42 urtez ospatu badu ere, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi dubere alderdiak ez duela ezer ospatzeko. Gainera, «guztiz garaiaz kanpoko» besta dela iruditzen zaio interesik ez duelako sortzen eta gizartearen gehiengoak ez duelako babesten. Aberri Eguna ospatu baino gehiago independentzia eskatzeko eguna dela uste du. Horren aurka Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak adierazi du PSE-EEk ospatu beharko lukeela, PSC eta PSGk egiten duten bezala Katalunian eta Galizian. Haren ustez, ez luke zertan abertzaleen eskakizunekin bat egin , baina gutxienez euskal nazioaren izaera onartu beharko lukete.
PPko Leopoldo Barredak, berriz, uste du ospakizun eguna urriaren 25a dela, alegia Gernikako Estatutua onartzearen urteurrena. Alta bere garaian aurka bozkatu zuen PPk. «Gehiago gara Estatutuaren egunarekin identifikatzen garen euskal herritarrak». UPDko Gorka Maneiroren arabera, «abertzaleeek ospatzen duten aberrian» herritarren eskubideak ez dira ongi etorriak.
Mikel Arana, EBko koordinatzaileak ez dauka ezer Aberri Eguna ospatzearen aurka, baina jakinarazi du bere alderdiak ez duela eginen Galizian, Katalunian eta Andaluzia bezala alderdi guztiek ospatzen ez duten bitartean. Alternatibak adierazpen bat kaleratu du Aberri Egunaren kari, eta Oskar Matute bozeramaileak pena agertu du gainerako indar subiranistekin eta ezkertiarrekin ezin dutelako ospatu. Baina berretsi du bere alderdiaren konpromisoa autodeterminazio eskubidearen alde.
Independentistak sarea Independentzia helburu
Independentistak sarea Irun eta Hendaiaren artean Nazio bat gara, estatua behar dugu lelopean egin duen deialdiak ikusmina piztu du. Izenak dioen bezala, independentistak biltzeko eta antolatzeko sareak osatzen duten 8.300 herritarrek egin dute deia. Deiarekin bat egin duten eragile politikoak, sozialak eta sindikalak ere asko dira. Ezker abertzaleak, Ezker Abertzale Historikoak eta EAk Irun eta Hendaiara joateko deia egin dute, baita LABek ere. Eragile sozialen artean daude besteak beste AAM, Bilgune Feminista, GaztEHerria, Bai Euskal Herriari, Herria Abian eta Euskaria Fundazioa.
Manifestazio 11:30ean abiatuko da Hendaiako Gazteluzar frontoitik eta Irungo Txanaleta plazatik Bidasoa zeharkatzen duen Santiago Zubian bat egiteko. Hortik metro gutxira dagoen Ficoban eginen dute ekitaldi politikoa, jai giroari lekua utzi baino lehen.2.000 lagunentzako bazkariak aurreikusi dituzte eta arratsaldea pasatzeko txosnak paratuko dituzte Mosku plazan. Bertan dantzaldia eta kontzertuak izanen dira, baita haurrentzako parkea ere. Atzo ehunka lagun aritu ziren prestakuntzan, eta gaur ere laguntza guztia ongi etorria izanen dela jakinarazi dute antolatzaileek, fisikoa zein dirutan. Informazio gehiago aurkitu daiteke www.independentistak.net-en.
EA bertan egonen da, deialdiak alderdien joko politikoekin zerikusirik ez duelako eta subiranisten proiektu politikoarekin bat egin duelako. «EAk aldarrikatzen duen ekintza batasuna islatzeko aukera izango dugu, eta posible ere badela erakutsiko dugu». Aurtengo Aberri Egunaren kari kaleratu duen adierazpenean baikor azaldu da EA. ETAk jarraitzen duela eta Espainiako alderdiek subiranistak baztertu nahi dituztela gogoratu arren, normalizazio politikoa eta bakea ekarriko duen bidean aurrera egiten ari direla ez dauka dudarik. Haren ustez, oso garrantzitsua da alderdi subiranista guztiek helburu politikoak lortzeko indarkeria baztertu izana, eta bat egin izana soilik bide zibil eta demokratikoak jorratzeko independentziaren bidean.
