PSE-EEko idazkari nagusia

Eneko Andueza: «Abertzaleek herrialde bat sortu nahi dute soilik beraientzat»

Estatutu berria negoziatzen hastear diren honetan, PSE-EEko burua inoiz baino irmoago azaldu da abertzaleen nahien aurrean: «Haien helburu nagusia independentzia da». Anduezak ez du nahi «Euskadirentzat Katalunian jasandakoa».

ENEKO ANDUEZA PSE-KO IDAZKARI NAGUSIA. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
xabier martin
Bilbo
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

EAJri abisu argia eman dio Eneko Anduezak (Eibar, Gipuzkoa, 1979) Espainiako Kongresuan Sanchezi ematen dion babesa dela eta. Helarazi duenez, babes hori aldatuko balitz, horrek eragina izango luke euskal erakundeetarako alderdi biek duten itunean.

Arriskuan da EAJrekin daukazuen akordioa?

Orain ez, baina gauzak aldatzen badira Madrilen, hausnarketa bat egin beharko dugu denok. Jakin behar dugu zer egoera dagoen Madrilen; egungo gobernuaren alternatiba latza da: eskuina eskuin muturraren eskutik. Beraz, joka dezagun seriotasunez denok. Egia da, dena den, EH Bildurekin duen lehian kokatzen dudala EAJren jarrera Venezuelako bozketa dela eta, haiek ere burua altxatu nahi baitute.

Ortuzarrek deitu dizu estatutu berriaz hitz egiteko?

Ez.

Gehiengo abertzale bat badela onartu duzu, baina hari pluraltasuna ukatu diozu. Zergatik ez luke pluraltasuna ordezkatuko gehiengo horrek?

Bloke abertzale bat izango litzateke, eta aniztasuna beste gehiengo batek ordezkatzen du gobernuan. Euskadi oso plurala da, eta aniztasun hori ezin da ordezkatu nazionalismo baten gotorleku modura. Ezin da onartu erakundeak gobernatzeko gehiengo bat erabiltzea eta beste gehiengo bat beste gauza batzuetarako, beren gauzetarako. Gehiengo bat daukate parlamentuan, baina kalean sumatzen dena ez da abertzaletasun hori.

EAJren eta PSEren 39 eserlekuek pluraltasuna ordezkatzen dute, eta EAJren eta EH Bilduren 54 eserlekuek ez?

Logikoki, horrela da. Haien helburu nagusia independentzia da; abertzaleek herrialde bat sortu nahi dute soilik beraientzat, eta hori ez da bidezkoa. Hortik jotzeak badakigu zer dakarren. Beste garai batzuetan ere gehiengoa izan dute, eta batu egin dira bide hori egiteko, eta badakigu zertan bukatu den: porrotean eta kaleko haustura batean. Kataluniakoa ere hor dago. Zorionez, aldaketa izan da orain han. Nik ez dut nahi Euskadirentzat Katalunian jasandako hori.

Esan duzu inkesten arabera indarra galdu duela independentziaren hautuak. Zerk erabaki behar du gehiengoaren nahia, inkestek ala gehiengo parlamentarioek?

Egonkortasuna behar dugu hemen: ez dugu abenturarik nahi. EH Bilduri eta EAJri hausnarketa bat eskatuko nieke. Haien alde bozkatzen duten pertsona guztiak ez dira independentistak, eta inkesta guztiek esaten dute hori. Agerian da: gero eta txikiagoa da independentziaren aldeko sentipena. Eztabaida ez dago kalean. Parlamentuko gehiengo abertzale horrekin bat egiten du haien aldeko botoa eman duten guztiek? Ez dut uste.

Kalean sumatzen ez duzulako edota inkestengatik, EAJk eta EH Bilduk ez dute zilegitasunik itun bat egiteko?

Askatasun osoa dute batzeko eta bide hori egiteko, baina jakin dezatela gu ez gaituztela bide horretan edukiko. Batu daitezela hala nahi badute, baina baita erakundeei egonkortasuna emateko ere.

Eneko Andueza, elkarrizketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.

«EH Bilduri eta EAJri barne hausnarketa bat eskatuko nieke: haien alde bozkatzen duten pertsona guztiak ez dira independentistak, eta inkesta guztiek esaten dute hori»

Salvador Illak «Kataluniako nazioa eraikitzeko» deia egin du. PSE prest legoke euskal nazioa aitortua izan dadin estatutu berrian, modu horretan, nazio gisa alegia?

Oraingo estatutuan horrela onartuta baldin badago, zergatik ez onartu berrian ere?

Nazionalitatea aipatzen da, ez nazioa.

Posible izango da —edo, behintzat, PSEk horrela uste du— halako kontzeptu bat estatutuan jasotzea, denok eroso sentitu gaitezen terminologia jakin batekin. Beste erkidego batzuetan ere jaso dute, Aragoin eta Andaluzian, adibidez.

Zure ustez, nazio hitzak eta kontzeptuak adiera bera dute Aragoiri buruz aritzean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoari buruz aritzean?

Bai, zergatik ez?

Nazio aitortza idatzita geratuko balitz, PSEk onartuko luke euskal selekzioak ofizialki lehiatzea?

Harrigarria da batzuk beti gauza identitarioetan tematzea. Hurrengo estatutuan ezinbestekoa dena da etorkizunerako benetan garrantzia duena jasotzea eta indartzea. Euskal selekzioa eta horrelakoak gauza identitarioak dira. Eskubide sozialak blindatu behar dira estatutu berrian, eta orain ez daudenak estatutura eraman. Jar ditzagun indarrak komunean dugun horretan.

Espainiar nortasuneko euskal herritarrek euren nazioa lehiatzen ikus dezakete; euskal selekzioak ofizialki lehiatzearen alde zaude, ala aurka?

