Aberri Egun bateratua aldarrikatu dute, «inoiz baino ozenago»

Aberri Eguna baino bederatzi egun lehenago, apirilaren 11n, ekitaldi kultural «berezi eta indartsu bat» egingo dute Donostiako Kursaalean. Dei egin diete «Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile guztiei» Donostiako ekitaldira joan daitezen.

Euskal Herria Batera-k Bilbon egindako ekitaldia, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Euskal Herria Batera-k Bilbon egindako ekitaldia, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
Donostia
2025eko urtarrilaren 25a
13:15
Entzun

Euskal Herria Batera-k «inoiz baino ozenago» aldarrikatu du Aberri Eguna modu bateratuan egiteko beharra; «euskal nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzen jarraitzeko ahalmena eta borondatea egon badagoelako», adierazi dute Xabier Euskitzek eta Mireia Epeldek gaur goizean, Donostian. Aberri Egunerako abertzaleen arteko batasuna sustatzen duen taldeak gogoratu du «jauzi bat» egiteko konpromisoa hartua zuela. Bada, apirilaren 11n, ostiralarekin, Donostiako Kursaalean, ekitaldi bateratu bat antolatu dute, «herri gisa elkartzeko».

Bederatzi egun lehenago, beraz, «ekitaldi berezi eta indartsu batekin» hasi nahi dute Aberri Egunera eramango duen astea. Ekitaldiaren oinarria pieza kultural bat izango da: ikuskizun artistiko batean, hainbat sortzaileren pentsaera eta ideia eszenikoak batuko dira taulan. Han izango dira, besteak beste: Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguez. «Euskal Herria Batera ekimenak antolatuko duen ekitaldi horren garrantzia azpimarratu nahi dugu, duen zentzua, eta egiteak berak igortzen duen mezua: Aberri Eguneko momentu bateratu horren garrantzia».

Ezusterako utzi dituzte Donostiako ekitaldian parte hartuko duten egile batzuen izenak. Lan horretan, edonola ere, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako sortzaileak batuko dira, esan dutenez.

Batera-rentzat, «nazio baten parte izatearen harrotasuna eta ospakizun eguna» da Aberri Eguna. «Ezeren gainetik, euskal nazioa badela adierazteko da», eta «ezinbestekotzat» jo dute modu bateratuan antolatzea.

Euskal Herria Batera-ren arabera, «nazio baten parte izatearen harrotasuna eta ospakizun eguna» da Aberri Eguna: «Beste ezeren gainetik, euskal nazioa badela adierazteko eguna». Eta «ezinbestekotzat» jo dute hura modu bateratuan antolatzea. «Batera ezberdinen artean; batera lurraldeen artean; batera herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiten; batera herri eraikuntzan, instituzioetan eta herrigintzan dihardugun askotarikoen artean». Hala, dei egin diete «Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile guztiei» Donostiako ekitaldira joan daitezen eta euskal nazioaren eguna batera ospa dezaten.

«Hemen bada herri bat»

Uste dute Kursaaleko ekitaldi horrek mezu bat igorriko diela euskal gizarteari eta munduari: «Hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunekin, bere nortasunarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena. Bagara, eta izan nahi dugu. Europan nazioen erabakitzeko eskubidea eztabaidagai den honetan, are garrantzi handiagoa du gu ere munduaren aurrean baden eta izan nahi duen nazio gisa azaltzeak».

Horrez gain, Kursaalera joateak berak beste mezu bat hedatuko duela erantsi dute ekinaldiaren eledunek: «Aberri Eguna denona da, eta denok ospatu behar dugu». Taldeak dei egin du Aberri Egunari «dagokion garrantzia eta instituzionalizazio maila eman dakion eta baldintzak sor daitezen ospakizuna zabaltzeko eta batera ospatzeko».

Euskal diasporari ere erreparatu diote, «Euskal Herritik kanpo egon arren askok euskal komunitatearen bateratasunean partaide sentitu nahi dutelako». Aberri Eguna «beste euskaldunekin konektatzeko bidea» ere badela uste dute: «Bihoakie gure aitortza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.