Euskal Herria Batera-k jakinarazi du Aberri Egun bateraturako bere deialdia: apirilaren 11n izango da, Donostiako Kursaalean. Jakinarazi dute xehetasun gehiago emango dituztela aurrerago, baina iragarri dute astebeteko ekitaldi sorta bat izango dela.
Askotariko eragileak gonbidatuko dituzte ekitaldiarekin bat egitera, betiere helburu nagusi batekin: Euskal Herria nazio bat dela gogoratzea, eta egun nazionala elkarrekin ospatzea ideia horrekin bat egiten duten guztiekin. «Elkarrekin azaldu behar dugu zer garen eta zer izan nahi dugun. Une unitario bakarra ospatuko dugu, sentimendu beraren pean elkartzeko gune bat sortu nahian, herri bateko kide izatearen sentimenduaren pean, hain justu ere, Euskal Herrian jaio gabe bertoko partaide sentitzen direnak barne».
Euskal Herria Batera-ren xedea da Euskal Herria nazio gisa aitortzen dutenei bilgune bat ematea Aberri Egunean. Horregatik antolatu ohi dute ekitaldi bat eragile politiko eta sozialekin Aberri Eguna bera baino lehenago, eta gero egin ohi diete herritarrei deia Aberri Egunerako. Aberri Egunean bertan alderdi abertzale bakoitzak bere ekitaldia egin ohi du.
Aurten, Bilbon
Euskal Herria Batera-ren aurtengo ekitaldia Bilbon egin dute. Euskal Herria ardatzean zuten eragileei egin zieten deia, eta Aberri Egunaren bezperan elkartu zituzten, Campos Eliseos antzokian. Besteak beste, bertan batu ziren artean Itxaso Atutxa EAJren BBBko lehendakaria eta Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko eleduna, Amaia Agirre Bilbon jardunean zegoen alkatea, Aize Otaño AEK-ko koordinatzaile nagusia eta Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakaria. Ekitaldi hura Aberri Egunaren bezperan ospatu zen, baina helburutzat jarri zuten hurrengoa, 2025ekoa, Aberri Egunean bertan ospatzea, elkarrekin.
Oharraren arabera, ostiralerako antolatu du Euskal Herria Batera-k aurtengo ekitaldia, eta ez du aurreratu gero Aberri Egunean bestelako deialdirik izango den.