2014ko Iparraldeko herri bozak. Kanpaina

Abertzaleek gakoa ukan dezakete

Zundaketen arabera, bigarren itzuliari begira berdinketa legoke zentro-eskuina eta ezkerreko zerrenden artean, buruz burukoanLehen itzulian, abertzaleek %9 lukete, eta bigarren itzulian egoteko aukera ere hurbil

IFOP etxeak egin du inkesta, Sud-Quest egunkariak eta France Blue irratiak eskatuta. P. TOHIER.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Baionako Herriko Etxerako bozetako lehen itzulian Henri Etxeto sozialistak lortuko luke lehen postua baina bigarren itzulira begira, abertzaleen esku legoke Baiona gobernatzeko gakoa. Horrela islatu du Sud-Ouest egunkariak eta France Bleu irratiek agindurik, IFOP etxeak egin duen inkestak. Lehen itzulian Etxetok bozen %41 eskuratuko luke, Jean Rene Etxegarai zentristak %31, Silvye Durruti eskuindarrak %14, Jean Claude Iriart (Baiona 2014) %9 eta azkenik, Sergue Nogues Ezkerreko Frontekoa, %5. Bigarren itzulia Etxeto eta Etxegarairen arteko lehia balitz, berdinketa teknikoa egonen litzatekeela dio inkestak, bozen %50 eskuratuz bakoitzak. Durrutyk erabakiko balu zerrenda atxikitzea bigarren itzulirako, ezkerrak irabaziko luke.

Baionan bozka emateko zerrendan izena emana duten 506 pertsonari egin zioten inkesta. Ez du kontuan hartzen abstentzioa, eta horrek, datuak zuhurtziaz hartzera eramaten baitu. Okerra %4,1 inguru da bozen %30etik gora duten zerrenden kasuan, eta %1,9 inguru %30etik behera lortzen duten zerrenden kasuan.

Lehen postuan ageri den arren, Etxetok ez du lortuko bozen %50era heltzea, Ezkerreko Frontearen bozak gehiturik ere. Egoera berean da Etxegarai zentrista. Durruty hautagaiak zerrenda atxikitzea deliberatuko balu ere, abertzaleek hurbil dute bigarren itzulian presente izateko aukera, inkestaren arabera. Gobernua osatzeko tenorean abertzaleak gako gisa ageri dira, bigarren itzulian presente egon ala ez.

Inkestaren biharamunean, gogor egin diote eraso elkarri Etxetok eta Etxegaraik. Pozik dagoela erran du Etxetok eta UMPko ikuspegi eskuindarretik gero eta hurbilago izatea leporatu dio Etxegarairi. Etxegaraik azpimarratu du sozialistak diskurtso politikoan oinarritzen direla, uko eginez Baionak dituen arazoei lehentasuna emateari.

Etxegarairen emaitzak

Zentrista eta eskuinaren zerrendak bateratu beharko ditu bigarren itzulian Etxegaraik, aukera galdu nahi ez badu. Baina hori egiteko, zerrendako bigarren postua eskatzen dio Durrutik. Eskuinarekin tratua egiteak urrunduko lituzke gainera abertzaleak. Izan ere, inkestaren arabera, abertzaleen boz gehienak Etxegarairen alde eginen lukete, euskararen eta Lurralde Elkargoaren gaien inguruan erakutsi duen jarrerarengatik. Baterako kide dinamikoa da Etxegarai. Aldiz, eskuinarekin bat egiteak eta sozial arloan egin dezakeen politikak, bereziki zerbitzu publikoen arloan, ez ditu abertzaleak erakarriko. Alderantziz, sozialistekin sozial arloan bat egin arren, Etxetok Lurralde Elkargoari begira, eta bereziki, Landetako hegoaldeko Herri Elkargoekin burutu nahi duen xedeak ohilduko ditu abertzaleak.

Iriartek azpimarratu du inkestak ez duela elementu bat hartu kontuan, alegia, Baiona 2014 zerrenda bigarren itzulian egotea. Horrez gain, jakinarazi du lehen itzuliko emaitzak izan ondoren bilduko direla zerrendakideak, bigarren itzulirako jarrera deliberatzeko. Bozen %10 lortzea eskura duen erronka dela dio.

Noguesek azpimarratu du sobera txikia dela inkestaren lagina, fidagarria izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.