Abenduaren 23an bozkatuko dira 2022ko Nafarroako aurrekontuak

EH Bildurekin akordioa lortu ondotik, gobernu kontseiluak gaur onartu du lege proiektua, eta parlamentuan aurkeztu du. Halaber, kontuen tramiterako egutegia zehaztu du Mahai eta Eledunen Batzordeak

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria eta Unai Hualde Parlamentuko presidentea. PARLAMENTUA
joxerra senar
2021eko azaroaren 8a
13:49
Entzun

Nafarroako 2022ko aurrekontuen lege proiektua parlamentuan da jada, eta egutegia zehaztuta dago. Azaroaren 18an aurrekontuei osoko zuzenketa aurkezteko parada izango dute taldeek —egitekotan Navarra Sumak baizik ez du aurkeztuko—, eta azaroaren 25era arte zatikako zuzenketak mahai gaineratzeko aukera izango da. Abenduaren 13tik 17rako astean negoziatuko dira zuzenketak, departamentuz departamentu, parlamentuko Ekonomia eta Ogasun batzordean, eta azken urratsa abenduaren 23an egingo da.

Orduan onartuko dira aurrekontuak, asteburuko akordioaren ostean argi dagoelako EH Bilduk bide emango duela horretarako abstentzio bidez. Behin akordioa lortuta, ezohiko gobernu kontseiluan onartu da lege proiektua, goizean, eta ondoren, 12:00etan, Parlamentura joan da Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun Kontseilaria. Parlamentuko Eledunen Batzordeak 13:30ean egindako bileran onartu du tramiterako urteko legerik garrantzitsuena. Orain, hilabete eta erdiko bidea geratzen zaio legebiltzarrean, abenduaren 23ko osoko bilkura arte.

Unai Hualde parlamentuko presidentea alboan zuela, Elma Saizek nabarmendu du aurrekontu proiektua «esfortzu handi baten emaitza» dela, eta negoziatu nahi izan duten taldeekin egin dutela. Haren hitzetan, akordioa «albiste ona» da nafar gizartearentzat, egonkortasuna ematen duelako. «Ezinbesteko mugarri bat da susperraldi ekonomikoa eta soziala modu bidezko batean sendotu dadin». Saizen arabera, aurreko krisiarekin alderatuta, irtenbide diferentea ematen ari zaio krisiari, eta gogoan hartu du ekonomia bide onetik badoa ere finantza publikoei begira «zuhur eta zorrotz» ere jokatzen ari direla, «ziurgabetasunez betetako garaiak direlako», .

Hala, datuei begira, nabarmendu du inbertsioa %30 handitu dela eta aurreikusita dagoela Next Generation planetik 162 milioi euro iristea —zifra hori handitu egin daiteke laguntza deialdien arabera eta Madrilek onartutako proiektuen arabera—. Saizek esan duenez, ehun eurotik 54 gastu eta inbertsio sozialera bideratuko dira, eta garapen ekonomikoak, lurralde antolamenduak eta enpleguak igoera handiak dituzte Nafar Lansareren bidez.

Aurrekontuak aurrera ateratzeko bidean, gobernuko bazkideei eta kanpotik akordioa heltzeko prest diren EH Bilduri eta Ezkerrari azken urratsa falta zaie. Iaz egin bezala, haien asmoa da bakoitzaren ordezkaritzaren arabera bakoitzak aurkeztutako zuzenketak babestea, baina negoziazioa irekirik dago oraindik. Elma Saizek onartu du elkarrizketa horri begira zuzenketa horiek finantzatzeko tartea badagoela.

Dena den, ikusi beharko da egiazki gastu muga igo daitekeen eta zenbateraino, edo finantzaketa hori ezohiko gastuei aurre egiteko kontingentzia planetik eta beste diru sail batzuetatik datorren. Azaroaren 25era arte bi asteko tartea izango dute taldeek, orduan amaituko baita zatikako zuzenketak aurkezteko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.