Abenduaren 1ean kenduko dute Armiñongo ordainsaria

Araba eta Espainia arteko AP-1 autobidearen kontzesioa azaroaren 30ean iraungiko da, eta doakoa izanen da hurrengo egunetik aurrera

Trafikoa Araba eta Espainia arteko AP-1 autobidean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Hilabeteren buruan, doakoa izanen da Araba eta Espainia lotzen dituen autobidean ibiltzea. Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroak berretsi egin du ekainean iragarritakoa: Burgos eta Armiñon arteko AP-1 autobidearen kontzesioa bukatuta, gobernuaren eskuetara itzuli eta doakoa izanen dela, alegia. Oraingoan, gainera, eguna jarri du mahai gainean: abenduaren 1a. Egun horretatik aitzinera, kendu eginen dituzte AP-1eko ordainsari guztiak; tartean, Armiñongoa.

Ez da bakarra izanen: Abalos ministroak adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren jabetzakoak diren autobideak doakoak izanen dira horien kontzesioak amaitu eta gobernuaren eskuetara itzuli ahala. Oraingoz, legealdi honetan iraungitzekoak diren kontzesioei soilik eraginen die neurriak, baina Pedro Sanchezen gobernuak erabakiko balu erabakia luzatzea, Hego Euskal Herriko beste autobide bati ere eraginen lioke: Bizkaia, Araba eta Nafarroa lotzen dituen AP-68 autobideari. Kasu horretan, baina, 2026an amaituko da kontzesioa. Aitzitik, neurri horretatik kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzarenak eta Nafarroako Gobernuarenak diren Euskal Herriko autobideak (AP-1 AP-8 eta AP-15), bi erakunde horiek antzeko neurri bat hartzen ez duten bitartean behintzat.

Azaroaren 30era arte, Europistas enpresak du AP-1 autobidearen kontzesioa Espainia eta Araba arteko zatian. Armiñonen du azken ordainsaria autobide horrek, eta opor garaien amaieran auto ilara luzeak sortu ohi dira. Autobideak kudeatzen dituzten enpresen patronalaren ustez, ordea, doakotasunaren neurriak ez du zirkulazioa murriztuko. Kontrara: AP-1eko trafikoa «kolapsatu» eginen dela uste dute, kamioi astunen trafikoa handituko baita.

Abalos ministroaren esanetan, baina, Espainiako Gobernuak ez ditu kontratuak gehiago luzatuko: «Legealdi honetan bukatzekoak diren kontzesioak ez ditugu berrituko. Erabilera libre eta doakoa izanen dute aurrerantzean».

Armiñongo autobidearen ondoren, doakotasunaren aldeko neurriak Herrialde Katalanei zuzenean eraginen die, 2019. eta 2021. urteen artean amaituko baitira AP-2 eta AP-7 autobideetako kontzesioak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.