Aberri Eguna Donibane Garazin ospatzera deitu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak. Izen hori hartu dute Bagira prozesuan parte hartu zuten eragileek. Egun osoko eta belaunaldi guzientzako proposamena lantzen ari direla jakinarazi dute: elkarteen eta dinamiken herrixka, mobilizazioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak. Ainize Butron Aldako kideak eta Mattin Etxeberria EH Baiko zuzendaritzako kideak egin dute aurkezpena. «Mugimendu abertzalea osatzen dugun eragile, sektore eta pertsonek indarrak baturik eta norabide berean aritu behar dugulako gure proiektu eraldatzaile, euskaltzale eta abertzalea gehiago zabal dadin», adierazi zuten Donibane Garazin, larunbatean.
2022tik 2024ra egin zuten Bagira prozesua Ipar Euskal Herrian. Ariketa kolektibo hartatik Herri bidea izeneko bide orri komuna eraiki zuten, ondoko urteetan garatu nahi zituzten lan ildoak zehazteko. «Geroztik, proiektu hartan buru-belarri inplikatu ginen eragileak eta sektore ezberdinetako pertsonak elkargune batean biltzen hasi gara bide orri horren garapena lantzen segitzeko». Horrela sortu dute Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzalea.
Munduan dauden «krisi askotarikoak» eta eskuin muturraren eta haren ideien «emendatze kezkagarria» aipatu dituzte. Eta Euskal Herriak ere egoera horren ondorioak zuzenean pairatzen dituela baieztatu dute. «Euskal eskalatik erantzun sendo eta ausartak eman behar ditugu jendarte justu, solidario, jasangarri, euskaldun eta demokratiko baterantz joateko».
Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera «urrats garrantzitsua» izan bazen ere, aztertu dute Ipar Euskal Herriak ez duela aski tresnarik «desafio handiei buru egiteko eta bere nortasuna behar beste garatzeko». Burujabetza handiagoa ukaiteko aitzinamendu berriak behar direla erran dute, «gure identitate kolektiboa azkartzeko eta gai orotan erabakiak hemen hartu ahal izateko».
Itxaropenez
Hala ere, baikor ikusten dute etorkizuna. Iparraldeko hiru lurraldeetan gizarte zibil «azkar, engaiatu eta mobilizatu bat» badela uste dute, lorpen berriak kausitzen dituena. Horrez gain, ezkerreko ideia abertzaleak gizartean hedatzen ari direla ere baieztatu dute: «Bozetan, abertzaleon proiektuak gero eta herritar gehiagoren sostengua jasotzen du». Parisen diputatu abertzale bat izatea edo Ahetzen herriko bozak ezkerreko abertzaleek irabazi izana dituzte horren froga, besteak beste. «Elkarlanerako bokazioa duen lurralde bat garela erakusten ari gara. Jendarte zibilaren eta hautetsien artean sinergia handia lortzen da gai garrantzitsuetan».
Instituzioaren bilakaerari begira gertatzen ari diren mugimenduak ere goraipatu dituzte. «Batera berpizteko azken hilabeteetan egiten ari den bideari biziki balorazio ona egiten diogu, lurraldeak behar duen instituzio berri baterantz joateko fase berri bat ireki behar delako eta gehiengo berri bat osatzen hastea beharrezkoa delako Frantziako Estatuaren aitzinean».
'Elkarrekin, herria, burujabetza'
Aurtengo Aberri Egunaren leloa Elkarrekin, herria, burujabetza izanen dela jakinarazi dute Butronek eta Etxeberrik. Leloko hitzen gibelean, mugimendu abertzalea osatzen duten eragile, sektore eta pertsonek «indarrak baturik eta norabide berean» aritu behar dutela aldarrikatu nahi dute: «Gure proiektu eraldatzaile, euskaltzale eta abertzalea gehiago zabal dadin». Abertzaleez harago ere elkarlanean aritzea defendatu dute, «indartsuagoak garelako Euskal Herriak dituen desafioei buru egiteko».
Zazpi lurraldez osatutako Euskal Herria aldarrikatu dute: «Libre bizi nahi dugulako, gainerako herriekiko berdintasunean». Herritarren interes orokorra nagusitu behar dela erran dute, eta herriarekin egin behar dela borroka, «manera kolektibo, parte hartzaile eta demokratikoan».
Burujabetza proposatu dute «helmuga eta bide» modura, bai Euskal Herriari botere politikoa bermatuko dion koadro instituzionalari dagokionez, eta baita hainbat arlotako alternatiba eta proiektu konkretuei dagokienez ere.