Aberri Eguna bat eginik ospatuko du Iparraldeko mugimendu abertzaleak

Apirilaren 20an Donibane Garazin elkartuko dira, 'Elgarrekin, Herria, Burujabetza' lelopean. Parte hartzera deitu dute.

Iazko martxoaren 31n Uztaritzen egindako Aberri Eguna. GUILLAUME FAUVEAU
Iazko martxoaren 31n Uztaritzen egindako Aberri Eguna. GUILLAUME FAUVEAU
Berria
2025eko urtarrilaren 16a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

2024ko martxoaren 31n, Uztaritzen ospatu zuen Aberri Eguna Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak, baina Bagirak bere ibilbideari bukaera eman zion ekitaldi horrekin, eta abertzaleen esku utzi zuen Herri-bidea izeneko agiria, abertzaleentzako bide orri komuna; 2022ko abendutik iazko apirilera arte egindako Bagira prozesuaren emaitza izan zen hura.

Bada, atzo gizarteratutako agiri batean, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak iragarri zuen Bagiran aritutako zenbait eragile eta sektoretako herritarrak elkargune batean biltzen hasi direla, Bagiraren agiria garatzeko, eta aurten ere Aberri Eguna bat eginik antolatzeko helburua duela. Hala, apirilaren 20an, Donibane Garazin elkartuko dira abertzaleak, Elgarrekin, Herria, Burujabetza lelopean, eta ekitaldira deitu dituzte herritarrak.

Mobilizazioa eta besta

«Urteko egun seinalatua da, momentua baita Euskal Herriaren naziotasuna aldarrikatzeko, lurralde jasangarri eta solidario baterantz eta burujabetzarantz ari diren dinamikak bateratzeko, eta belaunaldi ezberdinak elkartzeko», esan dute ohar batean. Ekitaldiaren inguruan xehetasun gehiago eman behar dituzte oraindik, baina Donibane Garazin Aberri Egun bateratua ospatu nahi du Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak.

«Aldarrikapena, mobilizazioa, besta eta belaunaldi ezberdinentzako eskaintza izanen duen egun osoko egitarau bat prestatzen ari gara», jakinarazi du. Erantsi dute inoiz baino beharrezkoago ikusten dutela «Euskal Herriak anbizioa erakustea eta bere burujabetzaren bidean pauso berriak egitea». Hala, Nafarroa Behereko hiriburuan «ospakizun jendetsua» egingo dela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.