Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Maria Lezaun. Zero Pobrezia koordinakundeko kidea

«Aberastasunean mozketak egin behar direla uste dugu»

Bilbo
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Pobrezia amaitzeko lehen urratsa kontzientzia hartzea dela uste du Maria Lezaun Pobrezia Zero koordinakundeko kideak. Atzo, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Bilboko Areatzan irakurketa kolektiboa egin zuten, pobreziaren arrazoiak agerian uzteko eta horiek salatzeko.

Murrizketak bai, aberastasunean, desberdintasunean eta xahubidean lelopean irten zarete kalera...

Jendearen arreta deitu nahi genuen, murrizketei bai esanez. Aberastasunean murrizketak egin behar direla diogu, ikusi beharra dagoelako aberastasun hori nola dagoen banaturik eta zer dela eta dagoen pobrezia munduan. Bestetik, desberdintasunekin amaitu beharra dago, aberats gutxi batzuk egoteak pertsona pobre asko egotea dakarrelako.

Zerk eragiten du pobrezia?

Pobreziaren arrazoi nagusia sistema kapitalista eta patriarkala da. Horrek pobrezia eta bazterkeria ekartzen ditu. Sistema bera da bizi dugun krisiaren zergatia. Gure bizimodu kontsumistak eragiten du pobrezia.

Zein da sistema aldatzeko bidea?

Informaturik egotea da aldaketarako lehen urratsa. Gobernuek ez digute kontatzen zer gertatzen ari den, edo bakoitzak bere bertsioa ematen du. Informatzen garenean kontzientzia hartzen dugu eta ikusten dugu egin beharreko lehen gauza gure buruak aldatzea dela. Zaila da, sistema kapitalista horren barne gaudelako, baina, adibidez, gure erosketa ohiturak alda ditzakegu, dirua zein motatako bankutan sartzen dugun erabaki... Eta politikariei esan behar diegu ez gaudela beraien neurriekin konforme.

Nola eragin dezakete herritarrek?

Mobilizatzen. Kaleko jendeari dagokionez, lehenengo gauza informatzea da, hauteskundeetan, adibidez, alderdien programetan zer-nolako jarrerak dituzten ikustea.

Krisia aitzakiatzat harturik, gobernuak zenbait murrizketa egiten ari dira aurrekontu sozialetan. Nola eragiten ari zaio hori gizarteari?

Adibidez, kooperazioari dagokionez, zaila da hemengo hiritarrei ulertaraztea laguntza horiek mantendu behar direla. Jendeak askotan esaten du ezin garela kanpokoekin solidario izan hemen horrelako egoera izanik.

Garapenerako lankidetzara bideratutako dirua ere murriztu egin da; nola eragingo die laguntza horren beharra duten herrialdeei?

Berton garatzen diren proiektuak gelditu eta pobreen eta aberatsen arteko amildegia handitu egingo da. Pertsonen bizimoduei, eskubideei eta ingurumenari eragiten dio, besteak beste. Errekurtso naturalen jabetzari dagokionez, adibidez, jabetza herriaren eskuan ez badago enpresa handien esku egongo da.

Egun bakar batean ezer gutxi egin daiteke pobreziari aurre egiteko; zertarako balio du Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunak?

Kalera irteteko eta bazterkeriaren eta pobreziaren kontra lan egiten dugun elkarteon lana ikustarazteko modua da. Alegia, pobrezia eta bazterkeria existitzen direla ikustarazteko, eta eredu berriak aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.