Josu Urrutikoetxea Espainiaratzeari buruzko lau auzietatik bat iragan behar zen gaur Parisko Dei Auzitegian: Luis Hergetaren (1980) hilketari buruzkoa. Epaileak, ordea, abenduaren 2ra atzeratzea erabaki du, forma akatsengatik. Data horretan aztertuko dute Espainiako Gobernuaren estradizio eskaera, baina baliteke erabakiaren berri aitzinago ematea.
Guztira bi euroagindu eskaera eta bi estradizio eskaera eginak dizkio Espainiak Urrutikoetxeari. 1987ko abenduan ETAk Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontra egindako atentatuaren auzian estradizioa onartu zuen Dei Auzitegiak urtarrilean. Defentsak helegitea jarri zuen Kasazio Auzitegian, eta atzo eman zuten erabakiaren berri: Espainiaratzea onartu du auzitegiak. Herriko tabernen auziagatik ere Espainiaratzea onartu zuen Kasazio Auzitegiak azaroan, euroagindu eskaerari erantzunez. Barajasko auziagatiko euroagindu eskaera atzera bota zuen Dei Auzitegiak uztailean, ordea. Hergetarena ebaztea falta da.
Euroagindu eta estradizio eskaerez gain, bi epaiketa ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat otsailera gibelatu zuten, eta bertzea instrukziora bidali du epaileak.