Gehiengotik oposiziorako urratsa egin dute Hendaiako (Lapurdi) Hendaia Biltzen talde politikoko kideek. 2020ko herriko bozen bigarren itzulian, zerrenda abertzaleak Kotte Ezenarro auzapezaren zerrendarekin aliantza egitea deliberatu zuen, gehiengoan sartzeko asmoz. Eta hala gertatu zen, bozak irabazi baitzituen aliantzak. Bi urteko lanaren ondotik, ordea, desadostasunak tarteko, gehiengotik atera dira abertzaleak, eta hemendik aitzina oposizioan egonen dira.
Atzo arratsean aktatu zuten bereizketa, herriko kontseiluan. Ezenarrok kargutik kendu zituen Hendaia Biltzen taldeko Claire Legardinier eta Celine Cotinat axuantak. Oraingoz, ez dute zehaztu nork ordezkatuko dituen.
Giro tirabiratsuan iragan zen atzo arratseko bilkura. Axuantak kargutik kentzea formalitatea izanagatik ere, talde politiko bateko eta besteko kideak hitza hartzeko baliatu ziren. Laetitia Navarron Hendaia Biltzen-eko kidea honela mintzatu zen: «Baldintza hauetan ezin dugu gehiengoan segitu, eta, beraz, ardurak kentzea saihetsezina zen». Alta, salatu zuen Ezenarrok erabakiaren berri prentsaren bidez eman izana. «Gure hautetsiei zilegitasuna kentzea ez dugu onartzen», adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, kontseiluak bi axuantak kargutik kentzeko erabakia onartu zuen.
Claire Legardinier elkartasun ekonomiaz arduratzen zen axuanta zen. Batik bat arlo horretako proiektuak bururaino ez eraman ahal izatearen kezka agertu du. Gertatutakoaren harira, «lan egiteko manerak» ezarri ditu jomugan. «Nire ardurak betetzean, sistematikoki beste ordezkari bat igortzen zidaten. Aitzakia zen ez nintzela gai bakarrik egiteko, baina azkenean etengabeko oztopoak jarri dizkiguten sentsazioa dugu».
Bi urteko zailtasunak
Nolanahi ere, iragan apirilaren 18an, dagoeneko jakinarazia zuten bi taldeek hartutako erabakia. Ordurako, Ezenarrok berretsi zuen ordezkaritza postuetatik kendu zituela Hendaia Biltzen taldeko kideak, baina atzoko kontseilua goaitatu behar izan zuen axuantak ere kargugabetzeko —Frantziako legeak hala eskatzen du—. Erabakia gutun baten bidez zabaldu zuen. Argudiatu zuen hari eta hark buru duen gobernuari «ezinezkoa» zitzaiela lau hautetsi abertzaleekin «konfiantzan» lan egitea. Hala berretsi zuen ere barda: «Ez dugu lortzen adosten. Zailtasunak izan ditugu metodologiaren aldetik elkarrekin lan egiteko, beren aldetik gehiago aritu nahi zuten Hendaia Biltzen-eko kideek».
Horiek horrela, atzera begiratu behar da gertaeraren nondik norakoak ulertzeko. Izan ere, aurreko kontseiluaren ondorioz gertatu da zatiketa. Martxoaren 30ean iragan zen, eta, orduan, urteko buxeta bozkatu behar zuten hautetsiek. Hendaia Biltzen taldeko kideek, gehiengoan izanda ere, ez zuten parte hartu aurrekontuari dagokion bozketan. Ezenarro kexu azaldu zen Hendaia Biltzen-eko ordezkariek ez zutelako aurrekontua babestu, eta nabarmendu zuen horixe dela «gehiengo bat zimendatzen duen ekintza politiko nagusia». Dena den, aurretik ere desadostasun batzuk agertu zituzten abertzaleek.
Lanean segitzeko prest
Hemendik aitzina oposizio lanetan arituko dira Hendaia Biltzen taldeko kideak. Segurtatu dute «eraikitzaileak» izaten segitu nahi dutela. Navarron: «Ez gara gehiago garatzaile izanen, baina segituko dugu informazioa jasotzen, eta gure ildoa segituz hendaiarren aldeko proiektuak eramaten». Harekin bat egin du Legardinierek: «Gure oposizioko rola beteko dugu. Lekua uzten diguten komisio guztietara joanen gara, gure ideiak ekartzeko».
Ezenarrok ere espero du aurrerantzean eginen duten lana «eraikitzailea» izanen dela. Hogei kide daude orain gehiengoan, eta hamahiru oposizioan. Haren taldea «ahulagoa» izanagatik ere, oposizioa «zentzuz» arituko dela uste du. «Bi itzulien artean izenpetutakoa eramanen dugu bururaino», segurtatu du.
Abertzaleak, gehiengotik oposiziora
Hendaiako herriko kontseiluan aldaketak izan dira. 2020ko herriko bozetatik, Hendaia Biltzen talde abertzalea gehiengoan egon da, Ezenarro auzapezarekin aliatu ondoan. Desadostasunengatik, bereiztea erabaki dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu