Aberri eguna

Aberrigintzan historikoki egin duen lana aldarrikatu du EAJk Aberri Egunean

Estebanek eta Pradalesek alderdiaren ibilbidea goraipatu dute Bilbon. Berriki autogobernuari lotuta erdietsi dituzten lorpenak nabarmendu dituzte, eta jeltzaleen eta EH Bilduren arteko ezberdintasunak azpimarratu.

Pradales eta Esteban ekitaldira iristen, gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Pradales eta Esteban ekitaldira iristen, gaur, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 20a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ez diezagutela esan, nori eta guri, nazio anbizioa zer den». Gaurkoa lehen Aberri Eguna izan da Aitor Esteban EBB Euskadi Buru Batzarreko presidente izendatu zutenetik, baita Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari denetik ere, eta, biek, EAJk bere historian zehar aberrigintzan egindako lana goraipatzeko baliatu dute eguna, baita ezker abertzaleari kritika egiteko ere.

Estebanek azpimarratu du EAJk 40 urte baino gehiago daramatzala «nazio anbizioa erakusten», baita 130 ere, hau da, alderdia sortu zenetik, «beste batzuek gurpiletan makilak jartzen zizkiguten bitartean». Zeharka, ezker abertzaleari egotzi dio azkenaldian EAJren antza hartu nahi izatea.

Kontu zehatzagoetara jota, Estebanek zerrendatu ditu azken urtean EAJk autogobernuaren arloan eskuratutako hamalau neurri. «Nork lortu du euskal hitzarmenak estatukoen gainetik nagusitzea? EAJk. Nork lortu du trenen kudeaketa, tituluak homologatzea edo Itsasertzaren eskuduntza EAEra ekartzea eta trafikoa, berriz, Nafarroaren ardurapean jartzea? Eta Guardia Zibilaren ordez, portu eta aireportuetan Ertzaintza jartzea? EAJk. Nork lortu du euskal pilota selekzio nazionala nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzea? EAJk», bota ditu, bata bestearen atztik. «Beraz, ez diezagutela esan, nori eta guri, nazio anbizioa zer den».

Aitor Esteban, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aitor Esteban, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hortaz gain, Estebanek dei egin die alderdikideei «Euskadi deitzen den herri ederra dugula ospatzera», baina gogoratu du «pozez betetako egun honen beste aldean», munduan, iluntasuna dagoela. Horri buruz, adierazi du iraganean ere izan direla garai zailak, gaur egungoak baino txarragoak: «Baina hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin. Ez izan zalantzarik».

Azkenik, Estebanek hizpide izan ditu berdintasunaren, abertzaletasunaren eta euskararen alde egin zuten lanagatik «eredugarri» izan diren hiru emakume: Teresa Azkue, Julene Urzelai eta Sorne Unzueta. «Eskerrik asko orduko emakume aitzindariei eta gaurko emakumeoi. Asko zor dizuegu», amaitu du.

Abertzaleen eredu ezberdinak

Ekitaldia Bilboko Plaza Berrian egin dute, Euskadi gara, Mundialak gara! lelopean eta, tarteka, baita euripean ere. Pradalesek Estebani zein Andoni Ortuzarri esker oneko hitzak zuzenduz hasi du bere hitzaldia, eta gero zuzenean jo du EH Bilduren eta EAJren arteko ezberdintasunak nabarmentzera: «Abertzale izateak esan nahi du aberria modu berean ulertzen dugunik? Eredu bera dugunik gure etxearentzat eta gure gizartearentzat? Ez».

Azken hilabeteetan koalizio subiranistarekin zenbait gaitan izandako talkak aipatu ditu, eta tonu desafiatzailearekin zuzendu zaio. «Ze abertzale klase da herria eraiki nahian herritarron arteko banaketa sustatzen duena? Zer abertzale klase da etxekalte dabilena? Kontuz euskara, gure erakundeak edo herri balioak interes partidisten mesedetan jartzearekin. Kontuz!», adierazi du lehendakariak.

Imanol Pradales, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Pradales, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Estebanen ildo beretik, nabarmendu du iraganean ere izan direla garai zailak euskal nazioarentzat, eta azken hilabeteetan hartutako zenbait erabaki goraipatu ditu. Hizpide izan du estatus politiko berriaren inguruko eztabaida ere, eta nabarmendu du «aldebikotasuna bermatuko duen markoa» segurtatu beharko duela hark. «Gaur ez dugun berme sistema eraginkor batez ari naiz». Adibidetzat hartu du unibertsitate tituluak homologatzeko eskumena bertan behera utzi duen erabaki judiziala, eta oso larritzat jo du gertakari hori.

Estebanekin eta Pradalesekin batera, oholtzan izan da Olatz Urizar EGIko kidea ere. Hark euskararen eta EAJren printzipioen inguruan hitz egin du, eta belaunaldi berriek ere aberriaren alde lanean jarraituko dutela berretsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.