Aberri Eguna deitu du Ipar Euskal Herriko abertzale talde batek, Uztaritzen

«Kolektiboa osatzeko norbanakoaren izenean» biltzera deitu dute. Uztaritzeko hori eta Gernika-Lumokoa dira orain arteko deialdiak

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Baiona
2017ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak elkarlanean antolatu dute Aberri Eguneko ekitaldi bat, Gernika-Lumon (Bizkaia), apirilaren 16an, bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta. Ipar Euskal Herriko abertzale talde batek, berriz, Uztaritzen (Lapurdi) beste bat, egun berean. Azaldu dutenez, zortzi urte dira ez dela herritarren eskutik antolatu halakorik; hots, Nazio Eztabaidaguneak eguna ospatzera deitzen zuenetik. EAJk, aldiz, ez du oraindik bere ekitaldiaren berri eman.

Aurtengo Aberri Egunerako, nahiz eta Independentistak Sarearekin «ikuspegi bera konpartitzen» duten, berriz izango du eguna ospatzeko aukera Iparraldeak. «Gure herriak urteetan hainbat zapalkuntza jasan ditu, baina zapalkuntza horiei erantzunez eta gure eraikuntza dinamikak martxan jarriz lortu dugu historian zehar gure nortasun eta hizkuntza propioarekin irautea», azaldu du Aitor Servier gazteak, Baionan, abertzaleen izenean egindako agerraldian.

Argitxu Etxandik, «burujabetzaren bidean» Euskal Herritik sortu diren Laborantza Ganbara, Euskoa tokiko dirua eta ikastolen biderkatzea eman ditu adibidetzat, baita genero ikuspegian emandako aurrerapausoak ere.

Horrez gain, hizlariek aurtengo Aberri Egunaren kari norbanakoaren garrantzia azpimarratu dute luzaturiko deian, aberriari lotua den edonori Uztaritzerat hurbiltzea galdeginez. «Frantziako Estatuaren menpe diren lurralde historikoak batzea lortu da tokiko eragile guztiekin batera. Abertzaleok erakutsi dugu gai ginela herria eraikitzeko partaide ezberdinekin eskuz esku ibiliz, anitzetan aitzindari izanez».

Lehen pausoa besterik ez

Abertzaleek argi utzi nahi izan dute 2017. urtea «historikoa dela eta izan daitekeela» Ipar Euskal Herriarentzat. «Frantses iraultzaz geroztik Ipar Euskal Herria mapa politikotik ezabatua izan da. Beraz, erran genezake lehen aldia dela 200 urtez geroztik, Iparraldea berriz ere bere osotasunean mapan agertuko dela». Urte luzeetan lurraldearen ezagupenerako izandako gatazkak, mobilizazioak eta aldarrikapenak ugariak izan direla oroitarazi dute, eta urte hasieran sorturiko Euskal Elkargoa emandako urratsen ondorioa dela.

Horrez gain, Euskal Elkargoren sorrera urrats kualitatibotzat jo dute, Iparraldearentzat «erreferentziazko agertoki politikoa» dena. Baina, azpimarratu dute haien «askatasun gosea asegabe» dagoela: «Instituzio burujabeagoak aldarrikatzen ditugu, iruditzen baitzaigu Elkargoak dituen eskumen mugatuak ikusiz, urrats bat izan arren, ez dituela betetzen Ipar Euskal Herriak dituen beharrak».

Horretarako, Servier eta Etxandiri garrantzitsua iruditu zaie abertzaleen funtsezko helburua oroitaraztea: «Bidea ez da bukatu. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren lehen bihurgune horren unean, abertzale gisa dugun helmuga oroitarazteko baliatu nahi dugu aurtengo Aberri Eguna. Euskal Herri osoa dugu helburu. Burujabetza maila gorena dugu helburu».

Bide beretik, Eskoziak eta Kataluniak «erakutsitako demokraziaren bidea» eredugarria dela adierazi dute: «Euskal herritarrok ere, gure geroari buruz erabaki nahi dugu, eta gogor eutsiko diogu helburu honi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.