautua egin du EAJk.

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Abertzaleen arteko batasuna ez du begi onez ikusten Telletxeak, «eztabaida demokratikoak ez duelako ezer irabazten», haren ustez. Bakarrik aurkeztuko da, EAJko zerrendaburu, eta abertzale ez direnak ditu «konbentzitu» nahi.

Orain arte ez bezala, kantonamendu hauetan aurkezteko hautua egin duzue. Zergatik?

2009an Europako eta iaz eskualdeetako bozketetan parte hartu genuen, eta horren jarraipena da. Garai batez uste genuen besteekin lan eginez aitzinaraziko genuela eztabaida, tartean Modem zentristekin batuz, baina ohartu gara ez zuela ezer ekartzen eta beranta hartu genuela. Beraz, oraindik goiti, EAJren izenean aurkeztuko gara ahal bezainbat. Anitz lan egin dugu, ideia anitz ditugu eta gaurko egunean informazio emaile hoberena gara.

Alderdi zentristekin adostea zaila zitzaizuen?

Iraganaz hitz egiten nuen, hori pasa da. Gaur egun, gazte anitz ditugu, arriskua hartu eta lan egin nahi dutenak. Besteen beha egon behar badugu, ezer ez da lortzen.

Eta EH Bairekin ere ezberdintasunak badituzue adostu ahal izateko?

Eztabaida aberastea beti da oso inportanta. Maiz leporatzen digute EH Bairekin ez joan izana, baina zer eginen dugu koalizioarekin? Hiru alderdik osatzen dute, ezkerrekoak, joera erabat ezberdinetakoak eta ideia baten gibelean adostu behar dira. Eztabaida demokratikoak ez du ezer irabaztekorik horrela. Beti sinplifikatu nahi da, bozkatzailea hautu abertzalean ez dadin gal. Baina boto-emaileak behar du bere bidea aurkitu, ulertuko du ezberdintasunak badirela eta bere hautua eginen du! Hiru alderdiak EH Bairen barnean batzea ez da bozkatzaileen onerako, ez eta Euskal Herriaren onerako ez eta alderdien onerako. Ez da ez EA ez eta ABren onerako.

Bost kantonamendutan aurkeztuko zarete. Nola aukeratu dituzue?

Hamar kantonamenduetan egon nahi genuen. Gizarte egitasmo bat dugu Euskal Herriarentzat, lurralde elkargo bati buruz gogoetatua dugu, horregatik dugu Euskal Herri osoan egon behar. Baina ohartu gara Baiona mendebaldean eztabaida herriko bozei lotua zela, horregatik ez gara aurkeztu. Ondotik beste kantonamenduei begiratu diegu, nor aurkezten zen, batzuekin lan egin dugu, gure proiektu eta balioekin bat egiten zutenekin, hain zuzen. Hortik, Hazparneko Beñat Intxausperi, Atharratzeko Jean-Pierre Iriarti eta Bastidako Leopold Darritxoni adierazi diegu sostengua. Gurekin lanean aritzeko prest agertu dira.

Abertzale eta humanista gisa aurkeztu zarete. Erran nahi baitu?

Abertzale moderatuak gara, eta gizakia guztien aitzinean ematen dugu, baita gure sentimendu politiko abertzaleen aitzinetik ere. Bi proiektu ditugu: bata Euskal Herri barnealdeari begira, batez ere garapen ekonomikoari eta lurraldearen errealitateari lotua; bestea, kostaldean, beste hautagaiei konparatuz mezu xelebrea dugu; baionarren biziaren kalitate ona dugu helburu, eta uste dugu aterabideak Baiona baino haratago begiratu eta eraiki behar direla. Beste aglomerazio eta kantonamenduei ireki behar dugu, eta Euskal Herri barnealdeari begira jarri beharko dugula diogu. Adibidez, uraren kalitateari eta garraioei begira. Eta horrek gauza guztientzat balio du, elkarteak, etxebizitza...

Lurraldeari begira, kostaldeari doakionez, Donostiarekin nahi dituzue harremanak azkartu; Garaziko hautagaiak, berriz, Nafarroarekin. Ikuspegi nazionala duzue indartu nahi?

Unibertsitateei begiratzen bazaie, kolaborazioa egin daiteke Donostiako ala Bilboko unibertsitateekin. Baina gaur egun ez da egiten. Hori garatuz, ikastaldiak hemen eginen dituzte gazteek, eta hemen lan eginen dute. Gazteak herrian mantendu behar ditugu. Industria mailan ere asko bada egiteko.

Ekonomia mailan da, beraz, gehiago, ez eta politikoki?

Lehentasun kontu bat da. Gaur egun, abertzalea naizela diodanean, Baionakoek ez naute ulertzen. Esplikatzen bazaie euskaldunak garela, abertzaleak, lurralde bat eta nazio bat eraiki behar dugula, izutuko dira. Gaur egun, errealismoa aurkeztu behar zaie. Esplikatu behar zaie garapenerako irtenbideak bertan aurkitu behar direla eta hemen bizi gune naturala dugula Baionatik Donostiara eta haratago. Aterabideak hor dituztela erran behar zaie.

Hego Euskal Herriko aktualitate politikoa aberatsa da azken aldi hauetan. Zure ustez, hemengo egungo egoera politikoan horren berri eman behar da?

Ez, batere ez. Bi errealitate dira, bi gizarte, bakoitzak bere legeak ditu. Interesatzen ahal gara, baina hau hauteskunde kanpainan esplikatzea, inola ere ez!

Zu Baiona ekialdean aurkeztuko zara. Zeinen bozak eskuratu nahi dituzu?

Hori da, nahiz eta ez naizen hor bizi anitz ezagutzen dudalako Baiona, eta hor aurkeztea galdatu didate. Oso pozik naiz. Abertzaleek %10 inguru egiten dute, ez ditut horiek nahi, beste %90ak ditut begi bistan. Abertzaleek egiten duten bateratzea elkar begiratzea da, eta ez urrun begiratzea.Zentro eskuina eta eskuinagokoak ditut konbentzitu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.