Aberri Egun bateraturako baldintzak jarri nahi ditu Euskal Herria Batera-k

Apirilaren 8rako ekitaldi batera deitu dute Donostiako Miramar jauregian: «Batzen gaituen ekitaldi bat izatea nahi genuke, ez banatzen gaituena»

Bilboko Done Bikendi plazan egin zuten aurkezpena atzo, lehen Aberri Eguna amaitu zen lekuan, 1932an. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Aberri Egun bateratua ospatzera deitu du Euskal Herria Batera-k. Horretarako, ekitaldi bat egingo dute Donostiako Miramar jauregian, apirilaren 8an, Aberri Egunaren bezperan, Bagara, badugu lelopean. «Gure asmoa da Aberri Eguna berriro izan dadila batzen gaituen ekitaldi bat, ez banatzen gaituena», adierazi du Ibai Zabala pilotari ohiak. «Euskal Herri osoko eragile sozialak, politikoak eta sindikalak gonbidatu nahi ditugu ekitaldi honetara, baita kulturgileak, akademikoak eta kirolariak ere». Bilboko Done Bikendi plazan egin zuten aurkezpena atzo, lehen Aberri Eguna amaitu zen lekuan, 1932an.

Herritarrei dei egin diete «keinuen bidez» Aberri Eguna ospatzeko, balkoietan ikurrinak eta Nafarroako bandera ipiniz. 2020an egin zuen horretarako deia lehenengoz Euskal Herria Batera taldeak, izurritearen mugak aintzat hartuta, eguna ospatu ahal izateko. «Etxean konfinatuta geunden, eta, horregatik, Euskal Herri osoan eta modu bateratuan ospatzeko deialdia egin genuen hainbat esparrutako herritarrok», azaldu du Estitxu Garai unibertsitateko irakasleak. Ikurrak eskegitzeaz gain, hiru kantu batera abestea izan zen deialdiaren muina urte hartan.

2021ean, oraindik izurrite betean, herri guztietako plazetan ospatzera deitu zuten. Garairen arabera, bi aldi horien ostean, Aberri Eguna herritarren agendan ezarri zen, «baita alderdien, sindikatuen eta bestelako eragileen irakurketa edo ekitaldien osagarri gisa».

«Gure xedea da Aberri Eguna lurralde guztietan, zazpi lurraldeetan, modu bateratuan ospatzeko baldintzak jartzea», adierazi du Garaik. Berba horiek osatu ditu gero Zabalak: «Azken hiru urteotan bateratasunaren alde lanean pilatutako esperientziak erakutsi digu posible dela diskurtso bakarretik aldentzea eta hainbat lerro batu ditzakeen proiektu bat eraikitzea».

Adierazi dutenez, iaz, 2022an, berriro ipini zuten «enfasia» bateratasunean, Urruñan, lehen Lore Jokoak egin ziren leku berean. Orduantxe aurkeztu zuten Abadia Adierazpena, besteak beste, hizkuntzak eta kulturak «komunitatearen indartze integratzailean egindako ekarpenaren balioa» aitortzeko. Garaik, berbaz berba: «Aukera izan zen batzeko eta batera irudikatzeko etorkizuneko erronkak».

Ez dute ausaz hautatu Donostia. Han ospatu zen Aberri Egunaren 90. urteurrena delako erabaki dute ekitaldia bertan egitea. Bigarren Aberri Eguna zen, eta Maitea frontoian egin zen.

Garaik esan du deialdia ez dela Euskal Herrira mugatuko, «ukaezina delako» diasporaren garrantzia, eta Euskal Herriaren «muga administratiboetatik at» hainbat egitasmo bultzatuko dituztela iragarri dute. Datozen egunotan emango dute horien berri, sare sozialetan.

Bakoitzak beretik

Apirilaren 9an, urtero moduan, EAJk Bilbon egingo du ekitaldia, Plaza Barrian, Gure izaera, gure aberria leloarekin. Iaz bezala, EH Bilduk Iruñera joateko deia egin du, «Euskal Herriaren bihotzean, hiriburu historikoan» ospatzeko, eta egun osoko jaia izango dela aurreratu. Jardun koordinakundeak Gernikan antolatuko du berea, bigarrenez, «Euskal Herri langilearen identitatea» aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.