Espainiako Konstituzioaren balizko erreformaren inguruko hotsak bolo-bolo dabiltza aspalditik, baina, orain arte, Espainiako Gobernuak nahiago izan du hots horiei entzungor egin. Herenegun, Espainiako Gobernuko ministro batek, Rafael Catala Justizia ministroak, hain zuzen, estreinako aldiz hartu zuen ahotan konstituzioa erreformatzeko aukera. Baina, Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleen eta Espainiako ezkerreko indarren asmoei kontrakarrean, Espainiako Estatuaren eta autonomia erkidegoen eskumenak «ongi finkatzeaz» mintzatu zen Espainiako ministroa.
Catalaren adierazpenen osagarri, Espainiako Kongresuko Konstituzio Batzordeko presidente eta PPko diputatu Arturo Garcia Tizonek esan du Konstituzioa aldatzeko aukera irekitzekotan «dena posible» litzatekeela eta aldaketok ez dutela zertan izan «ezinbestez» Katalunia eta Euskal Herriko alderdi abertzaleek eta Espainiako ezkerreko alderdiek proposatzen duten norabidean.
Esaterako, irakaskuntza eta osasun arloaren inguruko eskumenen banaketa berriro aztertzearen alde agertu da Garcia Tizon, «ez baitute espero zen emaitza izan», eta autonomia erkidegoek atzerrian ordezkaritzak zabaltzea ezinezko egingo lukeen erreforma baten alde ere mintzatu da.
«Atzera egiteko» asmoa
Adierazpenok kezka eta ezinegona sortu dute euskal alderdi abertzaleetan, horien atzean PPren asmoa ikusi baitute autonomia eredua are gehiago murriztu eta erkidegoen zenbait eskumen Espainiako Gobernuaren esku jartzeko. EAJko diputatu Pedro Azpiazuk, adibidez, esan du PPren asmoa dela «eskumenak kentzea, autonomia ereduan atzera egitea eta, azken buruan, 1978ko ituna ez betetzea», eta «kezka» agertu du hori dela eta.
Azpiazuren ustez, Espainiako Konstituzioaren edozein erreformak «Euskadiren nazio izaera eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea» jaso beharko lukeela, EAJk onartuko badu. «Aldaketak norabide horretan ez badoaz, EAJ ez da erreforma horretan egongo», erantsi du.
Amaiurreko diputatu Iker Urbinak esan du Espainiako Estatuak «haustura demokratikoa» behar duela, «eta ez Catala ministroak proposatutakoaren moduko makillaje hutsa».
Urbinaren ustez, Catalaren adierazpenak «PPren eta Espainiako Gobernuaren zentralizatze prozesuaren» adibide dira, eta Katalunian zein Euskal Herrian dagoen egoera politikoari erantzutea dute helburu.
Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek adierazi du «logika politikoaren barruan» sartzen dela Espainiako Konstituzioa aldatu nahi izatea eta erreformaz hitz egitea. «Hala ere, eta begien bistakoa denez, gai honetan Nafarroako Gobernuaren jarrera eta Alderdi Popularrak egin ditzakeen proposamenak seguru asko desberdinak izango dira», gaineratu du.
Beste aldetik, Borja Senper Alderdi Popularrak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea saiatu da Catalaren adierazpenei garrantzia kentzen, eta «ozen egindako gogoeta» baino ez dela esan du: «Orain, Konstituzioaren erreforma ez dago PPren epe laburreko agendan».
Hala ere, prozesu horri ekingo baliote, emaitza «autonomia erkidegoek eskumen gehiago edo gutxiago edukitzea» izan daitekeela ohartarazi du, Senperren ustez garrantzitsuena ez delako eskumenak nork dituen, «eskumenen banaketa hori herritarren mesederako izatea» baizik.
Abertzaleek kezkaz ikusi dute konstituzioa aldatzeko PPk egindako proposamena
EAJren ustez, «Euskadiren nazio izaera» jaso beharko luke edozein erreformak. Amaiurrek «haustura demokratikoa» eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu