«Ezker abertzalea ez zen ETArekin jaio. Ez zen frankismoaren aurkako borrokan jaio. Ezker abertzalea 1930. urtean jaio zen». Hala dio Arritxu Santamaria irakasleak. Asteburu honetan aurkeztu dute EAE-ANV Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren historia laburbiltzen duen bideoa: EAE-ANV. 1930tik aurrera, ezker abertzalea. Arritxu Santamariak eta Mikel Zelestinok egin dute lana, eta atzo proiektatu zuten lehen aldiz Bilboko La Bolsan. Egileen asmoa da memoria historikoari eta, bereziki, «ezker abertzalearen historiari» ekarpena egitea. «ANVren historia oso gutxi ezagutzen da, baina egungo ezker abertzaleak dituen hainbat ezaugarri ANVk eman dizkio», azaldu du Santamariak.
Alderdiaren historiaren kontakizuna modu kronologikoan dago eginda, militante historikoen eta azken urteetako kideen azalpenak tartekatuz. Sorreratik, 1930. urtetik, 2008ra arte, Espainiako Auzitegi Gorenak berriz legez kanporatu zuenera arte —aurretik, Primo de Riveraren diktaduran eta Francisco Francoren diktaduran legez kanporatu zuten alderdia, eta 1977an legeztatu—. Denbora tarte horretan «erbestea, kartzela eta errepresio ekonomikoa» ezagutu zuten alderdiko militanteek. Ibilbide latz horren ostean, eta behin legeztatuta, ANV Txibertako elkarrizketetan izan zen, eta HBren sorreran parte hartu zuen, ESB, LAIA eta HASI alderdiekin.
HB eta ezker abertzalearen gainontzeko sigla guztiak legez kanporatu zituztenean, 2007an, azaldu zen berriz ere euskal politikagintzaren agertokira. ANVk 300ndik gora zerrenda aurkeztu zituen Hego Euskal Herriko Udal eta Foru hauteskundeetan, eta horietatik 133 legez kanporatu zituen Espainiako Justiziak. Azkenean, 2008ko irailaren 16an, legez kanpo utzi zuten alderdia, eta hala jarraitzen du oraindik ere. «1936ko gerran batera aritu ginen PSOErekin, eta hark legez kanpo utzi gintuen», nabarmendu du Dodaka Salegik, ANVko militante historikoak eta Eusko Lurra fundazioko kideak.
Aurrena herria, gero alderdia
Espainiako Estatuaren erabaki hori eta 2007ko hauteskundeak ditu gogoan Santamariak. «Harrituta geunden ikusita hainbat jendek, baita ezker abertzalekoak ere, Batasunaren marka berri bat izango balitz bezala hartzen zuela ANV». Planteamendu horretatik abiatuta, alderdiaren historian sakontzea erabaki zuten. «Memoriaz hainbeste hitz egiten den honetan, gure memoria historikoa osatu behar dugula uste dugu, eta hor, ANVren historiak leku garrantzitsua duela», azaldu du Santamariak. Eusko Lurra fundazioko kideekin harremanetan jarri, eta haiek eskainitako materialaz baliatuta, osatu zuten bideoa. «Ezker abertzalearen historiaren alde ezezagunetako bat da ANVren historia; horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua historia hori argitara ematea», nabarmendu du Dodaka Salegik.
Eusko Lurra fundazioko kideak bezala, Santamariak ere argi dauka ANVrik gabe ezin dela ulertu ezker abertzalearen historia. «Kapitalismoaren aurkako borroka» eta nazio aldarrikapena uztartu zituen lehenengo euskal alderdia izan zela azpimarratu du Santamariak, eta horren lekuko jarri du 1936ko hauteskundeei begira egindako batzarrean ANVko kideek adostu zuten programa. «Kapital pribatuen irabaziei tope bat jarri behar zitzaiela jasotzen du, zergen progresibitatea defendatzen du, ustelkeria borrokatu behar dela... Gaurkotasun handia duten ikuspuntuak dira horiek guztiak». Antzeko iritzia dauka Antton Gomezek, ANVren azken urteetako idazkari nagusiak. Bideoan azaltzen duenez, «euskal sozialismoaren oinarriak» finkatu ziren batzar horretan.
1930. urteko azaroaren 30ean sortu zen EAE-ANV alderdia, San Andres egun batez. «Beren burua abertzaletzat, ezkerrekotzat eta internazionalistatzat hartzen zuten hainbat norbanakok sortu zuten alderdia. Ez zen EAJren eszisio bat, askok hala esaten duten arren. Pertsona horiek ez zuten EAJ blokean utzi, eta alderdia sortu zuten guztiak ez ziren EAJtik etorri. Beraz, hori ez da eszisio bat», nabarmendu du Salegik.
Oso denbora gutxian militante ugari biltzen joan zen, eta Euskal Herri osora hedatu zen alderdiaren presentzia, lurraldetasuna aintzat hartuta. «ANVk, baina, Euskal Herria eskualdeka antolatu behar zela defendatzen zuen, egitura forala Espainiak ezarria zelako», azaldu du Gomezek.
Gerra aurreko urteetan 79 hautetsi eta bost alkate izan zituen ANVk. 1936an, Jose Antonio Agirren jeltzalearen Eusko Jaurlaritzan Nekazaritza sailburu izan zen Gonzalo Nardiz ekintzailea, eta Espainiako azken gobernu errepublikanoan ministro izendatu zuten Tomas Bilbao ANVko idazkaria, Juan Ajuriagerra jeltzalearen lekua hartuz.
1936 gerran, berriz, ANVko militanteek bost batailoi osatu zituzten Eusko Gudarostean, eta Euskal Herrian gerra galduta ere, Asturiasko frontean jarraitu zuten, Kandido Saseta buru zutela. Santamariak azaldu duenez, gutxienez 550 militante hil ziren gerra hartan. «Zifra izugarri bat sei urte baino ez zituen alderdi batentzat». Eta hildako horietako asko Asturiasko Areces herrian dagoen hobi komun batean aurkitzen dira. 1939ko otsailaren 13an legez kanporatu zuten alderdia. «Oraindik egia onartu eta aitortza eta justizia noiz egingo zain jarraitzen dute haien senideek», nabarmendu du Santamariak.
Ia 40 urte sasian pasa ostean, 1977an, itzuli zen alderdia. Baina beste alderdi nagusiek ez bezala, ez zuen Amnistiaren Legea onartu. «ANVk ez zuen onartu frankismoa juzgatu ez izana». Horretan gain, Txibertako elkarrizketetan eta HBren sorreran parte hartu zuen, horregatik barne arazoak izan bazituen ere. «1936an bezala, ezkerreko fronte baten alde egin zuen ANVk», adierazi du Santamariak.
ANV 2007an itzuli zen euskal politikagintzara, ezker abertzalearen erakunde politiko guztiak legez kanporatu ostean. «Militanteek erabaki subiranoa hartu zuten, eta ahotsik gabe geratu zen euskal gizarteari ahotsa ematea erabaki zuten», dio Santamariak. Eta Salegik: «ANVk beste behin erakutsi zuen herria alderdiaren aurretik jartzen zuela».
Zentsuraren aurkako lana
Ondoren gertatu dena ezaguna da, historia hurbila da, Santamariak dioenez. Urte horiek ere bildu dituzte bideoan, 82 urteko osotasunaren barruan. Bideoak 48 minutuko iraupena du eta Eguzki Bideoak elkarteak ekoitzi du. Eguzkiko Mika Etxebeherek azaldu duenez, «zentsuraren aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko» lan bat da bideoa.
Abertzalea, ezkerrekoa eta historikoa
EAE-ANVren historia laburbildu dute Arritxu Santamariak eta Mikel Zelestinok bideo batean. Ezker abertzalearen oinarriak alderdi horretan daudela defendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu