Mikel Hiribarren ELBko laborari abertzale ezaguna izango da Itsasuko auzapez berria. Lehen itzulian lehen atera zena, Jean-Paul Iturburua, bigarren tokian gelditu da. Eta aise gibelago gelditu da Louis Ustarrotzen hirugarren zerrenda, zeinak ez baitzuen batu nahi izan Hiribarrenen zerrendarekin bigarren itzulirako. Hiribarren pozik agertu da emaitzarekin, nahiz bozen estutasunaz arras kontziente agertu: “Diferentzia gauza guttik egin du; guk irabazteko behar izan da egin dugun proiektu lantu hori, talde motibatu bat, etxez etxe ibiltzea, kanpaina lan hori guzia. Hamabost tanto biziki guti da: dena behar izan da. Baina irabaztea da konta; erran nahi du herritarrek konfiantza ematen badigute ere konprenitzen dugula bertze zerrenden lekua kontuan hartu behar dugula”.
Itsasuko bizilagun Mikel Barrios ere izan du gogoan igande gau honetako ihardukitzean, astelehenean preso joan beharko baita Barrios. “Botere publikoen dorpetasunak behartzen dute presondegirat, eta zuzentasunaren kontrako erabakia dela badakigu, politika ikuspegi dorpe baten emaitza. Gure hautetsi aulki hauetarik nahi diogu adierazi elkartasun osoa Mikeli”, erran du Hiribarrenek.
Herriari zerrenda abertzaleak hamalau hautetsi izanen ditu ondoko sei urteetan. Iturburuarenak, berriz, lau, eta Ustarrotzek bakarra. Horrez gain, Euskal Elkargora bere ordezkaria igorriko du Herriari-k. Dudarik gabe, hirigintzak leku berezia izanen du guztiz tiran den Errobi eremuko herriko ordezkariak lanen artean, baita euskara ere. Mikel Hiribarrenen zerrendak Europako hizkuntza gutituen itunaren betearazteko bide bat jorratu du kanpaina denboran, obratu nahiko duena agintaldi denboran.
Uztaritzen, berriro Karrere
Bruno Karrere Uztaritzeko auzapezaren zerrendak irabazi du Lapurdiko hiri historikoan, bozen %51,21ekin. Aski gibel utzi ditu Bruno Cendre eta Jean-Claude Saint-Jeanen beste zerrendak. Berretsi du, beraz, duela sei urteko garaipena Uztaritze Bai zerrendak. Ez du iduri agintaldi denboran izan zituen barne zatiketak eta hautetsien dimititzeak kalte egin diotenik. Karrerek, garaipenaren ondotik, adierazi du trantsizio ekologikoa izanen dutela ardatz nagusia ondoko sei urteetan: “Trantsizio ekologikoa da hartu dugun lehentasuna. Eta Uztaritze mailan ere auzoak indarberritzea izanen da. Egitasmo anitz baditugu programan, eta martxan jarriko ditugu”.
Lapurdi barnealdeko Errobiko eremuan, Itsasuren garaipen berriarekin, abertzaleek indar gehiago izanen dute, hain segur Euskal Elkargoan.