Ez diot inongo zentzurik ikusten euskal selekzio bat edukitzeari, baina ez bakarrik identitarioa delako; lehiakortasunari begira ere nahiago dut oraintxe dugunarekin jokatzea. Dena den, errespetagarriak dira aldarrikapen horiek.

Jaurlaritza berria abiatu da Mikel Torres lehendakariorde dela. Ez da euskalduna. PSEk ez zuen postu goren horretarako pertsona euskaldunik?

Gobernuan jarri ditugun pertsona guztiak gaitasun handikoak dira. Agian batzuek lehentasuna emango diote hizkuntzari, baina nik nahiago dut ardura handiko postuak kudeatzeko gaitasuna duen pertsona bat.

Euskal administrazioa euskalduntzeko xedea izan duten gobernuetan egon zarete urte askoan. Lehendakariorde batek ez badu zertan jakin euskaraz, nola lortuko da helburu hori?

Gipuzkoan, EH Bilduko gobernu bat izan genuen, eta foru diputatu guztiak ziren euskaldunak. Gero, badakigu haien kudeaketa zein txarra izan zen. Hemen garrantzitsuena da ondo kudeatzea. Hizkuntza eskubideak oso garrantzitsuak dira, eta errespetatzen ditut, baina harrigarria da batzuek hainbesteko garrantzia ematea, Euskadik dituen erronkak ikusita.

Gobernu jakin baten kudeaketaren balorazioa subjektiboa da, eta euskaraz jakitea ala ez, objektiboa.

Izan liteke, baina guk gobernuan jarri ditugun pertsonak, euskaldunak direnak eta ez direnak, gaitasun handikoak dira.

Justizia eta Giza Eskubideen Saila zuen esku dago orain. Gogora institutuan aldaketak behar direla aipatu duzue. Zer-nolakoak?

Egin ez dena egin behar da. Sarritan, arduradun batek bere ideiak eta bere logika ezartzen ditu bere kudeaketan, eta ondo dago; guk gure logika ezarriko dugu, beste logika bat. Iraganean gertatu dena landu da askotan Gogora-n, baina ez hainbeste gertaera horien erantzuleen ingurukoa. Egia, justizia eta erreparazioa dira garrantzitsuena, eta asko dago egiteko, batez ere egia guztia jakiteko.

Gogora-k ez du nahikoa landu ETAren biktimen oroimena?

Gogora ez dago bakarrik ETAz aritzeko; frankismoa ere landu behar du, eta arlo bi horietan ez da askorik hitz egin biktimarioez. Agian, interesgarria da gizarteari esatea gertaera horien atzean zein egon zen, abizen euskaldun ugari aterako dira eta.

Eneko Andueza, elkarrizketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.

«Ez diot inongo zentzurik ikusten euskal selekzio bat edukitzeari, baina ez bakarrik identitarioa delako; lehiakortasunari begira ere nahiago dut orain dugunarekin jokatzea»

Gasteizko alkate sozialistak, Maider Etxebarriak, Urrezko Domina eman dio Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari. Egokia iruditzen zaizu?

Bidezkoa da: erakunde sendoak behar dira memoriaren inguruan, eta erakunde hori lan garrantzitsua egiten ari da.

Zentro horrek polizia soil modura aitortu du Meliton Manzanas torturatzaile eta Gestapoko kolaboratzailea, eta Martxoaren 3ko biktimez ez du ezer jaso. Zer iruditzen zaizu?

Martxoaren 3ko biktimek beren fundazioa izango dute, eta guk parte hartze zuzena izan dugu beren espazio propioa izan dezaten. Bestalde, Gasteizko Memorialak ez zuen hasieran GALi buruz ezer jaso, eta, gure ekarpenari esker, GAL ere sartu dute.

Besteak beste Meliton Manzanas eta Carrero Blanco oroitu dituela eta, zuzenketarik ez du egin behar erakunde horrek?

Hori azpimarratu behar bada, ez dago arazorik egiteko. Nik oso argi daukat nor izan ziren Manzanas eta Carrero Blanco, eta euskal gizartearen gehiengo batek ere badaki.

«Azpimarratu» esatean, zer esan nahi duzu, haien jarduera zein izan zen azaltzea?

Esango nuke hori dagoeneko jasoa dagoela Memorialean.

Ez dago.

Zuzendu egin beharko da orduan. Baina askok indarra leku berean jartzen dute beti. Beraiek egindakoan ere indar bera jarriko balute, Euskadin gauzak askoz hobeto leudeke. Oraindik bada alderdi bat eta gizartearen zati bat eragin duen mina aitortu ez duena. Aitzitik, beste batzuek egindakoari baino ez diote begiratzen. Eta ondo dago, baina, aizu, beraiek egindakoaz ere zerbait esan zezaketen, eta behingoz esango balute, Euskadik eskertuko luke.

Alderdi bat? EH Bildu?

Bai, ezker abertzalea, logikoki.

EH Bilduk «eragindako samina bihotzez sentitzen» duela esan die biktimei behin baino gehiagotan.

Oraindik bide dezentekoa dauka egiteko.

Euskal presoak gizarteratzeko dinamikan aldaketarik aurreikusten duzue Justizia Sailean?

Legea argia da, eta legea besterik ez dugu beteko.

Ezkio ala Gasteiz. AHTaren ibilbideak ika-mika handia piztu du. Zer nahiago zenuke?

Eneko Anduezak, PSEko idazkari nagusi gisa, ez du bata ala bestea lehenesten. Txostenen zain gaude.

Ezkioko geltokia eginda dago. Eta ez balitz handik egingo, azkenerako?

Ez nau kezkatzen: beste erabilera bat emango litzaioke.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (5)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.