Herriko bozak

Abertzaleek emaitza onak lortu dituzte lehen itzulian

Ohi baino boz gehiago lortu dituzte abertzaleek hainbat herritan. Bigarren itzuliari dagokionez, kezka erakutsi dute hautagai guztiek, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioa dela eta.

Herriko bozak. GUILLAUME FAUVEAU
Joana Ibargarai - Iñaki Etxeleku - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko martxoaren 15a
21:12
Entzun

Urruñan, Ziburun, Biriatun eta Uztaritzen (Lapurdi) gailendu dira abertzaleak, besteak beste. Urruñan eta Ziburun, Frantziako eskuina izan da herriko etxeen buru hainbat kargualdiz jarraian. Lehen aldiz, EH BAIk sostengaturiko zerrendek lortu dute lehen postura heltzea. Elgarrekin Urruña zerrendarekin: 1668 boz lortu dituzte guztira abertzaleek. Filipe Aramendik parean bi lista izan ditu: Francis Gavilan (Errepublikanoak) eta Sebastien Etxebarne (zentro eskuina). Gavilan auzapez ohiaren axuant izan da 6 urtez, eta bozen %29,79 lortu ditu. Etxebarnek berritasuna ekarri zuen Urruñako panorama politikoan, eta bozen %29,38 lortu ditu.

Aise aitzinetik jalgi da Eneko Aldanaren zerrenda Ziburun, %44,66ko emaitzarekin. Bigarren, Isabelle Dubarbier, Guy Poulou orain arteko auzapezaren segidakoa: %17,16. Hirugarren, Henri Hirigoienberri: %13,6. Ondotik, hurbil datoz Dominique Duguet eta Joseph Aranbururen zerrendak. Kasik 800 bozen diferentzia atera dio Aldanaren zerrendak Dubarbieren zerrendari.

Biriatun, bi zerrenda izan dira lehian. Hamarkadetan auzapez izan denari, Michel Hiriarti, lehia egin dio Solange Demarcq-Egiguren abertzaleak, eta lehen itzulitik nahiko boz lortu ditu auzapez izateko. Biriatuko Geroa abertzaleen zerrendak 309 bozekin irabazi du, eta Michel Hiriart auzapez ohiak 306 boz lortu ditu.

Itsasun (Lapurdi), hiru hautagaien artetik Jean Paul Iturburuak lortu du boz gehien; % 37,9. Orain arte, Roger Gamoy zen auzapez (Errepublikanoak), eta Iturburua zuen auzapezorde; haren segida bermatu nahi luke. 43 boz gutiagorekin, bigarren atera da Mikel Hiribarren abertzalearen zerrenda; % 34ko emaitza lorturik. Luis Uztarrotzen zerrendak, berriz, bozen % 27 bildu ditu. Kanbon (Lapurdi), Christian Deveze auzapezak doi-doietarik irabazi ditu hauteskundeak, 133 bozen aldea aterarik Argitxu Hiriart-Urruti abertzalearen zerrendari. Bozen %53,03 lortu ditu Devezek, eta auzapez jarraituko du. Uztaritzen (Lapurdi), Bruno Carrere orain arteko auzapeza atera da berriz lehen postuan: bozen %45,23 lortu ditu.

Donapaleun (Baxenabarre), sorpresa izan da. Bartelemy Agerreri lehia egiten zion Charles Mazondok, eta hura gailendu da. EH Baik «Agerreri ez uzteko» Mazondoren alde bozkatzera deitu zuen, abertzaleekin akordioa egin baitu. Bozen %63,26 lortu ditu, eta Agerrek, %36,74.

Donibane Garazin, bozen %44,8 lortu ditu Xabi Larren zerrendak —EH Baik sostengatu du—. 2014ko emaitzekin alderatuta, 12 puntuz igo da abertzaleen emaitza. Honela mintzatu da Larre: «Izugarri kontent gara egin dugunaz: lau kontseilari ukanen ditugu. %44,8 kasik bozen erdia da, eta horrek du pisu gehien ematen, ez bortxaz 19 hautetsietatik ukanen ditugun 4 lekuek».

Miarritzen (Lapurdi), Brice Morin zerrenda abertzale eta ekologistako buruak bozen %12,3 lortu ditu; zazpi zerrendetatik, laugarren postura heldu da, beraz. Baionan, bozen %13,1 lortu ditu Alain Hiriarten zerrenda abertzale eta ekologistak. Nabarmentzekoa da %62ko abstentzio mailara heldu dela Baiona.

 

Bigarren itzulira so

Hautagai gehienek kezka adierazi dute bigarren itzuliari begira. Olivier Veran Frantziako Osasun Ministroak asteartean iragarriko du bigarren itzulia mantenduko duten ala ez. Mantenduko ez balitz, boz guztiak berriz egin beharko lirateke. Horregatik, bigarren itzulia izanen den herrietan, hautagaiek ez dute aliantzen berri eman oraindik. 

Honela hitz egin du Filipe Aramendik Urruñatik: «Pozik gara alde batetik, baina tristura ere sentitzen dugu.  Hauteskunde hauek testuinguru berezi batean iragaten ari dira. Ikusiz zer egoeretan garen, hobe izango zen bozak gibelatzea. Orain ez dakigu bigarren itzuliari buruz zer gertatuko den, baina, koherentzia atxiki nahi badute, gibelatu beharko dituzte».

Itsasun, Iribarren abertzaleak uste du goizegi dela aliantzei buruz adierazteko: «Guretzat kausitze ederra da; orain arte, ez genuen sekula hozka hori gainditu. Oraingoz, emaitza berri-berriak dira, eta goizegi da errateko aliatuko garen ala ez. Lehenbailehen erabaki beharko dugu; ikusi beharko dugu beste zerrendek zer keinu egiten diguten».

Miarritzen, Brice Morin zerrenda abertzale eta ekologistako zerrendaburuak adierazi du badakitela «norekin ez» diren aliatuko bigarren itzulirako. «Baditugu ideiak: badakigu norekin ez garen joanen eta norekin, posible den. Argi dena da miarriztarrek aldaketa nahi zutela: Michel Veunac auzapez ohiaren aitzinetik heldu gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.