EAJ Etorkizun berria
EAJrentzat ez dauka garrantzirik Aberri Egunaren ospakizuna bateratua izan ala ez. Ospatzea da harentzat garrantzitsuena. Bilboko Plaza Barrian eginen du Euskadi eraikitzen lelopean. Horren karietara Euskadirentzako etorkizun berria izenburu duen manifestua kaleratu du. Bi zeregin nagusi nabarmentzen ditu, batetik, ETA bukatzea, eta bestetik, PSE-EE, PP ituna gainditzea.
ETAri desagertzeko eskatu dio, baita ezker abertzaleari ETAren indarkeria argi eta sendo gaitzesteko ere. Eraikuntza nazionalean ezinbestekotzat jotzen du prozesuak guztiz demokratikoa izan behar duelako. Etorkizun berri horretan, halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako autogobernu gehiagoren alde egiten du alderdi Jeltzaleak, eta hori bermatzeko erabakitzeko eskubidearen alde lan eginen duela iragarri du.«Euskadiko erakunde sistema sendotu behar dugu, eta behar besteko ekimen sozial eta politiko egokitu, estatuarekin adostu. Estatuak errespetatu behar du Euskal Herriak bere borondatez aukeratuko duen erakunde sistema». Herritarrei dei egiten die aktiboak izan daitezen, eta parte har dezaten.
PSE-EE eta PPren arteko ituna, berriz, euskal gizartearentzat oso ondorio txarrak ematen dituela salatu du. «Eusko Jaurlaritzaren proiektua nazionalismoaren aurka egiteko diseinatuta dago, eta ez herria eraikitzeko eta kudeatzeko». Patxi Lopezen gobernuari ez dio gaitasunik ikusten krisiari aurre egiteko. Konfiantza eza besterik ez duela eragiten uste du, eta gizartea berekin dagoeneko nekatuta dagoela uste du.
Bestalde ELA sindikatuak ez du deialdi berezirik egin, baina bere afiliatuei eguna ospatzeko dei egin die baita eraikuntzan nazionalean lanean jarraitzeko ere.
Independentzia aldarrikatu dute milaka gaztek Durangon
GaztEHerria ekimenak milaka gazte bildu zituen herenegun Durangon (Bizkaia), independentzia aldarri. Goizean goizetik, kale animazioak girotu zuen eguna, eta Durangoko kaleak bete zituzten gazteek. Bien bitartean, Irlanda, Bolivia, Kurdistan eta Herrialde Katalanetako gazte mugimenduetako ordezkarien hitzaldian 300 bat lagun batu ziren goizean, haien esperientzien berri izatera. Horren ostean, bazkari jendetsua izan zen eskolan. Handik kalejiran, independentziaren aldeko oihuak eginez eta batukadaren erritmoan abiatu ziren gazteak Landakon eginiko ekitaldira. Besteren artean, SA, Berri Txarrak eta Asian Dub Foundationen doinuek girotu zuten gaua. «Durangoko GaztEHerriarekin finkatu da independentziaren eraikuntzarako lehen harria, jai giro ezin hobean antolatutako eguna izan da, amesten duguna eraikitzen hasteko lehen pausoa», antolatzaileen hitzetan. Independentziaren alde gazteek «bakoitzak bere arloan eta elkarlanean» aritzearen beharra nabarmendu, eta gaur Irun eta Hendaian egingo den Aberri Eguneko manifestaziora deitu dituzte gazteak.Aberri Eguna ospatzen ari dira euskal diasporan ere
Argentina eta Uruguaiko euskal diasporak ekitaldi sorta egin zuen atzo, Aberri Egunaren harira. Buenos Airesen ekitaldia eta martxa bat egin zituzten goizean, eta bazkaria Euskal Kultur Etxean. Ostean, Nafarroako konkistari buruz zinema-eztabaida izan zen, eta kantu eta dantza ikuskizuna egin zuten iluntzean.EAk aldarrikatzen duen ekintza batasuna islatzeko aukera da, eta posible dela erakutsiko dugu»
EA
Estatuak errespetatu egin behar du Euskal Herriak bere borondatez aukeratuko duen sistema instituzionala»
EAJ