«Euskal nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzen jarraitzeko ahalmena eta borondatea» badagoelakoan, Euskal Herria Batera-k Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko ekitaldi kulturala egin du Donostiako Kursaalean; alderdi eta sindikatu abertzaleen eta eragile sozialen ordezkarien parte hartze zabala eduki du deialdiak. «Zer garen ospatu eta zer izan nahi dugun aldarrikatzeko» elkargunea izan zen Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguezen gidaritzapean eskainitako ekitaldia.
19:00etan hasi da taula gaineko ekitaldia, Kursaaleko Kubo txikian, aretoa beterik dela, baina ordubete lehenago egin diete harrera Kursaaleko hallean erakunde eta alderdien ordezkariei. Soka dantzan aritu dira, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Donostiako alkate Eneko Goia, alkate ohi Juan Karlos Izagirre, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, Nekane Balluerka errektore ohia, Estitxu Garai EHUko errektoreordea, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia eta Xabier Euzkitze kazetaria.
EAJk ordezkaritza zabala izan du Kursaalean: Xabier Barandiaran legebiltzarkidea, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, eta Goia eta Tejeria egon ziren, beste zenbait jeltzaleren artean. EH Bilduren ordezkarien zerrenda ere luzea izan da: Nerea Kortajarena legebiltzarkidea, Gorka Elejebarrieta senataria, Maddalen Iriarte batzarkide gipuzkoarra, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto bilkideen zuzendaritzako kideak, Adolfo Araiz parlamentari nafarra...

«Nazio bat gara»
Ekitaldia hasi aurretik, hizketarako taldetxoak sortu dira, baina alderdi bietako ordezkariak ez dira askorik nahastu, agurretatik harago. Goiak eta Izagirrek, adibidez, izan dute tartetxo bat beraientzat. Euzkitzek abiarazi du ekitaldia, mezu argi batekin: «Aberri Egunaren bidez eta batera arituz, munduaren aurrean nazio bat gara, eta erabiltzen dugun hizkuntzak, lekukotzen gaituen lurraldeak eta lotzen gaituen kulturak egiten gaitu, ainguratzen gaituzte, eta zentzua eta segurtasuna ematen dizkiote gure bizitzari berari».
Ikusleen artean, sindikatu, komunikabide eta kultur arloko ordezkari ugari egon dira: LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburu; BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Iban Arregi, zuzendari Amagoia Mujika eta zuzendari ohi Martxelo Otamendi; Gara-ko zuzendari Iñaki Soto, Elkar fundazioko lehendakari Joanmari Larrarte, Gure Esku-ko eledun Josu Etxaburu, Aiora Zulaika Pirritx, Iñigo Iruin abokatua, Floren Aoiz Iratzar fundazioko lehendakaria, Gaizka Aranguren kazetaria, Koro Garmedia Jaurlaritzako sailburu ohia...
Aurtengo Aberri Eguna EAJren eta EH Bilduren zuzendaritzak berritu ondoren iritsi da, estatutu berri bat adosteko akordio bati buruz inoiz baino gehiago hitz egiten ari den honetan, eta Euskal Herria Batera-ren ekitaldian elkarrekin agertzeko abagunea eman die jeltzaleei eta bilkideei. Antolatzaileek uste dute Kursaaleko ekitaldiak mezu bat igorri diola munduari: «Hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunak dituena, bere nortasunarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena. Bagara, eta izan nahi dugu». Mireia Epeldek eskatu zuen Aberri Egunaren bidez zabaltzeko «komunitatea egiten gaituen hori». Eta Euzkitzek biribildu zuen mezua: «Azal diezaiogun munduari heldutasun eta gaitasun nahikoa dugula gure etorkizuna eraikitzeko eta erabakimen osoa geureganatzeko».

Bilbon eta Iruñean
Euskal Herria Batera-k bosgarren urtez antolatu du Aberri Eguna ospatzeko ekitaldia, baina aurten urrats handia egin du Kursaaleko ikuskizun deigarri eta sendoarekin. Epeldek gogoratu du «Euskal Herriaren giharra osatzen duten esparru eta pertsonen arteko harremana elikatzea funtsezkoa» dela, eta horretan jarraituko dutela antolatzaileek. Instituzioei die egin die «behar bezalako Aberri Egun bat» ospatzeko, eta dagokien «ardura» hartzeko eskatu.
Aberri Eguna hilaren 20an ospatuko dute alderdiek eta herritarrek oro har. EAJk, urtero legez, Bilbora deitu ditu militanteak, baina bihar bertan beste ekitaldi bat egingo du egun horren harira: Bidasoko Aberri Eguna. Aitor Esteban EBBren presidenteak eta Unai Hualde NBBko presidenteak hartuko dute hitza, Lesakan bertan, Harriondoa kultur etxean.
EH Bilduk, berriz, Iruñera deitu ditu militanteak eta abertzaleak oro har Aberri Eguna ospatzera. Eguerdian manifestazioa abiatuko da Golem zinematik. Ipar Euskal Herrian, Bagira prozesuan elkartu diren eragileek batera ospatuko dute Aberri Eguna, Donibane Garazin.